Docutec Card

Laktosarik eta glutenik gabeko dietak

Azkenaldian ugaritzen ari dira laktosarik eta glutenik gabeko produktuen iragarkiak. Izan al dezake modak eraginik dietan? Hainbeste al dira osagai horiekiko intolerantzia duten gaixoak?

Galdera horiei erantzuteko zenbait pista aurkituko dituzu Teknopolis saioan. Dieta orekatua zer den azaltzeaz gain, elikagaien merkatuan nabariak diren egungo joerak aztertuko dira.

Nutrizionista batek glutena edo laktosa hartzearen onurak azalduko dizkigu, eta baita kontsumitzaileengan sortuak diren zenbait uste oker ere.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA.- Glutena jateari utzi eta errendimendua hobetu duten kirolariak, digestioa arinak izateko laktosa hartzen ez duten artistak edo antzeztokian luzaroago irauteko elikatze-ohiturak aldatu dituen aktorea. Ba al du oinarri zientifikorik honek guztiak?
IÑAKI  LETURIA.- Kaixo. Gaurko saioan hori argitzen saiatuko gara. Glutena edo laktosa duten elikagaiak duten elikagaiak dietatik kentzearen moda zabaltzen ari da.  Badira noski, osasun-arazoak medio, osagai horiek hartu ezin dituzten pertsonak, baina hainbeste al dira? Zer gertatzen da, adibidez, inongo arrazoirik gabe laktosa uzten badugu? edo nutrizionalki hobeak al dira glutenik gabeko produktuak? Jarraian dieta orekatuaren eta jatekoen merkatuan bor-bor dabiltzan joeren artean mugituko gara. Ongi etorri Teknopolisera.
ESATARIA-- Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, nutrizio egokia ezinbestekoa da osasun ona izateko, elikadura desegokiak garapen fisiko eta mentala hondatu eta gaixotasunak eragin baititzake. Osakidetzak dioenez, elikadura osasungarriak gaixotzeko arriskua murrizten laguntzen du eta horren oinarrian dieta orekatua dago, hau da, beharrezko nutriente guztiak neurrian ematen dituen dieta.
ARRATE LASA.- Dieta orekatua izan behar da anitza, elikagai guztiak sartu behar dira eta gertatzen dena da elikagai bakoitza sartu behar dela maiztasun konkretu (jakin) batekin.
ESATARIA.- Osasun erakundeen arabera, dieta orekatuaren oinarrian zerealak, frutak eta barazkiak daude. Eguneko otordu guztietan jan beharreko elikagaiak dira horiek. Esnea eta esnekiak egunean bi edo hirutan hartu beharko dira eta elikagai proteikoak ere eguneko jan behar dira, baina maiztasun txikiagoarekin, hau da, haragia, arrautza, arraina eta lekaleak astean zehar banatu behar dira.
ESATARIA.- Gaixotasunak eta alergiak dira elikagaiak dietatik kentzeko arrazoiak, nahiz eta modek eragin handia izan. Horren adibide da behi-esnearen kontsumoaren eboluzioa. Azken urteetan kontsumoa asko jaitsi da. Estatu espainiarrean mende hasieran pertsonako eta urteko 93 litro esne edaten ziren eta une honetan 73 litro esne edaten dira.
Ikertzaileek eta medikuek, ordea, behi-esnearen ezaugarri osasungarriak nabarmentzen dituzte.
ARRATE LASA.- Nik esango nuke esnea dietatik kentzea, inongo arrazoirik ez baldin badago, ez dela batere gomendagarria. Zergatik? Bada, esnea delako gure elikaduran edo gure dietan balio biologiko altuko proteinak ematen dizkigun elikagai bat, kaltzio-iturri inportanteenetako bat, kaltzio- eta fosforo-iturri inportanteenetako bat. Eta gero ere bai, badauzka beste bitamina eta beste mineral batzuk oso onuragarriak direnak.
ESATARIA.- Proteinak aminoazido-kateak dira, kate horietako begi bakoitza aminoazido bat da. Pertsonen organismoak aminoazido batzuk ekoizten ditu, baina beste batzuk derrigor elikaduraren bidez hartu behar ditu. Elikaduraren bidez bakarrik lor ditzakeen aminoazido horiei esentzialak deritze (deitzen zaie) eta animalia-jatorriko proteinek bakarrik dituzte aminoazido esentzial guztiak. 
Datuek, ordea, garbi adierazten dute esnearen kontsumoak urtetik urtera behera egiten duela.
ARRATE LASA.- Zer pasatzen da gaur egun? Pertsona batek edozein momentutan tripako min bat baldin badauka, edo buruko mina daukala edo edozein sintoma sentituz gero, oso modan jarri da esatea hori esnearengatik izan ahal dela eta, batez ere, esnearen laktosarengatik. Eta orduan, oso modan dago gaur egun laktosarik gabeko esnea hartzea edozeinek, ez? O sea, nahiz eta jasanezintasuna dutenek edo ez dutenek. Eta bueno, hor kontuz ibili behar gara. Esnea inportantea da, esnearen laktosa oso inportantea da, esnearen kaltzioa xurgatzen laguntzen digulako eta orduan, bada, bueno, inongo arrazoirik eduki gabe esnea kentzea pertsona bati, bada, ez da gomendagarria.
ESATARIA.- Glutenik gabeko elikagaiak ere tendentziek elikaduran duten eraginaren adibide dira. Produktu horien salmentak urtetik urtera gora egiten du. Estatu Batuetan, esate baterako, populazioaren % 10ak glutenik gabeko elikagaiak jaten ditu eta jende-kopuru horren guztiaren erdiak ez du inolako osasun-arazorik.
FRANCISCO JAVIER AROCENA.- Estatu Batuetan moda da glutenik gabeko elikagaiak kontsumitzea; moda hori Euskal Herrira iristen ari da. Milioika dolar sortzen ditu glutenik gabeko elikagaien kontsumoak. 
ARRATE LASA.- Gure ustetan, pentsatzen dutelako gluten gabeko elikagai bat osasuntsuagoa dela, "light" bat edo dela pentsatzen dutelako, ez? Eta hori ez da horrela.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jan 16, 2019
Number: 36568141
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 05:50
Number of visits: 1087