Docutec Card

Inteligentzia artifiziala planetaren salbatzaile?

Gure etorkizunean eragin handiena izan lezakeen arazoa da klima-aldaketa. Horren inguruko aurreikuspenak pozgarriak ez diren arren, zientzialari-talde batek uste du teknologiak ekar lezakeela konponbidea.

Juanjo San Miguelek, nazioarteko gaietan aditua den kazetariak, kontatuko digu zertan lagun lezakeen inteligentzia artifizialak munduak dituen arazo eta erronkei konponbidea ematen.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Klima-aldaketa munduan eta gizateriaren etorkizunean eragin handiena izan lezakeen arazoa da. Eguneroko albisteak eta aurreikuspenak entzuten ditugu, normalean txarrak. Orain, berriz, zientzialari-talde batek uste du teknologiak ekar lezakeela konponbidea. Juanjo San Miguel. 
JUANJO SAN MIGUEL. 2015ean mundu guztiko 8.000 zientzialarik eskutitza idatzi zuten adimen artifizialaren arriskuez herritarrak ohartarazteko. Orduan zioten makinak, teknologia... arriskutsuak izan zitezkeela, eta gure espeziea bera hondamendira eraman zezaketela. Stephen Hawking fisikariak iritzi hori zeukan; berak zioen adimen artifizialak izan litekeela giza arrazari gerta zekiokeen onena edo txarrena.
            Orain, berriz, ikerlari- eta zientzialari-talde batek Ekonomia Mundu Foroan argitaratu duen idatzian dio adimen artifiziala bere tresna guztien bidez –big data, algoritmoak eta kode irekien garatzaileen bitartez– arazo larrienen konponbidea izan litekeela eta, bide batez, planeta salbatu lezakeela. Horretarako, 8 arlotan lagundu gaitzakete aurrerapen teknologikoek: auto elektriko eta autonomoen arloan, energia-sare berrietan, nekazaritza adimentsuaren bitartez, eguraldi-iragarpen zehatzagoak eginez, hondamendi naturalei erantzun hobeak emanez, hiri elkartu eta jasangarriak eraikiz, gardentasun digitala eta zientzia garatuz. Teknologia ondo erabilita, diote aditu hauek, gaur egun konponezinak diruditen arazoak bideratu litzake.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 19, 2019
Number: 39392359
Source:
Duration: 00:01:32
Number of visits: 475