Docutec Card

Osoko ogia: Dena egia al da?

Laster, ogiaren kalitateari buruzko legedia berrituko dute, eta horren arabera osoko ogi gisa saldu ahal izateko, ogiak osoko irinarekin bakarrik eginda egon beharko du.

MAMI ASKO DUTEN GEZURRAK
Osokoak edo artisau erakoak direla dirudi, baina ogirik gehienak ez dira sail horietakoak. Ogiaren kalitateari buruzko legedia berritu egingo dute berehala, eta bukatu egingo da industriak urteetan erabili duen jokabide iruzurtia: etiketak esaten zuenarekin bat ez zetozen produktuak jaten aritu dira milioika herritar Espainiako estatuan.

Ia "bizitza osoa" daramagu osoko ogia janez, eta haren itxura eta zaporea garbi-garbi gordeak ditugu memorian. Baina baliteke usteak erdi ustel izatea oraingoan ere, eta ustez hala zena --ogi horiek osoko irinarekin eginak daudela -- ez hala izatea. Gaur egun indarrean dagoen araudiaren arabera (1984koa da), ogi bat osokoa izan dadin, ale osoko irinarekin egina egon behar du. Ez du ehunekorik zehazten, eta horretaz baliatuz, osoko gisa merkaturatzen diren produktu askok egiaz oso kopuru txikietan izaten dute osoko irina, edo batere ez.
Ogi horiek, berez, nagusiki irin finduekin eginak egoten dira (gari irinarekin edo besteren batekin) eta gehigarriak erabiltzen dituzte ilundu eta "osokoaren" itxura emateko. Hori, jakina, kontsumitzaileari iruzur egitea da.

Kontsumitzaileak askotan ez dira ohartu ere egiten, baina bitxia da, zeren ogi horien kolorea ere ez baita osokoarena: "Osoko ogi baten kolorea zuritik beixerakoa izaten da. Erne, ez baita izaten marroi iluna. Malta txigortua edo melaza eransten diote kolore hori har dezan, jendeak uste baitu marroia osokoa dela, eta ez da hala", adierazi du Iban Yarza, kazetaria eta idazlea (elikagai estimatu honen inguruko hiru libururen egilea da).

Osoko aletik datorren irina baino ez

Laster onartuko duten Errege Dekretuak bukarazi egin beharko lituzke orain arteko jardunbide desegoki horiek: araudi berriaren arabera, osoko ogi gisa saldu ahal izateko (edo "ogi % 100 osokoa" izenarekin), osoko irinarekin bakarrik egina izan beharko du (berdin du gari irina den, zekale irina edo beste zereal batena). Eta portzentajea txikiagoa denean, esan egin beharko du zein ehunekotan duen osoko alearen irina (eta produktua izendatzeko darabilen letra mota berarekin egin beharko du, eta lodiera eta kolorea berberak izan beharko ditu); segidan, ogia egiteko erabili duen zerealaren izenak agertu beharko du ("osoko ogia % 80an, % 60an...").

Osoko irinak, bestalde, alearen hiru zatiak eduki beharko ditu: zahia, endospermoa eta hozia, eta ez lehenbiziko biak bakarrik, gaur egun ohikoa den bezala. Zahia kanpoko geruza izaten da (alearen % 13 inguru hartzen du, eta ugari ematen du zuntza); endospermoak, berriz (% 85 inguru), almidoia biltzen du eta, ondorioz, glukosarik gehiena ere han izaten da. Hoziak izaten ditu mantenugairik eta mineralik gehienak (haziaren ernamuina da, eta % 2-3 hartzen du): B eta E bitaminak, kaltzioa, fosforoa, potasioa, magnesioa eta Omega-3, besteak beste. Hori hala izanik ere, gehienetan kendu egiten diote, errentagarritasun kontuengatik beti: igo egiten du ogiaren prezioa, eta lehenago iraungitzera eramaten du irina (hilabete batzuetan), nahiz eta egiaz -bitxia da hori- osoko ogiak luzaroago irauten duen fresko.
Nahiz eta orokortua dagoen, esan liteke iruzur bat eta engainu bat dagoela etiketan", nabarmendu du Enrique Garciak, OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteko bozeramaileak. "Egungo araudiak esaten badu osoko irinaren ezaugarria dela gari hozia edukitzea, osoko ogiak eduki egin behar luke. Eta ez badauka, ez dezake izen hori hartu".

Adituen esanetan, guk jaten dugun irinik gehiena ekoizten duten lantegiak irin zuria lortzeko diseinatuta daude, eta hortxe dago arazoa. "Horrek esan nahi du, prozesuaren hasieran, bereizi egiten dituztela alearen hiru zatiak, kendu egiten dutela hozia eta berriz konbinatzen dituztela; horrela lortzen da guk erabiltzen dugun gezurrezko irin zuri hori, eta han eta hemen gehien zabaldu dena ere horixe da", azaldu du Yarzak. Garai batean (eta egun ere bai leku bakan batzuetan), bi errotarriren artean zapaltzen zuten zereala, eta irinak berekin izaten zituen bere osagai eta propietate guztiak.

www.revista.consumer.es web ataritik hartutako testua.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Feb 18, 2019
Number: 39336314
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 760