Docutec Card

Argia eta gasa etxez etxe saltzea debekatu da

Elektrizitatea eta gasa merkaturatzen duten enpresek debekatuta dute atez ate kontratatzea, non eta kontsumitzaileak, aldez aurretik, bisitaldia espresuki eskatu ez duen. Gobernuak erabaki hori sartu du trantsizio energetikorako neurri urgenteei buruzko Errege Lege Dekretuan,

Etxez etxeko bisitaldiak egiten dituzten komertzialen iruzur-jardunbideak ohiko bihurtu dira gure artean. Seguru inoiz txirrina jo dizutela argiaren faktura merkatuko lukeen tarifa-aldaketa eskaintzeko. Inoiz onartu baduzu, ordea, kontu korronteari begiratzean ohartuko zinen prezioa ez dizutela murriztu, eta, hori gutxi balitz, beste konpainia batek kobratu dizula. Konpainia aldatu dizute, abisatu gabe eta iruzur eginez!

Horrelako ekintzekin horixe lortu nahi dute, hain zuzen, zu konpainiaz aldaraztea alegia, askotan zuri horretaz jabetzeko aukerarik ere eman gabe. Batzuetan, mantentzearen edo aparteko beste zenbait zerbitzuren ordainketa ere sar dezakete kontratuan. Horrelako jardunbideek iruzur eta engainu ugari dakartzate berekin, adineko pertsonen artean bereziki, atez ate produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituztenek badakitelako errazagoa dela pertsona horiei iruzur egitea. Alabaina, urriaren 6an Errege Lege Dekretu bat argitaratu zen, elektrizitatea eta gasa merkaturatzen duten enpresei metodo horri jarraikiz kontratazioak eta publizitatea egitea debekatzeko.

Publizitatea eta kontratazioak debekatu dira

Araudiak ezartzen duenez, argi- eta gas-enpresek ezin izango dute beren produktuei buruzko publizitaterik edo kontrataziorik egin etxez etxeko bisitaldietan, non eta kontsumitzaileak, bere ekimenez eta aldez aurretik, hitzordua eskatu ez duen. Hemendik aurrera konpainiek aukera izango dute oraindik legezkoak diren aukerak erabiltzen jarraitzeko, esaterako, kontratazioak egiten telefonoz edo merkataritza-guneetan zein beste toki batzuetan kokatutako informazio-guneen bitartez. Bestalde, bezeroak saltzailea bere etxera gonbida dezala ahalegintzeko aukera dute.

Gomendioak

- Ez utzi inor zure etxean sartzen, aldez aurretik haren zerbitzua eskatu ez baduzu.
- Gas- edo elektrizitate-konpainia aldatu nahi baduzu, lehenik eta behin, aztertu zure faktura: fakturazioaldia, kontratatutako tarifa, aparteko zerbitzuak, etab.    Horrela jakingo duzu zure premietara ondoen egokitzen den zerbitzua zein den.
- Saihestu presio komertziala: eskatu informazio guztia idatziz, arretaz irakurtzeko. Pentsatu eskaintzen dizuten hori benetan behar ote duzun, eta konparatu beste aukera batzuekin.
- Ezer sinatu baino lehen, aztertu eskaintza patxadaz, eta, zerbait ulertzen ez baduzu, galdetu.
- Ez eman inoiz inori faktura bat edo zure egungo kontratuari buruzko informazioa eta datuak ematen dituen dokumenturen bat.

Kontratu bat sinatzen baduzu

Kopia bat eman behar dizute, kontratatutako zerbitzuei buruzko informazioa barne.
-  Gainera, komertzialarekin zure helbidean bisitaldi bat hitzartzen baduzu, dokumentu bat eman behar dizute, non argi eta garbi adieraziko den kontratua bertan behera uzteko eskubidea duzula, azalpenik eman gabe eta inolako zigorrik gabe.
Kontratua sinatzen duzunez geroztik 14 eguneko epea duzu kontratua bertan behera uzteko. Gogoratu zuk zeuk frogatu behar duzula kontratua epearen barruan bertan behera utzi izana. Bidalketa-data eta haren edukia egiaztatzen duen kanal bat erabili: gutun ziurtatu bat, burofax bat edo mezu elektroniko bat, esate baterako.

 www.kontsumobide.eus web ataritik hartua. Kontsumobide aldizkaria 34. zenbakia.

 Euskadi Irratiko Amarauna saioko audio honetan gaiari buruzko xehetasun gehiago.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 11, 2019
Number: 38513135
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 365