Docutec Card

Presio-ultzerak (II)

Maider Ugartemendia erizaina da eta Psikopatologiako irakaslea Donostiako Erizaintza Eskolan (EHU). Horrez gain, Zorroagako zahar-egoitzako erizaina da.

 
Baliabide materialen garrantzia
Gaur egun ez dago zalantzarik baliabide materialak eraginkorrak direla bai prebentzioan eta baita tratamenduan ere; hala ere, kontuan izan beharko genuke zainketa hauek aplikatzeak bakarrik ez dituela arazo guztiak ekiditen, eta beharrezkoak direla bestelako neurri orokorrak: larruazalaren higiene egokia, ondo elikatzea, gorputz-jarrerak aldatzea...

Baliabide materialen erabilerak gorantz egin du azken urteotan; bereziki, erizainen eta osasun-langileen kontzientzia-hartzeari eta esperientzia praktikoari esker. Bestetik, nahiz hasieran baliabide materialek diru-gastu garrantzitsua suposatu, denborarekin "giza inbertsiotzat" jo daitezke. Hori frogatzeko, presioagatiko ultzeren urtez urteko eboluzioa ikustea besterik ez dago. Zahar-egoitza batzuetan, esate baterako, urtean izandako presioagatiko ultzeren batez bestekoa kalitatearen adierazletzat daukate.

Baliabide materialen artean, presioa gutxitu edo ekiditen dutenak dira gehien erabiltzen direnak: koltxoiak, kuxinak eta pazientearen jarrera-aldaketa egokiak errazten dituzten azalera bereziak. Baliabide hauen erabilera egokia egiteko, beharrezkoa da, lehendabizi, pazientearen arrisku-maila baloratzea eta, horren arabera, dituen beharretara egokitzea. Azalera berezien artean bi mota bereiz daitezke: estatikoak eta dinamikoak.

Pazienteak jarrera-aldaketak egiteko gaitasuna duenean eta ultzerak garatzeko arrisku-maila baxua denean erabil daitezke azalera estatikoak. Pisu-banaketa egokia eta larruazalarekin kontaktuan dagoen azalera handiagoa izatea ziurtatzen dute, presioa gutxituz. Gehien erabiltzen direnak honako hauek dira: airezko koltxoi edo kuxin estatikoak, koltxoi edo kuxin biskoelastikoak, silikona-zuntzezko koltxoi edo kuxinak eta aparrezko koltxoi edo kuxinak. Eraginkorrak dira baita ere "puzzle" tankerako koltxoiak; horiek, nahiz azalera estatikoak kontsideratu, arrisku-maila handia duten pazienteekin ere erabil daitezke.

 
 "Puzzle" tankerako koltxoia

Azalera dinamikoak, berriz, pazienteak jarrera-aldaketak egiteko ezintasuna duenean eta ultzerak garatzeko arrisku-maila handia duenean erabiltzen dira. Presio-puntuak ez dira konstante mantentzen, hau da, nahiz pazientea jarrera berdinean mantendu, azalerarekin kontaktuan dagoen larruazalak ez du presio bera jasaten denbora guztian; ondorioz, presio gutxiago antzematen du pazienteak. Erabiltzen diren azalera dinamikoak dira airea aldizkatzen duten koltxoi edo kuxin dinamikoak eta alboko jarrerarako ohe bereziak.

 
Koltxoi dinamikoak

Presioa gutxitu dezaketen beste material batzuen artean erabilgarrienak dira jarrera-aldaketa egokiak egiteko polietilenozko azalera berezia (ikusi irudia) eta zenbait gunetan ipin daitezkeen babesak (galtzerdiak, aparrezko aposituak...).

 

Sendaketa lokala
Presio-ultzeren tratamenduan sendaketa lokala da kontuan izan behar den beste alderdi garrantzitsuetako bat. Tratamendu lokala presio-ultzeraren fase, itxura eta pazientearen egoera orokorrean oinarrituta aukeratu behar da. Horretarako, ultzera baten aurrean erizainak lortu nahi deun helburua definitu beharko du.

