Docutec Card

Mariano Ferrer, belarriprest

Euskara hutsez egindako lehen elkarrizketa publikoa eskaini dio Mariano Ferrer kazetariak Euskadi Irratiari, baiezkoa ematea kosta egin zaion arren: "Oraindik ez dut gainditu lotsa".

Egunero saiatzen da Mariano Ferrer euskara lantzen: "Neure buruari zor diodala uste du, eta euskarari ere bai', esan du Faktoria programan. Uste du Euskaraldiak mereziko duela: "Esperientzia ona izango da. Inertziak astindu behar ditugu. Donostian euskara gehiago entzuteko balio badu, estupendo!".

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Eta gaur berezi-bereziki belarriprest direnak gogoan izanda abiatu nahi dugu, eta lehenengo agurra, hortaz, euskaraz eta publikoan orain arte elkarrizketa bat osorik eskaini ez duen herritar bati. Mariano Ferrer kazetaria, egun on.
MARIANO FERRER KAZETARIA. Berdin. Egun on.
KAZETARIA. Txapa jantzita dagoeneko.
MARIANO FERRER KAZETARIA. Oraindik ez, baina bueno, nahi baduzu hementxe daukat.
KAZETARIA. Eta belarri, belarriprest jartzen du zure txapak, ezta?
MARIANO FERRER KAZETARIA. Bai. Bai. Belarriprest. Prest euskaraz aritzeko. Bueno, lehenengo entzule bezala, noski. Baina ahal dudan neurrian hiztuna ere.
KAZETARIA. Koska handia dago batetik bestera, Mariano? Alegia, kosta egiten da urrats hori ematea? Ze aitortu diguzu aurreko egunetan, zuk ez duzula gainditu-eta publikoan aritzeko lotsa.
MARIANO FERRER KAZETARIA. Bai. Egia da. Lotsa ematen dit nire euskara traketsa delako. Eta bueno, nerbioso jartzen naiz. Eta gaizki hitz egiteak blokeatzen nau. Baina bueno, hemen nago egun eta… Eta ikusiko dugu nola, nola konpondu naizen.
KAZETARIA. Euskaldun zahar diren herritarrek, edo euskaldun zaharrak garenok iruditzen zaizu batzuetan gauzak zail jartzen dizkizuegula?
MARIANO FERRER KAZETARIA. Ez. Ez. Ez. Ez. Ez. Ez. Ezta ere, oso atseginak dira; bai. Problema da nirea, ez haiena. Benetan. Bueno, nik hobeto ulertzen dut euskara batua, eta astiro hitz egiten badidate askoz hobeto, eta bueno… Baina bakoitzak bere erara egiten ditu gauzak eta nik, bueno, konpontzen naiz ahal dudan bezala.
KAZETARIA. Euskaraldiaren aurkezpen-ekitaldian gogoratu zenuen erdaldun jaio zinela, eta umetatik deitzen zizutela belarrimotz. Baina gaztetatik izan nahi zenuela euskaldun. Beraz, jakin gabe beti izan zara belarriprest.
MARIANO FERRER KAZETARIA. Bai. Egia da, egia da. Baina nire haurtzaroan euskara gutxi entzuten zen, e! Eta orduan, e, ezin nuen izan belarriprest. Bueno, hori gerokoa izan zen.
KAZETARIA. Iruditzen zaigu zu muga ez izatea, euskaldun batek zuregatik bere jatorrizko hizkuntza ez aldatzea, hori izan dela zure helburua. Galdetu nahi dizut lortu ote duzun edo gehienetan, edo askotan sentitu ote zaren zu muga.
MARIANO FERRER KAZETARIA. Oraindik dago muga. Bai. Egia da askotan euskaraz hitz egiten dut, edo saiatzen dut euskaraz egiten, baina egia da elkarrizketa gai batzuetan hartzen (sartzen) bada ni ez naiz gauza euskaraz jarraitzea hemen. Nire bizitzako gauzak kontatzea, kontatzeko, bai, baina politikaz hasten banaiz hitz egiten, oso kostatzen zait. Oso.
KAZETARIA. 1976an hasi zinen euskara ikasten.
MARIANO FERRER KAZETARIA. Bai. Orain dela urte asko… Bueno, egun hartan Herri Irratiak 24 orduak euskaraz ekitaldi historikoa antolatu zuen. Eta bueno, lehendabiziko, lehendabizikoz irrati batek egun bateko programazio osoa, osoa, euskara hutsean egin zuen. Eta niri pena eman zenidan (zidan) ekitaldi historiko hartatik at izateak, eta erabaki nuen: euskara ikasi behar dut. Eta horretan nabil, e! 40 urte pasa dira, eta euskara ikasteari eusten diot. Badakit inoiz ez dut nahi bezain ongi euskaraz egingo dudanik, baina euskara lantzen ahalegintzen naizela egun oro, eta gustura. Badakizu zer? Nire buruari zor diodala uste dut. Eta nolabait euskarari ere bai.
KAZETARIA. Pentsatzen dut, Mariano, duela 42 urteko Herri Irratiaren ekitaldi hark, 24 ordu euskaraz, sortuko zuela halako ilusio bat, olatu bat, aldaketa bat. Euskaraldiak izango du indar eraldatzaile hori zure ustez?
MARIANO FERRER KAZETARIA. O, bai. Bai. Bai. Bai. Uste dut esperientzia on bat izango dela. Ba al dakizu zer? Gure hizkuntza erabiltzeko ohiturak edo inertziak astindu behar ditugu, eta uste dut niretzat Donostian euskara gehiago entzuteko balio badu Euskaraldiak, bueno, estupendo!
KAZETARIA. Mariano, asko kosta zaizu gure galderak erantzutea?
MARIANO FERRER KAZETARIA. Kosta? Bueno, onartu, elkarrizketa onartzea bai, asko kostatu dit (zait). Lotsa eman zidan jende aurrean nire euskara eskasarekin hitz egitea, baina Euskaraldia horretarako da, ezta? Orduan, hemen nago.  

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 23, 2018
Number: 32867295
Source:
Duration: 00:05:40
Number of visits: 677