Docutec Card

Abortatzeko zailtasunak Irlandan

2019. urte-hasieran sartu da indarrean abortu-legea Irlandan. Orain arte ia kasu guztietan debekatuta zegoen abortatzea; hemendik aurrera, legala izango da lehen hamabi asteetan.

Baina legeak abortuak egiten dituzten kliniken aurkako kanpaina eragin du. Audio honetan, horren guztiaren berri ematen du Juanjo San Miguelek, nazioarteko gaietan adituak.

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA. Irlandara goaz. Izan ere, Irlandan urte-hasieran indarrean sartu da abortu-legea. Orain arte ia kasu guztietan debekatuta zegoen abortatzea. Hemendik aurrera, baina, lehen hamabi asteetan legala izango da. Baina legeak abortuak egiten dituzten kliniken aurkako benetako kanpaina eragin du, Juanjo San Miguel.

JUANJO SAN MIGUEL KAZETARIA. Irlandak orain arte Europako lege gogorrenetarikoa zeukan abortuaren auzian, ia egoera guztietan debekatuta zegoelako. Iaz egindako erreferendumean irlandarrek konstituzioaren atal hori, abortua debekatzen zuen atala, bertan behera uztea erabaki zuten. Ondorioz, aurtengo urtarriletik aurrera abortua legala da lehen 12 asteetan. Auzi honek eztabaida handia eragin du, eta oso katolikoa den gizarte irlandarrean benetako zatiketa sortu. Baina legea onartu ondoren, 200 profesional prest azaldu dira abortatu nahi duten emakumeei zerbitzua emateko, eta horretarako klinikak ere ireki dituzte. Baina urtarrilaren batetik aurrera, klinika horiek benetako jazarpena jasan dute: abortuaren aurkakoak ateetan elkartu dira medikuei eta bertara sartzen direnei irain egiteko. Sare sozialetan, berriz, ospitalea, medikuak eta baita emakumeei buruzko datuak ere zabaldu dituzte.
Guzti honek polemika handia eragin du, eta Irlandako gizatalde gehienek gogor gaitzetsi dute abortuaren aurkako taldeen jokaera. Osasun-ministroak, Simon Harris demokristauak, adierazi du egin beharreko guztia egingo dutela legea bete dadin, eta klinika hauek segurtasun-esparruak izango dituztela ere esan du, manifestariak eta pazienteak gertuegi egon ez daitezen. Gobernuak garbi utzi du bitarteko guztiak jarriko dituela legea errespetatu dadin. Azken 35 urteetan 170.000 emakume irlandar joan dira Erresuma Batura abortatzera.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 11, 2019
Number: 36224906
Source:
Duration: 00:01:52
Number of visits: 279