Docutec Card

Urtarrileko aldapari aurre egiteko gakoak

Gabonetako gastu eta gehiegikerien ondoren, askorentzat buruhauste galanta izaten da urtarrilean dirua nola aurreztu asmatzea. Aholku batzuk nahi dituzu diru pixka bat aurrezteko?

Amaitu dira Gabonak. Amaitu dira otordu ugariak, opari-erosketak, kapritxoak eta ihesaldiak. Baina, baretu zaizu patrika? Kontua da heldu dela urtarrila, denok beldurtzen gaituen hila; izan ere, kontuak egiten dituzu eta ohartzen zara Gabonetan diru gehiegi gastatu duzula eta ondorioz ekonomia hankaz gora duzula.

Gainera, urte berriarekin batera prezio-igoerak izaten dira zerbitzu batzuetan (garraio publikoan, esate baterako) eta hornidura batzuetan, eta horrek guztiak etxeko fakturen zenbatekoa gehitzen du. Neguko merkealdia ere hasi da, eta hain da zaila aukera horri uko egitea...
Bada garaia biharamuna gainditzeko eta aurreko hileko kontsumoaren ajeari aurre egiteko; nola, baina? Hemen dituzu lagungarriak izan daitezkeen aholku batzuk:

1. Antolatu hila. Egin aurrekontua edukiko dituzun sarreren arabera eta zorrotz bete. Horixe duzu zeure erosteko ahalmenaren berri jakiteko modu bakarra. Egizu aste bakoitzeko gastuen kalkulua, gutxi gorabehera, eta gero sailka itzazu lehentasunen arabera.

2. Adi ibili inurri-gastuekin. Kainak, kafeak, litxarreriak… Zenbatu dituzu inoiz horrelako gastuak? Baliteke harrituta gelditzea: hileko guztirako zenbatekoa handia izan daiteke.

3. Kontuz urtarrileko beherapenekin. Ez galdu burua %  50 edo %  70eko “ikaragarrizko” deskontuekin! Batzuetan ez dira ematen duten bezain onuragarriak. Argi ibili eta erosi behar duzuna bakarrik.

4. Konparatu prezioak. Ez egin jaramonik bihozkadei eta konparatu erosi baino lehen. Eta jokatu horrela dendetan zein Interneten.

5. Aprobetxatu eskaintzak eta promozioak. Horrela dirua aurreztuko duzu. Supermerkatura zoazenean, asko murriztu dezakezu gastua halako deskontuez baliatzen bazara. Eta, jakina, begiratu beti zein den produktuen iraungitze-data, alferrik galdu ez daitezen. Ez dezala inork janaririk xahutu!

6. Ordaindu esku-diruarekin. Ahal dela, ez erabili kreditu-txartelik. Hobeto kontrolatuko dituzu gastuak.

7. Kontuz kredituekin. Oso arriskutsuak dira eta gehiegizko zorrak ekar ditzakete. Aurre egin ezin diozun presazko gasturen bat estaltzeko baino ez zenuke eskatu behar kreditua, eta soilik itzultzeko gauza izango bazara eta beste bide guztiak agortu badituzu (ahaide baten mailegua, adibidez).

8. Kontsumitu zentzuz. Gastu finkoak (argia eta berokuntza) ezinbestekoak dira, baina murriztu egin daitezke. Adibidez: deskonektatu etxeko tresna elektrikoak stand by moduan daudenean, ipini kontsumo txikiko bonbillak, erabili termostato programagarriak berokuntza zeure ordutegietara moldatzeko, eta egun eguzkitsuetan utzi kanpoko beroari etxean sartzen.

www.kontsumobide.euskadi.eus web ataritik hartutako testua.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 17, 2019
Number: 36670641
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 576