Docutec Card

Arropa jasangarriaren gakoak

Egungo gizarte-ereduan arropa-tonak ekoiztu, kontsumitu eta baztertzen ditugu egunero, horrek sortzen dituen kalteez jabetu gabe. "Moda mantsoak" beste ikuspegi bat dakar, eta modu kontzienteagoan, jasangarrian eta solidarioan erostera bultzatzen gaitu.

MODA AZKAR, PLANETA GAIXO

Etxean gero eta arropa gehiago daukagu eta gero eta gutxiagotan erabiltzen dugu. Banatzaile handiek kontrolatzen duten merkatu honetan, gero eta abiada handiagoan datoz denboraldiak bata bestearen atzetik, eta sortzen den hondakin-kopuruak eta horiek birziklatzeko zailtasunak bigarren lekuan jarri dute oihalgintzako industria kutsatzaileenen sailkapenean, petrolio industriaren ondotik. ‘Moda mantsoak’ beste ikuspegi bat dakar, eta modu adimentsuan, jasangarrian eta solidarioan erostera bultzatzen gaitu. 

Azkeneko joeren arabera janztea, diseinu dotoreekin eta diru gutxirekin. Dogma horixe dauka fast fashion delakoak, eta horrexek agindu du oihalgintzako industrian azken hamarkadetan. Primark, Zara, Mango eta gisako erraldoiek oso ongi islatzen dute zer den moda eskuragarri, arrakastatsu eta erakargarri hori, zeina, aldi berean, oso kaltegarria den planetaren iraunkortasunerako, horrek eragiten baitu ibai eta itsasoen kutsaduraren % 20, karbono dioxido isurien % 2 eta ur kontsumoaren % 6 eta % 8 artean. Erakunde asko ari dira salatzen zer-nolako baldintzetan lan egiten duten enpresa horietako langileek. Azken batean, ingurumenaren ikuspegitik eta ikuspegi sozialetik kostu izugarriak dituen jarduera da; ildo horretan, aski adierazgarria da arropa ekoizpenaren bilakaera: 2000. urtean, 50.000 milioi arropa ekoizten ziren, eta 2015ean, berriz, 100.000 milioi, Ellen MacArthur Fundazioak emandako datuen arabera.

Espainiako Estatuko herritar bakoitzak urtean, batez beste, 450 euro gastatzen ditu arropatan. Kontsumo masiboa da, baina jantzi bakoitzari ematen diogun erabilera erdira murriztu da azken bost urteetan, halaxe dio Celia Ojedak, Greenpeace España erakundeko kideak. Oihalgintzako hondakinak ere ugaritu egin dira: pertsona bakoitzak zazpi eta hamar kilo artean sortzen ditu urtean (Europako Batasun guztian, 16 milioi tona urtean). Oso gutxi birziklatzen dugu, % 25 baino ez, eta erraza ere ez da gainera, nahasian izaten baitituzte zuntz naturalak eta sintetikoak.

Bilboko Truca Rec elkartean arropa modu sortzailean berrerabiltzen dute.

Hondakinen kontua, dena den, ez da mugatzen tinduek dituzten osagai kimikoetara eta zaborretan bukatzen duten oihaletara; arropa batzuk poliesterrez eginak egoten dira (elementu hori ez da biodegradagarria), eta hondakinak askatzen dituzte garbialdi bakoitzean, eta itsasoraino iristen dira; hortik, jakina, kate trofikoan sartzen zaizkigu.
Eredu jasanezin horri aurre egiteko, beste era bateko moda bat sortu da, berdeagoa eta solidarioagoa, eta kontsumo kontzienteagoa egitea galdegiten du, ekologikoagoa eta planetarekin ardura handiagoz jokatuko duena. Slow fashion esaten zaiona da (moda mantsoa). Ekonomia zirkularraren alde egiten du, eta arropa berrerabiltzea sustatzen du, kutsadura murriztea eta lehengai jasangarri eta kalitatezkoak erabiltzea; langileei eta hornitzaileei, berriz  (tokikoak izatea litzateke egokiena), soldata eta lan-baldintza duinak bermatzeko ahalegina egiten du.

BEHAR DUZUNA BAINO EZ

Gure armairua jasangarriagoa izateko lehen pausoa aski erraza da: gutxiago erosi behar da, eta egiten dugunean, "gogoeta egin behar dugu gure erosketak dituen ondorioei buruz, bai kutsaduran eta baita lan-baldintza duinetan ere", adierazi du Gema Gomezek, Slow Fashion Next ekimenaren sortzaileak. "Geure buruari galdetu behar diogu non egiten duten arropa hori, zer nolako materialekin...", erantsi du Natalia Castellanosek, Altrapo Lab gizarte kooperatibako koordinatzaileak. "Ondoren, informazioa eskuratu behar dugu; etiketak irakurri, dendetan galdetu. Eta azkenean, esku hartu behar da kontsumo masibora garamatzan zurrunbilo horretatik ateratzeko, bigarren eskuko aukerak bilatu, arropak trukatu eta, jakina, arropa jasangarria egiten duten marka eta dendetara jo". Ez ditzagun ahaztu honako galdera hauek ere: egiaz behar dut edo prezio ona duelako bakarrik ari naiz erosten? Zenbat alditan jantziko dut? Onak al dira materiala eta joste-lana?

Ariketa hori eginez gero, jarrera kritikoagoa eta kontzienteagoa hartuko dugu erosteko garaian. Baina lehengaiak kalitatezkoak izan behar badute, soldatek bidezkoak eta ingurumena errespetatu egin behar bada, horrek guztiak eragina izango du azken prezioan, eta kontsumitzaileak ez du nahi halakorik. "Egia da garestiagoa dela, baina garaia heldu da kalitatea lehenesteko kantitatearen ordez", azaldu du Castellanosek.
Moda Lopezen ustez (AMSE Moda Jasangarriaren Espainiako Elkarteko lehendakaria da), ohiko modaren prezioa da egiazko arazoa, ez baita etikoa: "Kamiseta baten truke ordaintzen dugunarekin, Asian hura josten aritu denak ez du ia ezer jasotzen. Moda jasangarria etikoa da, soldata duina bermatzen duelako". Gutxiago eta hobeto kontsumitu behar da: oihal organiko edo birziklatuak, eta ahal dela inguruan ekoitziak, karbono arrastoa ahalik eta txikiena izan dadin. "Kontua ez da gauza jasangarriak garestiak direla, kontua da oso merkea dela jendea esplotatzea", baieztatu du Gomezek. "Sinetsarazi digute hilean hamar kamiseta eros ditzakegula 5 euroan eta horrek ez duela inolako ondoriorik".

ww.consumer.es web ataritik hartutako testu-zatia.

EITBko orrialde honetan gaiari buruzko bideo bat duzu ikusgai.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Feb 5, 2019
Number: 37659573
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1041