Docutec Card

Mundu paraleloak herri berean

Urte berean jaiotakoen bazkarirako gonbita jaso ondoren, burura etorri zaizkion oroitzapenez ari da Garbiñe Ubeda Euskadi Irratiko entzungai honetan.

Ume-garaian bi mundu desberdin gisa bizi zituen berea eta ondoan sortutako auzoko bizilagunena. Oso gazte handik alde egina izaki, gauzak aldatu ote diren jakin nahiak eraman du kintoen bazkarira.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Garbiñe Ubeda.- Munduratu nintzen garaitsuan, auzo berri bat eraiki zuten gure etxetik metro gutxira, baratza besterik ez zegoen tokian. Jende mordoa heldu zen hara, ezkonberriak, eta familia osoak, kastillanoak, gehien-gehienak, eta dinamismo ikaragarria hartu zuen inguruak. Festak eta ospakizunak ezarri zituzten urteko egutegian; janari dendak zabaldu zituzten, eta ile-apaindegiak, tabernak, jatetxeak, garajeak, futbol-zelai asfaltatuak.
Auzoa baino gehiago, mundu paralelo bat zela esan liteke, bestelako paisaia bat herri barruan, kasik, kontrajarria, non amona zaharrak aulki bana hartu eta etxe-blokeen atarietan esertzen ziren, eguteran, beltzez jantzita, eta zapia buruan, paper-fabrikek zikintzen zuten ibaiari begira.
Beste galaxia batekoak balira bezala begiratzen genien haien haurrei, eta haiek ere, berdintsu egiten ziguten guri. Borrokan, eta mokoka aritzen ginen beti, nork bere auzoa, hizkera, eta bizimoldea gotorleku hartuta.
Duela gutxi, hango kintoen bazkarirako gonbita heldu zitzaidan ezustean. Harri eta zur begiratu nion Whatsapp mezuari, lehenik eta behin, ez nukeelako sekula pentsatuko garai hartako inor nitaz akordatuko zenik; edo akordatuta ere, inork inguru hartara lotuko nindukeenik, oso-oso gaztetan alde egindakoa izaki. Errazena, iragana iraganean uztea zatekeen niretzat, aitzakia merkeren bat asmatu eta gonbitari ezezkoa ematea. Baina jakin-mina piztu zitzaidan, jakin-min ikaragarria, urteotan hibridatzen eta etxe multzo huts bihurtzeraino itzaltzen joan den auzo dinamiko hartatik zer gelditzen ote den ikastekoa.
Galderak heldu ziren gero: metatu zaizkigun kiloez, eta galdu ditugun ileez harago, izango ote da ezer berdintzen gaituenik? Zertan bukatu ote zen gure bi munduen arteko gerra hura? Hurbildu ote ziren batzuk eta besteak ni joanez geroztik? Zertan mamitu ote da zorioneko bizikidetza? Eta, bide batez, zer da bizikidetza? Zer da termino irristakor hori gure kintoen bazkarira ekarrita.
Bizpahiru solasaldi surrealista, haien artetik inor gutxi euskaldundu dela konturatzea, eta botila bat ardo behar izan nituen argia ikusteko. Bizikidetza, kuriosoki, haurtzaroko gerratxo haiei nostalgiaz begiratzea da.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 5, 2018
Number: 33671795
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 2:47
Number of visits: 250