Hauek izan daitezke helburuak eta tratamendu-aukerak:
  1. Prebentzioa sustatzeagantz-azido hiperoxigenatuak, aposituak (hidrokoloidea, aparra...), aparrezko orpotakoak, galtzerdiak, zink oxidozko pomadak... Gaur egun, gantz-azido hiperoxigenatu eta aparrezko aposituen edo orpotakoen erabilerak gora egin du.
  2. Ultzeraren garbiketa: xiringa eta orratzen bidez egitea gomendatzen da. Garbitzeko erabil daitezken soluzioak: serum fisiologikoa eta Prontosan® dira (gaur egun finantzatu gabea). Antiseptikoak zitotoxikoak dira sortu berria den ehunarentzat; beraz, ez dira gomendatzen ultzerak garbitzeko.
  3. Desbridamendua: ehun nekrotikoa garbitzea du helburutzat. Hiru desbridamendu mota bereiz daitezke: entzimatikoa (kolagenasazko pomada bidez), autolitikoa (hidrogel eta hidrokoloide edo aparrezko aposituen bidez), eta kirurgikoa edo ebakitzailea (bisturi bidez). Tratamendua eraginkorra izateko, hiru desbridamenduak konbinatzea gomendatzen da.
  4. Usain txarra kontrolatzea: lehen pausoa garbiketa egokia ziurtatzea da, ehun nekrotikoa erretiratu eta infekzio-zeinuak baloratuz. Usain txarra neutralizatzen duten ikatz aktibatuzko apositu bereziak eraginkorrak dira.
  5. Infekzioa tratatzea: infekzio-zeinuen aurrean garbiketa eta desbridamendu egokiak ziurtatu behar dira lehendabizi. Eraginkorrak dira zilarrezko aposituak infekzio lokala tratatzeko. Bi astean infekzioa desagertuko ez balitz, kultiboa egingo litzaioke: azalpeko aspirazioa gomendatzen da, frotisa baino zehatzagoa baita; hala ere, teknikak pazientearengan suposa dezakeen abantaila baloratzea beharrezkoa da.
  6. Exudatua kontrolatzea: gehiegizko exudatuak ultzeraren aldeko eboluzio oztopatzen du. Beharrezkoa da, beraz, kontrolatzea, baina ultzeraren azpiko aldea lehortzeko arriskua du; horregatik, arreta berezia ipini behar da. Exudatu kopuruaren arabera erabil daitezkeen aposituak dira: exudatu baxua duenean aparrezko aposituak dira erabilienak; exudatu gehiegi duenean, berriz, alginatozko aposituak, hidrozuntzezko aposituak eta xurgatzeko gaitasun handia duten aparrak gomendatzen dira. Bestetik, ultzera inguruko larruazalaren babesa beharrezkoa da zenbaitetan (zink oxidozko pomada bidez...).
  7. Granulazioa eta epitelizazioa bultzatzea: ultzera garbi baten aurrean, ixtea izango da helburua. Horretarako, zenbait tratamendu aurki daitezke: hidrokoloide edo aparrezko aposituak, kolagenasa edo entzimazko pomada edo hautsak eta zink hialuronatoa.
Hasieratik pazientearen egoera orokorraren balorazioa egitea ezinbestekoa da zainketa egokiak eskaintzeko. Horretarako, kasu bakoitzak dituen arazoak aztertuko dira eta lehentasuna duten helburuetatik hasi behar da pixkanaka. Bukatzeko, esan beharra dago tratamenduaren garapenean pazientearen zein familiaren parte-hartzeak garrantzi handia duela.

Maider Ugartemendia Yerobi, Donostiako Erizaintza Eskola. EHU


____
Nahi izanez gero, artikulu honi buruzko ariketa-sekuentzia badaukazu Osatuz webgunean egiterik, bilatzailean 337613 idatzita.

Interesatzen zaizu

  • Presio-ultzerak II

    Presio-ultzerak II

    Presio-ultzera arazo handia izan ohi da, adibidez, gaixotasunen bat dela medio, denbora asko ohean egon behar izaten dutenengan; edo, zoritxarrez, gurpildun aulkian ibili behar dutenentzat. Baina ez horientzat bakarrik, ospitaleetan ere arazo-iturri izan ohi dute, gaixo askok denbora dezente ematen dute-eta bertako oheetan etzanda. Eraginkorrena prebentzioa. Gertutik zaindu beharreko arriskua izan ohi da deskuidatuz gero, ondorio larriak ere eragin litzake-eta. Ondoren irakurriko dugun artikuluan Maider Ugartemendia erizainak ultzeren prebentzioaz eta tratamenduaz jardungo du. Bertan azalduko digu zein garrantzitsuak diren prebentzioa eta tratamendu egokia ematea, eta nolako baliabide materialak dauden gaur egun horretarako. Kontsultako elkarrizketan, berriz, erizain bat entzungo dugu gaixo baten semeri prebentziorako hainbat gomendio ematen.

    Presio-ultzerak II
 
 

Comments
Login for comment