Docutec Card

Zahartzaroa, normala edo dementziatua

Gure egunerokotasunean, dementzia eta narriadura kognitiboa adierak geroz eta gehiago entzuten diren arren, eta kalean ere gai hauek geroz eta maiztasun handiagoz hizpide izanda ere, oraindik ere sinesmen faltsuak eta zalantza ugari sumatzen dira. Gai hauen inguruan ditugun ezaguera xume horiek osatzeko eta ezjakintasuna leuntzeko asmoz idatzi dira ondorengo lerroak. Bertan labur eta era xamurrean azaldu nahi dira dementziaren ezaugarri nabarmenenak.

Narriadura kognitiboa ez da soilik dementziaren ezaugarri klinikoa. Beste gaixotasun batzuetan eta zahartzaroan ere protagonista izan ohi da. Narriadura kognitiboaz jardutean, garunaren goi-mailako funtzio kognitiboen (oroimena, arreta, mintzaira, etab.en) etengabeko desgaste batez ari gara.

Zahartzaroan aldaketa anatomiko nahiz neurokimikoak gertatzen dira garunean. Aldaketa hauen ondorioz, funtzio kognitibo batzuek gainbehera geldo eta mailakatu bat izaten dute. Adinaren eraginen aurrean sentikorrenak diren funtzioak dira: arreta, oroimena, funtzio exekutiboa, informazioaren prozesamenduaren abiadura eta portaerak inhibitzeko gaitasuna. Aldaketa hauek ez gaituzte larritu behar, zahartze-prozesuaren ezaugarri baitira. Nolanahi ere, aldaketa hauek kezka eta ondoeza eragiten badigute, beti joan gaitezke profesional bati (neurologoari edo neuropsikologoari) kontseilu hartzera. Profesional hauek aldaketak normalak diren edo dementzia baten hasieran ote gauden zehaztuko digute eta gainbehera horren ondorioz sortu zaizkigun zailtasunei aurre egiteko eta egoera berrira moldatzeko aholkuak nahiz konpentsazio-estrategiak erakutsiko dizkigute, gure bizi-kalitatea hobetze aldera.

    Dementzia adierak gaixotasun multzo zabal bati egiten dio erreferentzia: dementzia baskularra, Alzheimer motako dementzia... Dementzia helduaroan nahiz zahartzaroan ager daitekeen gaixotasun luzea da, gaitasun mentalen (oroimen, arrazonamendu, mintzaira, etab.en) mailakako txirotzea eragiteaz gain, aldaketa psikologikoak (nortasun-aldaketak, antsietatea, depresioa...) eta portaera-aldaketak (erasokortasunasuminkortasuna, noraezean ibiltzea, egonezina...) eragiten dituena. Halaber, gaitasun funtzionalak -hau da, eguneroko bizitzako gaitasun instrumentalak (telefonoz deitzea, erosketak egitea...) nahiz oinarrizkoenak (janztea, elikatzea, ibiltzea...)- pixkanaka hondatzen dira, eta horrek gaixoaren independentziaren mailakako galera eragiten du. Dementziaren bilakaera eta pronostikoa aldakorrak dira dementzia motaren eta pertsona bakoitzaren arabera. Ondoko taulan, Alzheimer motako dementziaren eboluzio-aroak ikus daitezke.


mintzaira

Nahasmen-sindromea
Ezinbestekoa da dementzia nahasmen-sindrometik bereiztea. Nahasmen-sindromea kontzientziaren nahaste batekin batera gertatzen den eta normaltasunarekin bat ez datorren egoera berezi bat da. Normalean, arrazoi organiko batekin erlazionaturik egoten da, infekzioa adibidez, baina ospitalizazio batek ere eragin dezake. Ondorengo taulan ikus daitezke dementziaren eta nahasmen-sindromearen arteko ezberdintasunak.


arretaren


Portaera-nahasteak
Lehen esan bezala, narriadura kognitiboaz gain, portaera-nahasteak ere dementziaren ezaugarri kliniko garrantzitsua dira. Portaera-nahasteek familiaren edo zaintzaileen nekea nahiz gainkarga emozionala nabarmenki areagotzen dituzte; haatik, gaixoa zentro gerontologiko batean sartzeko arrazoi sendoena izan ohi da horrek maneiu zaileko portaera-nahasteak izatea. Azken taula honetan, dementzia baten testuinguruan maiztasun handienez gertatzen diren portaera-nahasteak eta hauen aurrean hartu beharko litzatekeen jarrera nagusia zehazten dira.


egonkor

Ez dago dementziari aurre egiteko errezeta magikorik. Zu edo zure senitarteko bat egoera honen aurrean aurkituz gero, gomendagarria litzateke profesional batekin kontsultatzea, gaixoaren zaintza egoki bat ziurtatu dezakeen gizarte-zerbitzuen sarea ezagutzeko udaleko gizarte laguntzailearekin harremanetan jartzea, gaixotasunari buruzko informazioa bilatzea, elkargo batekin kontaktatzea, gainerako senitartekoekin biltzea eta zaintzaren inguruko erabakiak hartzea eta zaintzaile nagusiak laguntza eta aisialdirako denbora izango duela ziurtatzea. Horiek guztiak kontuan hartuz gero, bidea nahiz eta batzuetan neketsua izan besteetan atseginagoa eta samurragoa izango da.

Maitane Fernandino, Matia Fundazioko Fraisoro Zentroko psikologoa

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment