Docutec Card

Liburu kuttunak

Liburuei buruz hitz egiten du kazetari batek bideo honetan: zer liburu ari den irakurtzen, bere gustuko idazleak nor diren, bukatzeke utzi dituen liburuak... Liburuen inguruan, zuk ere izango duzu zer kontatua, ezta?

Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko kirol-kazetariak goiko galdera horiei eta gehiagori erantzuten die Euskal Telebistako bideo honetan.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Esku artean dudan liburua

Momentu honetan 3 liburu ari naiz irakurtzen. Beti, aldi berean, liburu bat baino gehiago irakurtzea gustatzen zait, bat astuna eginda ere.
Bueno, bat oso gustura irakurtzen ari naiz. 25 urte edo badira lehendabiziko aldiz argitaratu zena: Otto Pette. Liburu hori irakurtzerakoan, beti oilo-ipurdia jartzen zait eta hori berritu nahirik nabil Anjel Lertxundirekin. Gero, Cotarelo irakasleak España quedó atrás, liburu hori atera zuen, gehienbat aurreko urtean Katalunian izan zen prozesu hori eta gero Espainiaren azpi ustel hori azaltzera emanik. Eta gero, ba Torrealdaik atera duen Asedio al euskera, nahiz eta mingarria egiten zaigun eta sufritu egiten den irakurtzen, bueno ba aldi berean, momentu honetan hiru, hiru horiekin ari naiz.

2. Nire egile kuttuna
Egile kuttunetako bat, egia esan, bat aukeratzea ezinezkoa egiten zait, baina Anjel Lertxundi oso gustura irakurtzen dut, beti gertatu izan zait. Pako Aristik ere noiz zerbait aterako zain egoten naiz. Iñigo Aranbarri bera ere bai; Urola alde horretatik etorritako idazle onak badira. Eta gero kanpoan, Vázquez Montalván oso gustukoa nuen. Eta oraindik ere bere libururen batzuk berritzen ditut: Le maître… Haruki Murakami korrikalari sutsua oso gustura irakurtzen dut. Eta Gay Talese bera ere bai. Eta Eskandinaviako edozein; eta nobela beltza baldin bada, are eta gusturago.

3. Saiatu arren, bukatu ez dudan klasikoa
Izan dira, izan dira sufrimendu handia eragin didaten liburuak. Eta irakurri gabe utzitakoak? Bueno ba, esan beharko banu, klasiko bat galdetzen badidazue, azkenean egoskorkeriaz besterik ez bada, irakurri izan dut asko kostatu izan zaidan hori ere: sufritu izan dut. Onartu behar dut Ramon Saizarbitoriak atera dituen azkenekoekin behintzat dezente sufritu dudala, eta bukatu gabekorik ere bada tartean.

4. Oparituta dudan azken liburua
Oparitutako azken… liburuak esango nuke. Semeari, 13 urte ditu; bueno, aurreko urtean La isla del Tesoro euskaraz eta erdaraz oparitu nizkion, Stevenson-en klasiko hori, eta gero Eskularru beltzak, Jasone Osororen liburua. Emazteari Ali y Nino oparitu nion, Kurban Said-en liburu klasiko bat, betiko bat, irakurtzea merezi du. Zeinen zaila gertatzen zaien Ali musulmanari eta Nino katolikoari harreman hori egitea, Azerbaijan-en, Armenian: azken batean, Europaren ekialdea, mendebaldea elkartzen diren une horretan.

5. Zergatik irakurtzen dut
Bueno, erraza litzateke esatea. Zergatik irakurri? Mundu honetako miseria askori ihes egiteagatik, ezta? Ez, ikasteagatik ere bai, hizkuntza aberasteagatik: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez zerbait, baina bereziki euskara hori aberasteagatik. Ondo pasatzeagatik, gauza berriak ikasteagatik: ikasteko gogo hori etengabe eduki behar da, eta liburuak dira, niretzako behintzat makulurik inportanteena.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 5, 2019
Number: 38044326
Source:
Duration: 00:02:51
Number of visits: 255