Docutec Card

Belarritik ahora, erabilera zubi

Anjel Lertxundi idazleak Euskaraldiaren inguruko gogoeta egin du Berria egunkariko iritzi-artikuluan. Ahobiziak eta belarriprestak abiapuntu gisa hartuta, euskararen mugez eta aukerez aritzeko ere baliatu du artikulua.

 

Belarritik ahora, erabilera zubi

 

Kabalak, aieruak, desioak, beldurrak.
Honezkero, jendeak mamurtuak izango ditu, gutxi-asko, Euskaraldia iniziatibari buruzko kabalak, aieruak, desioak, beldurrak... Ikusitakoak ikusita, Euskaraldia, belarriprest eta ahobizi hitzak gelditu egingo dira. Baina soilik lexikoan pausatuko dira, behin batez antolatu omen zuten ekimen baten oroitzapen lausoen gisa? Ala, aitzitik, hamar egunotan jorratutako hiztun-mekanismoek lortuko dute bertan goxo egitea eta bulkadari eustea, bide batez arras suntsituz bai ekimenari buruzko hainbaten ezkortasuna, baita kontsumo propiorako txute bat dela maleziatzen dutenen iragarpena ere?

Goiz da ebaluazioak egiten hasteko, baina jakingura eragiten du belarripresten parte-hartzearen zenbatekoak eta nolakoak: airean dagoen galdera da ekimenak mugimendurik eragingo ote duen bi hizkuntzen arteko muga askotarikoan, malguenean. Eskarmentuz dakigu nekez lortuko dela hortik harago, inkomunikazio deliberatuaren zementuzko horma tzarrak babesten duen eremu elebakar gotorrenean: ez gaituzte sentitzen, ikusezinak gara.

Ahobizien eremuan ere bada zer azterturik. Natorren oso gutxitan aipatzen den eremu eta adin ustez peto egonkor batera, natorren nire belaunaldiko hainbat betiko euskaldun ustez ahobizien ahozko bizitzara: «udalerri euskaldunetan» (bizilagunen %70 baino gehiagoko herriei deitzen zaie horrela) jaio ziren. Hantxe segitzen dute bizitzen. Euskara erdi abandonatzen ari dira, euskarak gero eta toki eskasagoa du adineko hainbaten aho-muinetan. Tantaka, pixkana-pixkana, ia oharkabean. Ikusten ez dugun aire hezeak lurra bustitzen duen antzo. Hasieran anekdota hutsa zena gero eta ohikoagoa bihurtzen da, tokia hartzen dio ordu arteko jardunari, sistema berriaren erroak indartzen doaz inertzia beti berrituan. Astiro-astiro, sitsak etxeko armairuan eta zoladuran nola.

Baina nagikeria ez da kontu pertsonal hutsa, ondorio sozialak ditu: familian eragiten du, lagunartean eragiten du, corpus sozialean eragiten du. Nagikeriarekin batera utzikeria izan liteke halako abandonuen arrazoietako bat. Beste bat, gaztelaniaren presio noranahikoari aurre egiteko estimulu falta. Edo hainbati motibazioa herdoildu izana, edadearekin giharrak ahultzen diren bezala: garai batean euskara natural-natural egiten bazuen ere, orain gaztelania ateratzen zaio gero eta naturalago…

Halako bati euskaltzalea den galdetuko bazenio, ez batere harritu baietz erantzungo balizu. Dagoeneko ez du, noski, euskara galduko, euskal hiztunen kontabilitatea gizentzen segituko du, baina gero eta gutxiago hitz egiteaz gainera, transmititu ere, ez du ezer askorik transmitituko, ez bada enpatia falta eta apatia franko euskararekiko. Bere gurasoek esaten zioten berbera —euskaraz!— esaten diote orain bilobek. Hasieran ez zitzaion gustatuko, deseroso sentituko zen. Ohitu da horretara ere.

