Docutec Card

Emakume zientzialariak

Begoña Muruaga adituak zientziaren historia aztertu du, eta hainbat emakume zientzialariren kasuak azaltzen ditu Teknopolis saioan.

 

Bideo hau Dokumentu Biltegiko 53. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Orain barregura eragiten badigu ere, unibertsitatera joan ahal izateko emakume asko gizonez jantzi ziren. Beste emakume batzuk, alderantziz. Orduko edertasun kanonak ez betetzeagatik haien gurasoek zientzialari izatera derrigortu zituzten, alferrik gal ez zitezen. Eta hala ere, emakume gehienek ikasi nahi eta ezin. Zientziaren historia horrelako kasuz beteta dago, eta argitara aterako ditugu gaurkoan Teknopolisen.

G.- Arratsalde on, Bego.

Begoña Muruaga.- Kaixo, arratsalde on.

G.- Historio horiei heldu aurretik, heldu diezaiogun zureari, labur-labur bada ere.

B.M.- Ba, txikitatik izan naiz irakur zalea, nik ez dakit zergatik.

Begoña Muruagak literatura eta emakumeari buruzko gaiak izan ditu gogoko gaztetatik. Eta hori agerian geratzen da bere ibilbide profesionalean. Euskara eta literatura irakaslea izan da, itzultzailea eta Emakunde aldizkariko koordinatzailea. Baina zuetako askok agian ezagunagoa izango duzue komunikabideetan egin dituen kolaborazioengatik. Euskadi Irratian eta Radio Vitorian hitz egin ohi du, eta garai batean Euskal Telebistan ere egin izan zituen agerraldiak Joseba Agirretxeak aurkeztutako Egonean giro programan.

Emakumeek idatzitako literaturaren kritikak egin ditu batez ere, baina beste esparru batzuetan aritutako emakumeen biografiak ere aztertu ditu. Gaurkoan emakume zientzialariak izango ditugu hizpide.

G.- Emakumeen historia landu izan duzu, Bego, eta kasu honetan, emakume zientzialariak aukeratu dituzu. Lau emakume zientzialari hartu ditugu, eta has gaitezen zaharrenarekin. Maria Hebreoa, I. mendekoa bera, Hala ere, gure etxeetan, oraindik ere bere asmakizunak erabiltzen ditugu...

B.M.- Bai, bai, hala da. Bueno, I. mendea, II.a, III.a, segun eta non begiratzen duzun Mariaren bizitza, mende desberdinak agertzen dira, ez baitakigu noiz jaio zen eta noiz hil zen. Alejandriakoa zela bai, eta alkimista zela. Mariari buruz gertatzen dena da, datu biografikorik ez jakitean, batzuk zalantzan jartzen dutela bizi izana ere. Hala ere, lehen esan duzuna, ezta, Erdi Arotik aurrera, balneum Mariae, “bainu maria”, gaur egun, nik uste dut etxe guztietan ezagutzen den teknika hori, elementuak berotzeko, janaria berotzeko. Eta horren berri dakigu IV. mendetik hona. Zósimo de Panópolisek ematen digu Mariaren berri. Maria Práctica izeneko artikuluen bilduma bat aurkitu zuen. Hor agertzen zen bainu maria zertarako erabiltzen zen, zertarako behar zen, eta baita ere berak asmatutako tresna batzuk, adibidez, landareei olioa ateratzeko, edo metalak berotzeko eta horrelako gauzak. Kontuan hartu behar dugu garai hartan ez zegoela ez fisikaririk ez kimikaririk, ez gaur ezagutzen dugun zientzialaririk eta alkimiak biltzen zituela gauza horiek guztiak. Metalak urtu nahi zituzten, metalak nahastu nahi zituzten, bai bitxiak egiteko, kultura guztietan egon dira bitxiak eta egon dira ukenduak, egon dira perfumeak. Eta horiek guztiak nola egin eta nola lortu zain bat, nola lortu ukendu bat… Horretarako jakin behar zen zer nahastu zerekin, eta Maria horretan trebea zen, eta asmatu zuen tresna bat, “tribikos” izenekoa, adibidez, horrelako gauzak nahasteko, metalak nahasteko, gauzak berotzeko, eta bainu maria, esan dugun bezala, etxean, gaur egun industrian eta botiketan erabiltzen den sistema da.

