Docutec Card

CIC nanoGUNE: 10 urte txikiaren erronka handitzen

Nanozientzien ikerketa-zentroak, CIC nanoGUNEk, ateak zabaldu zituenetik 10 urte pasatu dira. Arrakastaz egin du orain arteko bidea, eta etorkizunean ere nanoteknologiak ekarpen garrantzitsuak egingo dituela iritzi diote arduradunek.

10 urteko ibilbidean egin dituen aurrerapenak, eta etorkizunerako dituen erronkak aipatzen dira, besteak beste, Euskadi Irratiko entzungai honetan.                                                                      

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA. Atomoak eta molekulak: materiaren eskala (eskalarik) txikiena. Eta eskala horretan lan egiteko ahalmena. Orain dela bi hamarkada eskas lehertu zen nanozientzia eta nanoteknologiaren iraultza. Eta haren bitartez gero eta ate gehiago ari gara zabaltzen. Txema Pitarke, Nanoguneko Zuzendari Nagusia da.
TXEMA PITARKE. Nanoteknologiari esker ditugu gaur egun ditugun dispositibo edo gailu elektronikoak. Beste hainbat arlotan materialetan erabiltzen ari gara nanoteknologia. Eta etorkizunean pentsatzen dugu honek eragin handia izan behar duela medikuntzan. Medikuntzan, bai diagnostikoan bai botika-garraio kontrolatuan…
ESATARIA. Iraultza global horretan bere lekua egin du Nanogunek. Duela hamarkada bete zabaldu zituen ateak Donostian lelo bati eutsita: txikiaren erronka handia.
TXEMA PITARKE. Batetik, nanozientzia txikiaren zientzia da (delako); horregatik. Baina ez hori bakarrik. Baita Nanogune herrialde txiki bateko zentro txikia da. Eta orduan, bada, guretzako, leku bat topatzea hemen ezagun eta berezi egingo gaituena, bada, halako esparru bat topatzea, bada, guretzako erronka handia da.
ESATARIA. Mundu osoko ikertzaile mordoa erakarri dute 10 urteotan, artikulu zientifiko ugari argitaratu, nazioartean oihartzuna lortu, patenteak erregistratu eta enpresekin elkarlana sendotu. Uneotan teknologiaren transferentzia da, Pitarkeren ustez, Nanogunek duen erronka nagusia.
TXEMA PITARKE. Zientzian egin dugun ekarpenak eman digun posizionamenduari esker, izan behar dugu gauza hori enpresetara eramaten, ezta?: eta hau da teknologia-transferentzia. Hortxe daukagu erronka handia; orain arte asko egin dugu baina oraindik asko egiteko daukagu. Enpresekin harremanetan jarraitzea, harreman berriak sortzea, eta guk ere sortu ditugun enpresak kontsolidatzea (sendotzea).
ESATARIA. Bost dira orain arte Nanoguneren gerizpean sortu diren enpresak, eta seigarren baten sorreran ere parte hartu berri dute. Graphenea izan zen aurrenekoa; grafenoa material nahiko berria da, erresistentzia handikoa, eroale ona, eta oro har, propietate oso erakargarriak dituena. Eta grafenoaren olatua hartzen asmatu du Nanogunek.
TXEMA PITARKE. Gu grafenoan adituak gara. Eta orain enpresa hau, Graphenea, bada, grafenoaren ekoizpenean eta komertzializazioan ere nagusia da, ezta? Hau da, merkatu-kuota oso handi batekin mundu osoan. Eta orduan, neurri horretan, bada harri bitxia, baina ez da bakarra.
ESATARIA. Graphenea harri bitxia da, eta harri bitxi bihurtzeko bidean daude ere Simune eta Zitek nano-enpresak, simulazioen eta estaldura atomikoen alorrean dihardutenak, hurrenez hurren. Eta gainerako enpresak ere helduko dira ziur datorren hamarkadan. Urte askoan, Nanogune!
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 30, 2019
Number: 37587470
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:02:51
Number of visits: 326