Docutec Card

Amaitu al da Euskaraldia?

Amatiño kazetariak balantze positiboa egin du Euskaraldiaz: "Zinez uste dut ahobizi eta belarripresten arteko jokoa gogoan hartu beharreko inflexio-puntua suertatu dela euskara gizarteratzekoan. Zorionak denei".

Hala ere, uste du euskaldun zaharrek gehiago egin dezaketela euskararen alde egiten dutena baino; besteak beste, euskaraz txukunago egiten saiatu beharko luketela.

Transcription:[+] Transcription:[-]

AMATIÑO KAZETARIA. Egun on. Atzo amaitu zen Euskaraldia. Zinez uste dut ahobizi eta belarripresten arteko jokoa gogoan hartu beharreko inflexio-puntua suertatu dela euskara gizarteratzekoan. Zorionak denei.
Nik neuk esango nuke Euskaraldiak arlo bi landu dituela gehienbat. Lehenik, berba egiteko zailtasunak dituzten euskaldun berrien larraina zabaltzea. Eta bigarrenik, sarriago hitz egiteko aukera eskaintzea. Nago, ordea, programa ez zaiola horrenbeste egokitu normal samar euskaraz egiten duen euskaldun zaharrari eta, are gutxiago, euskaraz hobeto egiteari. Hau da, beldur naiz euskaldun zaharrok ez ote dugun jarri probaren karga euskaldun berriaren bizkarrean, eta ez ote diogun lar protagonismo ematen kantitateari, kalitateari muzin eginez.
Benetan kezkatzekoa da gero eta zabarkeria gehiagoz hitz egiteko ohitura, batere ardura barik jarduteko joera. Gure arteko gehienok lotsatuko egingo ginateke, gaztelaniaz egingo bagenu euskaraz egiten dugun bezain trakets. Zergatik ez gara lotsatzen euskaraz, hain petral egin arren? Zergatik ez zaigu axola euskaraz hain motz egitea? Zergatik uste dugu euskaraz eskas hitz egitea jatorra eta herrikoia dela? Eta ez tranparik egin edo aitzakia merkeetan galdu. Ez naiz esaten ari guztiok akademikoak izan beharko genukeenik, baina bai euskalki batez zein bestez duintasunez hitz egiten saiatu beharko genukeela.
Zalantzarik ez gero, euskaldun zaharrok euskaldun berriek euskara ikas dezaten nahi dugula, baina inoiz pentsatu al dugu euskaldun berriek ere nahiago luketela euskaldun zaharrok hobeto hitz egitea? Euskadi Irrati honetako saioak ez al lirateke gozoagoak eta erakargarriagoak denok euskaraz hobeto egingo bagenu?, asmatu ezinean ibili beharrean? Ez dinot (diot) eskolara joan behar dugunik.
Atera kontuak zuk, entzule, azken urteetan zenbat ordutan jardun zaren korrika, gimnasioan, golfean ikasten, gitarra jotzen, koruan kantatzen edo gaztelaniaz irakurtzen. Aldi berean, zenbat ordutan ahalegindu zara euskara pittin bat lantzen? Noiz irakurri zenuen azken bider informazioa euskaraz? Noiz euskarazko liburu oso bat? Eta zu zara euskaltzalea? Euskara maite duena? Zu euskara salbatuko duena? Ez duzu gero pentsatuko urtean behin paparrean txapa jartzeagatik euskaltzale onaren diploma irabaziko duzunik, ezta?

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 4, 2018
Number: 33595830
Source:
Duration: 00:02:57
Number of visits: 225