Maria hebreoa ezagutu dugu. Badakit datu gutxi dagoela, horren antzinakoa izanik. Goazen zure bigarren aukera entzutera: Madame du Châtelet. Matematikari eta fisikari ona izan zen eta gainera Voltaire-ren emaztea, edo laguna.

B.M.- Bai, maitalea, nik esango nuke hobeto, ezta? Madame du Châtelet oso emakume berezia izan zen. Berez, markesa bihurtu zen bere senarrarekin, marqués du Châtelet-ekin ezkondu zenean 19 urterekin. Oso gauza bitxia gertatzen da emakume honekin zeren bere aitaren deskribapena kontuan hartzen badugu, antza denez, oso emakume handia zen, bere adinerako, oso handia, eta aitak esaten du, “nik pentsatzen nuen garai hartan bere fisikoa ikusita, eskuak izugarri handiak zeuzkan, eta eskuak ahaztu egiten zitzaizkizun oinak begiratzean”. Beraz, ez dakit aitak nola ikusten zuen alaba baina oso itsusitzat zeukan, beraz, utzi zion ikasten ez zuelako esperantzarik, ezkontzeko esperantzarik, baina Maria antza denez, gero, pixka bat hazitakoan, ez dakit nik dotoretu zen edo 19 urterekin, kontua da etxetik alde egin eta ezkondu egin zela markes honekin. Markes hau aberatsa zen, aukera ematen zion nahi zuena ikasteko eta gainera etxean tertuliak antolatzen zituzten garai hartako matematikari, fisikari eta filosofo ospetsuekin. Eta kontua da gaztetan ikasitako kontuak aukera izan zuela praktikan jartzeko Voltaire ezagutzean. Voltaire familiaren laguna zen, poliziatik ihes zebilen eta ezkutatu behar zuen nonbait eta Châtelet chateau-an ezkutatu zen. Eta harrezkero, Mariak alde egin zuen etxetik, senarra utzi, Voltaire-rekin jarri zen bizitzen, eta Voltaire-rekin egin zituen, jarraitu zuen gainera etxean tertuliak antolatzen eta egin zituen ikerketa zientifiko guztiak Voltaire-rekin elkartu ondoren.

G.- Nik ez dakit zenbateraino eragin zuen horrek, beste gizon bat izan balu ondoan, aurrera egingo luke berdin-berdin?

B.M.- Nik pentsatu nahi dut Voltairerekin bizi izan zela hain zuzen ere berak eskaintzen ziolako nahi zuena jarraitzeko bidea. Eta oso gauza berezi bat dago bien artean, ezta? Garai hartan halako lehiaketa moduko bat konbokatu zen suaren ingurukoa. Jendea kezkatuta zegoen suaren prozesu guztiez, ezta, orduan suaren inguruko lehiaketa bat antolatu zen eta Voltaire aurkeztu zen. Baina ikerketa biak ari ziren batera egiten, eta Maria konturatu zen emaitza desberdinetara ailegatzen ari zirela. Orduan, ezkutuan Mariak bere izena eman zuen lehiaketan, eta Voltaire enteratu zen lehiaketaren emaitzak atera zirenean, biak aurkeztu zirela. Ez zuten lortu ez batak eta ez besteak, baina Mariak gero lortu zuen bere lan hori argitaratzea. Eta da suaren inguruko disertazioa eta garai hartan interesatzen zitzaien gaia, ezta?

G.- Madame du Châteleten kasua berezi samarra zen. Garai hartan emakumeek nekez ikasi ahal izango zuten. Emakume hau aberatsa izateak izan ote zuen eraginik horretan?

B.M.- Hori zen ezinbesteko baldintza. Esango nuke aberatsa baino ia-ia aristokrata izan behar zuela nahi eta nahi ez. Berak, gainera, liburu bat atera zuen eta esaten zuen holako maila lortzeko aberastasuna ezinbestekoa zela.

