Docutec Card

Teknologia berriekin lelotuta

Tekladun sakelako telefonoarekin eta Internetik gabe ibiltzeko aukera aldarrikatzen du Eli Larrinagak. Teknologia adimendunekin mamalatuta, nomofobiak jota bukatzeko arriskua ere aipatzen du entzungaian.

Telefono mugikorrari begira, askotan, ez gara jabetzen gure begien aurrean gertatzen denaz, Larrinagak Euskadi Irratiko audio honetan dioenez.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Aizu, entzule, zuk nola begiratuko zenioke asto bati, belarriak gogotsu astindu, eta inguruko mandeuliak uxatzeaz gain, hegan hasiko balitz. Edozein aurpegiera jarriko zenuke etxeko txirrina entzun, atea zabaldu, eta hantxe, aurrez aurre, kaskoa, buzo urdina eta gomazko botak jantzita, eskuetan balde parea daramatzala Donald Trump izango bazenu, Mexikoko horma eraikitzeko zementua ote duzun galdetuz. Ameskeria dela pentsatu eta begiak igurtziko zenituzke? Aho bete hortz geratuko zinateke, agian?
Bada, halaxe begiratzen nau gero eta jende gehiagok duela urte batzuetatik hona, gero eta sarriago, gainera. Azkenengoz oraintsu, igogailu batean. Parean 60 urtetik gorako gizona marmarrean; halako batean, me voy a borrar (atera egingo naiz) ulertu nion, eta hirugarren solairuraino partekatutako bidaian kontatu zidan Whatsapp kuadrilla handi bateko kide zela eta kokoteraino zeukatela egun osoa ganorabako mezu errosarioan (arrosarioan) ari zirelako, eta baketan uzten ez zutelako. “Nik ez dut halako buruhausterik”, erantzun nion, eta orduan, gizona dagoeneko igogailutik kanpoan zegoela, eskuko telefonoa erakutsi nion. Benetan ikustekoa haren keinua eta nola luzatu zuen lepoa. Une batez pentsatu nuen ateak burua harrapatu eta disgustu ederra izango genuela. Aitarenka hastea falta zitzaion.
Aspaldiko mugikorra daramat, ez beti, noizbehinka, aldean: tekladuna, deiak egin eta jasotzeko, eta mezuak sms bidez idatzi eta hartzeko balio duena; argazkiak, internet eta aplikazio modernoak zer diren ez dakiena. Horiek behar ditudanerako argazki-kamera edo ordenagailua daude. Telefonoa ez da smart, ez da adimenduna, duela bi uda, kalean, dirua eskaini zidaten haren truke, baina ez dago salgai; are gehiago, 2019an beste urtebetez horrekin jarraitzeko asmoa eta aukera aldarrikatzen ditut. Ez diot nire (neure) buruari behar edota nahi ez dudan ezer inposatuko. Adimenduna nik neuk izaten jarraitu nahi dut, teknologia berriak nire zerbitzura nahi ditut, eta ez ni haien kapritxo, gezur eta eskaparate (erakusleiho) birtualetara makurrarazita.
Amaitzeko, egunen batean asto batek nire inguruan hegan egiten badu, ikuskizunaz gozatuko dut, eta Trump gurera badator, “joan hadi asto gorotza biltzera!” esango diot. Zuetako asko, berriz, nomofobiak jota, edo hala izateko puntuan zaudetenez, ziur asko tekno zerbaiti arre eta arre eginez ibiliko zarete, guztiz mamalatuta, lelotuta. Bitartean, astoa, zuen kontura arrantzaka, eta Trump, edo antzeko jendilajeren bat, zuen komunetako azulejoen azpiko zementua lapurtzen.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 9, 2019
Number: 36067799
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:02:59
Number of visits: 576