Docutec Card

Arrautzei buruzko jakingarriak

Arrautzak hizpide, hona hemen jaki honi buruzko hainbat jakingarri. Honetaz gain, arrautzekin tentuz nola jokatu jakin dezazun zenbait gomendio ere aurkituko dituzu. Horretarako, ordea, ariketa egin egin beharko duzu.

Arrautza handiak hobeak dira?
Guztiz bestela da: zenbat eta handiagoa arrautza, orduan eta kalitate gutxiagokoa. Oiloa zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta arrautza handiagoak erruten ditu, eta arrautza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta meheagoa eta hauskorragoa du azala, eta gutxiago isolatzen du.


Gorringoa zenbat eta gorriagoa, orduan eta hobea da arrautza?
Gorringoaren koloreak ez du zerikusirik ez kalitatearekin, ez zaporearekin; ekoizlearen esku egoten da askotan gorringoaren kolorea: oiloen pentsuari karoteno pigmentuak botatzea aski du kolorea manipulatzeko.


Hain elikagai ona da arrautza?
Bai, elikadura aldetik balio handia du arrautzak, eta kaloriak, berriz, gutxi (150 kaloria, ehun gramo bakoitzeko). Ezaugarri horrek are mesedegarriago egiten du arrautza, eta, adibidez, pisua kontrolatzeko egiten dituzten dietetan ere jartzen dute. Haur batek edo gorputz ertaina duen pertsona batek hiru edo lau arrautza jan behar lituzke astean, eta gorputz handia duen batek edo ariketa asko egiten duenak, sei edo zazpi ere bai. Elikagaien artean, arrautzak ditu balio biologiko handieneko proteinak (osagai guztien % 13 dira proteinak), haragiarenak baino osatuagoak, proportzio egoki-egokian biltzen baititu zortzi aminoazido oinarrizkoenak. Gantzak % 10 ditu eta horietatik, % 32 soilik dira saturatuak. D bitamina, esaterako, oso egokia du gantz gutxiko dietak egin behar dituztenentzat. Mineralen alderdia ere aipagarria du, eta, besteak beste, fosforoa, sodioa, potasioa eta zinka nabarmendu behar dira, eta selenioa ere bai.


Kolesterol asko dauka arrautzak?
Bai, baina lehen uste izaten zen kolesterol asko daukaten elikagaiek handitu egiten dutela plasma kolesterol osoa, baina eragina ez da hainbestekoa. Arrautzak, berez, gantz osasungarriak ditu. Gainera, lezitina ere badu, eta gai horrek odolean eusten dio kolesterolari, eta ez dio uzten arterien paretetan pilatzen. Arrautza neurrian jan behar dute hiperkolesterolemia dutenek, baina ez dute zertan arrautza jateari utzi.


Arrautzari alergia dioten haurrak
Urtebetetik bi urte bitarteko haurretan, arrautza da elikagairik alergenikoena. Alergia mota hori dutenek ezin dute arrautzarik jan, baina ez da hor bukatzen horien arazoa, arrautza ez janagatik ere, hainbat eta hainbat elikagai egiteko erabiltzen baitira arrautza bera eta haren osagaiak; beraz, zaila gertatzen zaie inolako arrautzarik gabeko dieta egitea. Zorionez, bi edo hiru urte egin ondoren, arazoa gainditu eta haur gehienek jan ahal izaten dute arrautza.


Zergatik daude omega 3 motako arrautzak?
Urte askoan esan izan delako arrautzak kolesterola igotzen duela, eta itzal hori gainetik kendu nahian, arrautzak dituen gantzen izaera aldatu nahi izan du elikadura-industriak, eta bai lortu ere; teknologiari esker, omega 3 gantz azidoen kontzentrazioa handitu dute, horiek mesede egiten baitiote osasun kardiobaskularrari. Eta nola egin duten hori? Oilo pentsuen osagaiak aldatuta (arrain olioak, algak edo liho haziak nahasten dizkiote pentsuari, horiek berezkoa baitute omega 3 gantza).


