Docutec Card

Harremanak zaintzearen garrantzia

Teknologia berriek komunikazioa hobetzen duten arren, gure artean komunikatzen ote garen galdetu dio bere buruari Hajar Samadik, Euskadiko Emakume Musulmanen Bidaya elkarteko bozeramaileak.

Hajar Samadik gogoan du orain dela urte batzuk nola moldatzen zen Marokon zituen aitona-amonekin komunikatzeko; eta gaur egun, aldiz, zenbat erraztu diren elkarrekin komunikatzeko moduak. Baina komunikatzen al gara benetan?

Transcription:[+] Transcription:[-]

HAJAR SAMADI. Zer gertatu da gaur egun harreman pertsonalekin? Gure artean komunikatzen al gara? Edo beste modu batera esanda: ondo komunikatzen al gara? Lehen gizakiok komunikazio-mota desberdinak erabiltzen genituen besteekin harremanetan jartzeko, besteen berri izateko.
Ni txikia nintzenean, nire aitona-amonekin harremanetan jartzeko, grabazioak egiten genituen kasete-zintetan, gure ahotsa grabatzeko, eta Marokora postan bidaltzen genituen, telefono-dei internazionalak oso garestiak ziren-eta. Telefonoa izatea ere ez zen gauza orokorra, baina ahalegin handi honen ondoren, eta hilabete bat itxaron ondoren, amamak gure ahotsa lasai entzuteko aukera zeukan, gaur egungo whatsapp-audioak bezala.
Baina gaur egun, nahiz eta komunikazio-bideak oso anitzak izan, besteekin komunikatzea zaila da. Esate baterako, eskuko telefonoak poltsikoetan sartuta dauzkagu, guztien eskuetan daude, deiak merkeak dira, wifi-konexioa edozein gunetan… Baina eskuko telefonoak eta teknologia berriak ematen dizkiguten aukerak ez ditugu komunikatzeko erabiltzen. Orain audio bat erabil dezakegu eta beste aldean dagoenak momentuan entzun dezake postara joan barik, baina, hala ere, ez dira entzuten, denbora ez dagoelako edo interesa ere ez dago.
Presaka gabiltza: ez daukagu denbora harremanetan sakontzeko. Whatsapp gehiegi ditugu ikusteko, e-mail gehiegi ditugu erantzuteko, sare sozial guztietan besteen bizitzaren berriak argitaratuta ikusten ditugu. Eta horrela orduak, egunak, asteak eta hilabeteak pasatzen dira besteekin komunikazio zuzena izan gabe.
Gure arteko harremanak berreskuratu behar ditugu. Baina batez ere berotasuna. Erlazioak loreak bezala dira: zaindu egin behar dira eta ureztatu egin behar dira. Usain onak gure bizitza lurrin dezala.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 27, 2018
Number: 33139813
Source:
Duration: 00:02:55
Number of visits: 489