Docutec Card

Kubako medikuek alde egingo dute Brasildik

2018ko urtea bukatu aurretik, ez da mediku kubatarrik geratuko Brasilen. 2003an abiatu zen bi herrialde hauen arteko elkarlana, baina Brasilen aldaketa politikoa gertatu da azken hauteskundeetan, eta aldaketa horren adierazgarri da kontu hau.

Jon Artano EITBko Hego Amerikako korrespontsalak kontu horri buruzko xehetasunak ematen ditu irratsaio honetan, besteak beste, zer ondorio izango dituen mediku kubatarren irteerak Brasilen eta Kuban.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Urtea bukatu aurretik, ez da mediku kubatarrik geratuko Brasilen. 2003an abiatu zen elkarlana bi herrialdeetan, artean Dilma Roussef Brasilgo presidente zela. Ordutik Kubako milaka mediku aritu dira Brasilen lanean. Bertako profesionalek joan nahi ez zuten herri txikietan jardun dira milioika herritarren beharrizanak asetzeko. Brasilen, ordea, aldaketa gertatu berri da, hauteskundeak irabazi berri dituen Jair Bolsonarok iragarria zuen Kubarekin hitzarmena aldatzeko asmoa, eta hitza bete du. Jon, zertan zetzan akordioa eta, batik bat, zergatik hautsi da?
JON ARTANO KORRESPONTSALA. Jakinekoa da mundu-mailan punta-puntakoa dela Kubako osasungintza. Eta iraultza sozialista gailendu zenetik, atzerriko 11 herrialdetan aritu dira bertako profesionalak: bai katastrofe-egoeretan berehalako erantzuna ematen, baita iraupen luzeagoko programetan ere. 15 urte egin dituzte Brasilen Kubako sendagileek. Osasun-ministerioak onartezin iritzi die bai Bolsonarok jarritako baldintzei, bai bere jarrera erasokorrari, eta Más médicos programa bertan behera uztea erabaki dute. Hara Bolsonoraren arrazoia.
JAIR BOLSONARO PRESIDENTEA. Primero, por cuestión humanitaria.
JON ARTANO KORRESPONTSALA. Gizatasunagatik hartu omen du erabakia. Kubako medikuak bata zuridun esklaboak direla esan du. Sendagileei beren soldataren % 70 Kubako diktadurak kentzen diela salatu du gero. Dakiguna da Brasilek hilero 3.000 dolar ordaindu dizkiola Kubako gobernuari mediku bakoitzaren lanagatik, eta diru horren zati txiki bat baino ez dela izaten medikuentzat. Programak jarraitzekotan, Bolsonarok 3 baldintza ezarri nahi izan ditu: medikuek beren gaitasuna Brasilen frogatzea, fidakaitz baita beren prestakuntzaz; soldata osorik sendagileentzat izatea eta mediku horiek Kubako beren familiak Brasilera eraman ahal izatea. Eta arestian aipatu dugunez, Kubak ez ditu onartu baldintzok.

KAZETARIA. Bolsonarok soka askotxo tenkatu du hortaz, Kubako gobernuaren ustez. Zer diote etxera uste baino lehen itzuli behar duten medikuek eta, batik bat, zer gertatuko da mediku hauek artatzen dituzten herritarrekin?
JON ARTANO KORRESPONTSALA. Ba medikuetako batzuk ez omen daude gustura. Hori dio behintzat BBCk. Hainbatek sare sozialetan adierazi omen du bidegabea dela soldataren bosten bat baino ez jasotzea. Baina, hala ere, Kuban jasoko luketena baino askoz gehiago dela hori. Nahigabea, dena den, beren pazienteen destinoak ere eragiten die. Eduardo Ojeda sendagileak, bere hitzetan, brasildar askok lehendabizikoz izan dute osasungintza duina, ekimen honi esker. Eta ez hori bakarrik:
EDUARDO OJEDA MEDIKUA. Pienso que nuestros médicos trabajaron con mucho amor. Y eso sí lo van a extrañar.
JON ARTANO KORRESPONTSALA. Maitasunez aritu direla gaineratu du, eta horren mira izango dutela aurrerantzean herritarrek.

Eta maitasunarena bakarrik baldin bada, gaitz erdi, mediku kubatarrek utziko duten zuloa Bolsonaroren gobernuak nola beteko duen ez baitago argi. Eta behin zuloa aipatzen hasita, Kubako ekonomian proiektu honen amaierak eragingo duena ere aipatu beharra dago; izan ere, atzerrian destinatutako medikuei esker jasotako dibisek berebiziko garrantzia dute Kubako ekonomiarentzat. Pentsa: azukrea, nikela, tabakoa edo ronaren esportazioekin baino diru gehiago hartu izan du zerbitzu honekin Kubak. Blokeoak-eta erdi itoan daukaten ekonomiarentzat kolpe latza inondik ere.
Eta, hala ere, apustu segurua dirudi Kubako medikuntzak gorengo mailan jarraituko duela pentsatzeak. Mundu osoan osasungintzan gehien inbertitzen duen herrialdeetako bat da, eta, adibidez, Estatu Batuetan baino bizi-itxaropena handiagoa dute irlan.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 29, 2018
Number: 33278442
Source:
Duration: 00:03:23
Number of visits: 287