Arrautzaren koloreak badu zerikusirik kalitatearekin?
Azalaren kolorea zuria edo ilunagoa izan daiteke, oiloa zein arrazatakoa den. Koloreak ez du inolako zerikusirik kalitatearekin edo zaporearekin.


Oiloen ongizatea?
Oiloek libre ibili nahi dute, lurreko jakiei mokoka, lumak dotore-dotore jarri, lur bainuak hartu, makila baten puntara joan arriskuren bat ikusten dutenean, eta beren habia ere egin nahi izaten dute, arrautzak han erruteko. Kaiolan dauden oiloek, ordea, ez dute halako zorionik, eta, hain justu, merkatuko arrautzarik gehienak oilo kaiolatuek jartzen dituzte. Gehienak bai, baina ez guztiak. Landako arrautzak ere hor daude, oilo askeen emaitza. Egokitu gabeko kaiolak erabiltzen dituzten oilo haztegietan (legez kanpo geratuko dira 2012. urtean), hegazti bakoitzak 550 cm koadroko eremua du beretzat (folio bat baino gutxiago). Kaiola egokituak erabiltzen dituzten haztegietan ere ez dute askoz leku gehiago: 600 cm koadro.

Lurrean hazitako oiloak, berriz, pabiloietan edukitzen dituzte: bederatzi hegazti, metro koadro bakoitzeko; beraz, 1.100 cm koadro uzten dizkiote oilo bakoitzari, kaiolan halako bi. Produkzio sistema, ordea, ez da hain makurra oilo guztiekin, eta eskuzabal jokatzen du landa oiloekin. Eremu ireki batera sartzeko modua izan behar dute landa oiloek, nahi dutenean hara joan ahal izateko, nahiz eta ekoizleek mugak jar ditzaketen hor ere (goizetan harako sarbidea itxita eduki dezakete tarte batez). Eremu libre horietan, lau metro koadro eduki ditzake oilo bakoitzak, gehienez ere (kaiolan dagoen batek halako 67, eta lurrean hazitako batek halako 36). Landako arrautzak erosita, beraz, oiloak hobeto egon daitezen lagunduko dugu. Zertxobait gehiago ordainduta, betiere, landako arrautzak, pentsatzekoa den bezala, besteak baino garestiagoak baitira, ez, ordea, irudi lezakeen bezain garestiak. Landako arrautza bakoitzak (L edo M neurrikoak dira beti) 0,23 euro balio du, batez beste, kaiolan hazitako oiloek jartzen dituzten arrautzarik handienek (XL) baino zentimo bat gehiago, eta lurrean hazitako oiloenek baino lau zentimo gehiago; ohiko arrautzekin alderatzen baditugu, ordea, aldea nabarmenagoa da (L neurrikoek 0,14 euro balio dute, eta M neurrikoek 0,13 euro). Prezioan badago aldea, bai, baina elikadura osagaietan ezta bat ere. Landako arrautzen balioa ez dago elikadura alderdietan, ikuspegi kultural eta ekologikoan baizik: landan hazitako oiloak hobeto bizi dira.


Arrautza frijituek asko gizentzen dute, eta traba dira digestioa egiteko
Digestioa egiteko erraztasuna edo zailtasuna norberaren baitan dago, eta arrautza prestatzeko moduak ere badu zerikusia. Arrautza egosia janda errazago egingo dugu digestioa, arrautza frijitua janda baino. Arrautza frijituak zertxobait gehiago izaten du gantza, baina ez jendeak uste duen bezainbeste, zartaginera olio asko botata ere, arrautzak ez baitu oliorik xurgatzen muga batetik gora. Arrautza frijitu batek, olioa ongi kendu ondoren, 35 kaloria gehiago ematen ditu arrautza egosi batek baino.


Gordinik gehiago elikatzen dute
Hori ez da hala. Arrautza gordina ez da lehen uste zen bezain elikagai ona, eta, gainera, arriskutsua da, salmonelarik izango balu, toxikatu egingo ginatekeelako (beroak, ordea, jarduerarik gabe uzten du bakterioa).

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 16, 2008
Number: 397402
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5110