Docutec Card

Duela ehun urte dozenaka lagun hil zituen gripe hilgarri hura

Gripe-sasoi bete-betean gauden honetan, duela ehun urte milioika gaixo eta heriotza ugari eragin zituen gripe hilgarriaren kronika egin du Xabier Lasak Aiurri aldizkariko erreportaje honetan.

Gripeak 1918ko urrian izan zuen eraginik bortitzena Euskal Herrian eta 1919ko udaberrira arte luzatu zen izurritea. Mundu mailako giza hondamendia izan zen. Andoainen, esaterako, hiru mila biztanle zituen herrian, berrogei lagun hil zirela ondorioztatu dute adituek. Asko dago jakiteko oraindik pandemia hari buruz. Zenbat biktima eragin zituen zehazterakoan ere, ez dago adostasunik. Behetik jotzen duten iturriek hamar milioi aipatzen dituzte; goitik jotzen dutenek, berriz, ehun milioi. Gaixotu ziren pertsona guztien artetik, % 10 eta % 20 bitarte hil egin zela estimatzen da.

Ilustrazioa: Olaia Zapirain

100 urte igaro diren arren, gaixotasunak prozesu biologiko konplexua izaten jarraitzen du, eta makina bat historialari, geografo, mediku eta zientzialari ari dira beren ikerketak egiten, erantzun ugari falta baitira zehazteko. Orduko gaixotasunaren laginak aztertu, eta birusa erreproduzitzea lortu duten azken ikerketa zientifikoen arabera, gene biral hibrido bat izan zen eragilea. Sistema immunean gehiegizko erreakzioa eragin zuen birusak; horrek azal dezake biktima gehienak zergatik izan ziren gazte eta heldu osasuntsuak, sistema immune sendoa zutenak, alegia.
Bestalde, badira fenomeno historiko politiko-sozialekin lotuta aztertzea eskatzen dutenak ere, Lehen Mundu Gerrarekin (1914-1918) batera sortu eta zabaltzea, alegia. Bere jatorri geografikoa zehazterakoan, berriz, ikertzaile gehienen ustez, Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen.
Txinatik hara joandako migranteek zabaldu zuten gripea, antza. Zabalkundean zerikusia eduki zuen, esate baterako, Ameriketako Estatu Batuetako armadak 1917an Europara bi milioi soldadu bidali izanak.
"Gripe espainiarra" ezizenez ezagutu zen. Egiazki, AEBetan eta Europa osoan antzera zabaldu zen izurritea, baina Lehen Mundu Gerran murgilduta zebiltzan herrialdeetan, troparen morala ez ahultzeko albiste etsigarri guztiak zentsuratu egiten zirenez, ia ez zen gaixotasunaren inguruko ezer argitaratu. Errepikatzearen poderioz, gripearen jatorria iberiar penintsulan zegoela sinetsaraztea lortu zuten.

Izurritearen eragina, Andoainen lokalizatuta

Gripe hilgarria 1918an zehar zabaldu zen, eta Euskal Herrian urrian izan zuen bere agerraldirik bortitzena. 1919ko udaberrirako desagertu egin zen, zeparen egitura genetikoan mutazioa gertatu zenean. Gipuzkoan, eta bereziki Andoainen, izurriteak eduki zuen garapenaz jakiteko, ezinbestekoa da Iñaki Agirrek Leyçaur 7 aldizkari historikoan 2002an argitaratu zuen ikerketa: Otoño de 1918: diario histórico-demográfico de la pandemia de gripe en Andoain. Herri bat aztergai hartuta, gaiaren inguruan egin den ikerlanik bete-betekoena izango da ziurrenik, Andoaingo gizartean eragindako ondorio sozialak, erlijiosoak, demografikoak eta epidemiologikoak azaltzen baititu bertan.
Agirrek egindako ikerketaren arabera, gripe-izurriteak Andoainen 26 pertsonaren heriotza eragin zuen. Kontuan hartu behar da pertsona horiei ofizialki diagnostikatu zitzaiela gripea. Izan ere, egun horietan beste hamabost herritar hil ziren, biriketako arazoek eraginda. Ez litzateke harrigarria izango horiek ere gripearen izurritearen ondorioz hil izana.
1918ko irailaren lehen egunetan hasi ziren argitaratzen prentsan lehen albisteak, birus arraro baten berri emanez. Munduan zehar abiadura bizian ari zen zabaltzen birusa. Gipuzkoan, lehenbiziko asteetan agintariek ezer larririk gertatzen ez zen mezua zabaltzen saiatu ziren, eta osasungintzako profesionalen artean ezjakintasuna eta nahasmena ziren nagusi.
Irailaren 20an Andoaingo osasun batzordea bildu zen lehen aldiz, eta gobernadore zibilaren aginduz, zenbait neurri hartu zituen. Besteak beste, aguazilek gaixoak bizi ziren etxeetara bisitaldia egitea, arropak desinfektatzeko eta komunak kare kloruroarekin saneatzeko.
Hilaren 21ean, Espainiar Gobernuko Ministroen Kontseiluak mugak ixtea erabaki zuen, egoera larria zela onartuz. Irailaren 28an, birusak lehen biktima eragin zuen Andoainen. Hurrengo egunean, Andoaingo Udalak, gobernu zibilaren ohar berri bati kasu eginez, bandoa zabaldu zuen herrian, jende asko biltzen zituzten ekitaldietan arriskua egon zitekeela ohartaraziz.
Urnieta eta Irurako sanmigeletara ez agertzeko deia luzatu zen. Aldi berean, ikastetxeak ixteko agindua ematea erabaki zuen batzordeak.
Urriaren 6an, Udalak ezohiko udalbatza egin zuen, gripeak jotako hainbat familia egoera larrian zeudela-eta. Bertan erabaki zen txiroak ziren gaixoen aldeko diru-bilketa kanpaina egitea, eta komunak eta estoldak desinfektatzeko Donostian erabiltzen ari ziren disoluzioko 30-40 litro erostea.

Egun nahasi haietan, prentsa sentsazionalistarentzat eta sasi-erremedioentzat eremu tentagarria zabaldu zen. Eliza katolikoak, bere aldetik, ez zien jaramon handirik egin aholku terapeutikoei (birusa ekiditeko jendetza ez biltzeko aginduari, besteak beste), eta errogatibak eta otoitzak egitea eskatu zuen. La Constancia egunkari integristak, adibidez, elizako sektore askoren usteari bide emanez, Jaungoikoaren zigortzat jo zuen izurritea, gizakiak eta bere bizioek" eragindakoa zela baieztatuz.

Udazkena sartu arte, alerta egoeran
Urriaren 18an, gobernadore zibilak adierazi zuen Gipuzkoan egoera egonkortzen ari zela, Errenterian eta Andoainen izan ezik; bi herri horietan gripeak jotako gaixo ugari omen zeudelako. Azaroaren 2an prentsan argitaratu zen ohar baten bidez jakinarazi zenez, Andoainen bukatutzat eman zen gripearen epidemia. Laurehun herritar gaixotu ziren eta horietatik berrogei hil egin ziren.

Izurritearen inguruko hainbat datu zabaldu ziren hilabete haietan. Daturik apalena ere nahikoa adierazgarria da, gaurko ikuspegitik ikusita. Duela mende bateko gripe hura hilgarria izan zen.
 

Aiurri aldizkaria, 530. alea 2019-01-11 (moldatua)

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment