Docutec Card

Gidabaimenak poltsikoan mina

Askok atera gura dute gidabaimena 18 urte bete orduko. Gogoa ez ezik, dirua ere behar da, ordea, eta ez gutxi. Euskal Herrian bada aldea prezioetan.

 Zer? Gidabaimena ateratzeko asmotan al gabiltza? Autoa hartu eta lagunekin edo bikotekidearekin buelta bat ematera joan, kostako herri polit horrek duen hondartzara bainatzera joan, asteburua pasatzera camping eder hartara eskapada bat egin...

Baina hau ez da merkea, aizu! Alde batetik zeure autoa izan nahi baduzu (luxu hutsa garai honetan), hor dirutza utziko duzu. Bestetik, nahiz eta ibilgailua gurasoena izan, asegurua aldatu beharko duzu, eta hori ere ez da merkea. Eta, hori dena gutxi balitz bezala, gidabaimena bera ateratzeko ere poltsikoa hustuko dizute! Euskal Herriko bost hiriburutako autoeskola banatara deitu dugu, adibide gisa, prezioak galdetzeko. Hauek izan dira emaitzak:

Matrikulatzeko garaian hasten gara aztertzen non den merkeagoa eta non garestiagoa. Aldea ikaragarria izan daiteke. Baionan matrikulatzeak, adibidez, 40 euro balio du, izugarri merke, Gasteizekin konparatuta; han matrikulatzeko, 390 euro ere kenduko dizkizute beharbada. Bilboren, Iruñearen eta Donostiaren artean ere bada aldea, baina ez hain handia: 174 euro, 137 euro eta 207 euro, hurrenez hurren.

Azterketa teorikoa prestatu eta egitea berriro ere Baionan da merkeena, 120 euro balio baitu. Gainerako hiriburuetan prezioak 180 euro eta 250 euro artean dabiltza. Halere, azterketa teorikoa zeure kasa presta dezakezu, ondoren azterketara aurkezteak balio duena bakarrik ordainduta.

Hori gainditu ondoren, azterketa praktikoa dator, gazteoi horrenbeste beldur ematen diguna, oso zorrotza izatearen fama baitu. Klase praktikoak egindako orduen arabera ordaintzen dira, eta hauexek dira lortu ditugun prezioak: Baionan ordubeteko klase praktiko batek 29 euro balio ditu; Bilbon 36 euro, garesti samar gainerakoekin alderatuta; Gasteizen 30 euro inguru; Iruñean 24 euro, eta Donostian 25 euro. Azterketa praktikoak, gehienetan, klase batek bezainbeste balio du.

Hala ere, kontuan izan behar da hau ez dela dena: azterketak egin ahal izateko, zirkulazio tasa ere ordaindu behar da, 73 euro; eta praktikora aurkeztu ahal izateko, azterketa medikoa egin behar da, tokiaren araberako prezioa duena, baina ez da garestiegia izaten.

Gainera, A eta B baimenak batera ateratzea merkeagoa da bakoitza bere aldetik egitea baino, matrikulan deskontua egiten baitute askotan, eta azterketa teorikoa bera da, nahiz eta A baimenak beste azterketa teoriko bat izan, 14 galderakoa.

Amaitzeko, esan beharra dago autoeskola gehienetan Gazte Txartela aurkeztuta deskontua egin ohi dutela. Kontuan hartu, beraz. Eta herrietako autoeskoletan galdetzea merezi du, baliteke-eta prezioan alde handia izatea.

Gidabaimena ateratzekotan bazabiltzate, beraz, ondo begiratu zein autoeskolatara zoazten, eta azterketan aurreneko aldian gainditu, gehiago ez ordaindu behar izateko. Animo! Hegoaldekoa izanda, Iparraldera joatea aukera ona da, agian, gidabaimena ateratzeko. Poltsikoak behintzat eskertuko dizu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 2, 2007
Number: 325415
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5682