G.- Aukeratu duzun hirugarren emakume zientzialaria Boloniako Maria Agnesi, XVII. mendean jaiotako emakumea, italiarra, matematikaria eta, oker ez banaiz, oso emakume jantzia, oso kultua. Ez dakit honek Mme. du Châteletek zeukan zortea izan zuen ondoan izan zuelako horrelako gizon prestu bat…

B.M.- Ez, juxtu nik esango nuke kontrako historia dela, ezta? Bai, aukera izan zuen Maria Gaetana Agnesik matematika ikasteko, aita matematikako irakaslea zen Boloniako Unibertsitatean eta irakaslerik hoberenak kontratatu zituen etxean ikas zezan. Garai hartan kontuan hartu behar da familia aberatsek etxean ikasten zutela, orduan ez zegoen oraindik unibertsitaterik, edo unibertsitateak hasi berriak ziren, eta familia aberatsetan etxean ikasten zen. Orduan, Mariak aukera izan zuen etxean ikasteko. Eta tertuliak antolatzen zituzten etxean eta denetik hitz egiten zuten, matematikari buruz, fisikari buruz zein filosofiari buruz. Kontua da hogei neba-arreba izan zituela eta aitak, ama bizi izan zuen garaian, antolatzen zituela tertuliak etxean. Zer gertatu zen ama hildakoan? Ba, aitak esan ziola bera zenez zaharrena, berak arduratu behar zuela bere neba-arreba guztien heziketaz. Orduan, antza denez, Mariak amets bakarra izan zuen bizitzan eta izan zen moja sartzea. Nik ez dakit honek ematen zion lanarengatik… Aitak ez zion utzi moja sartzen, eta orduan jarraitu zuen jubilatu arte, alde batetik neba-arrebak zaintzen; neba-arrebentzako gainera liburu bat idatzi zuen ikas zezaten, eta unibertsitateko irakaslea izan zen, Boloniako Unibertsitateko irakaslea, matematikako irakaslea. Aita jubilatu zenean, unibertsitateko katedra utzi eta Mariak Aita Santuari eskatu behar zion baimen berezi bat, zeren orduan emakumeak ezin ziren katedradunak izan. Eta orduan, Aita Santuari esker lortu zuen katedra eta aitaren katedra hartu zuen.

G.- Eta amaitzeko, Bego, laugarrena: Madame du Barry. Honek ez zuen izan aurrekoek izan zituzten erraztasunak ikastera joateko, beraz, erabaki harrigarria hartu zuen: gizonez jantzita joan zen unibertsitatera.

B.M.- Bueno, historian zehar, badakigu gizonez jantzita bizi izan diren… emakume batzuen berri badaukagu. Madame du Châtelet bera tertulietara gizonez jantzita joaten zen; kafetegietan egiten ziren tertulietara gizonez jantzita joaten zen. Madame du Barry, berriz, bizitza osoan gizonez jantzita ibili zen. Unibertsitatera joan zen gizonez jantzita, medikuntza titulua lortu zuen inork ez zekiela gizona edo emakumea zen, ospitaletan aritu zen mediku modura, zirujau modura lortu zuen halako sari bat zirujaurik hoberenaren saria, Kanadako ospitaletan egon zen ikuskari modura, eta hildakoan bakarrik deskubritu zen emakumea zela. Hor zer gertatu zen gero? Bada, izugarrizko eztabaida sortu zen gizartean, gizon afeminatua ote zen… Esaten zuten fisikoki txikia zela gizon izateko, gehiago zeukala emakume baten estatura, eta gainera ahotsa ere nahiko emakumearen edo antzekoa zeukala, eta orduan, ba bueno, bere garaian jendeak pentsatzen zuela gizon afeminatua zela. Gero, androginoa edo ote zen, hildakoan, eta deskubritu zenean emakumea zela… Kontua da lurperatu zutenean garai hartako politikoek esan zutela dena izan zela halako akats moduko bat, gaizki ulertu bat, benetan gizona zela. Baina, ez dakigu zergatik, berari buruzko dokumentazio guztia bat-batean desagertu egin da.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 22, 2007
Number: 323746
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00.11.04
Number of visits: 10261