Zu etzea ahobizia.
Neba-arrebak, jolasean. Hiru urte ditu neskak, mutilak bost. Neba haserretu egin da arrebak pikardiaren bat egin diolako eta erdarazko esaldi-edo batzuk tartekatu ditu bere jardunean. Arrebaren erantzuna fulminantea izan da: «Zu etzea ahobizia!».

Kanpainaz jardun zaizkie eskolan, eta neska koskorrak auskalo zer ulertuko zion andereñoari, baina bere terrenora —haserrearen eremura— ekarri du ahobizi izatearena. Testuingurua deitzen zaio. Egokitzapena deitzeak ere itxura txarrik ez, umeen eszena primeran datorkio-eta eskola giroan errotu den hitz berri samarrari: etxetik eskolarako jauzian haurrek egokitzapena behar duten bezala, hitzak ere egokitu eta metamorfoseatu egiten ditugu premia berriak asetzeko. Jardun formalean mugikorra deitzen dioguna segapotoa da hainbat girotan, plaza-gizonak plasta-gizona ekarri du, et alii... Halatsu ahobizi eta belarriprest hitzak ere, oso aldi laburrean etekin handia emanez jolaserako, txisterako, hitz berriak sortzeko (alubizi, zakilaprest, esaterako…)

Bi hizkuntza handien maizter farfail zaleok ugaria dugu negarra, eta gehiago mintzatzen gara euskararen mugez euskararen aukerez eta ahalbideez baino. «Hizkuntza bakoitzak», dio Italo Calvinok, «muga batzuk ditu, baina baita aukera batzuk ere, bere-bereak direnak esklusiboki». Mugen gainetik, aukerak esplotatzen jakitea, horra, txikitatik, hiztun baten bizipoza.

Bertset eneok xurian beltz.
Gure hiztun-izaerari egin diogun mesede ezinbestekoena da euskara batua, inoiz lortu dugun mirari kultural eta politiko behinena. Baina gatozen ahotik letretara. Mendeetako bidea egin du batuak bere mende erdiko garapenean, literaturak batutik kontatu du gure mundua, mundua batuan ekarri digu itzulpenak, bitan pentsatu gabe Ezra Pound poetak esandakoa: «Literaturaren aldi loratsu batek itzulpenaren aldi loratsua dakar».

Komeni da, ordea, euskara batua eta euskara literarioa ez kontrajartzea, bai, bereiztea, batua ez dadin izan kortsea literaturarentzat, ez dadin gertatu Kepa Altonagak Duvoisinegatik dioena bere azken liburuan: «inposatu zioten hizkuntza-eredu murritzak guztiz zuen lastratu barnean zeraman idazle potentziala». Askotan, premiagatik bezala plazer hutsez ere, hizkuntza estandarra baino haragoko bideak saiatzen ditugu hiztunok. Are literaturak. Sortzen diren hitz, metafora, aire-bide sintaktikoak berriak izan daitezke guretzat. Ez, ordea, hizkuntzarentzat. Eskura geneuzkan aukerak.

Muturreraino jo, eta eskura geneukan James Joyce eta Oihenart elkarrekin imajinatzea ere. Xabier Olarrari bururatu zitzaion balentria. Ulises liburuaren azken aldera esaten zaigu Leopold Bloom nerabeak poematxo bat aurkeztu duela sariketa batera. Nola ekarri euskarara nerabe maitemindu baten poema pedante barroko bat?

Oihenarten poemen manera hautatu zuen Olarrak:
Bertset eneok xurian beltz
litezen ikus zur'begiez
oi ailiezu iritzi hun.
Onar balekit garazia,
oinean othoi izkiria
maitea, ene izena, Bloom.

Entzun bitez mirazko txaloak. Joyceren parodia, Oihenarten oihartzunek ozendua, bete-betean kabitzen da euskal joko-zelai literarioaren eremu infinituan, testuingurua baita hizkuntza baten aukera guztiak, oraindik sortu gabeak ere barne, zilegiztatzen eta ametitzen (edo atzera botatzen eta baztertzen) dituen juje nagusia.

 

 
 

Comments
Login for comment

C2
Dec 3, 2018
Number: 33531409
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 143