Docutec Card

Ijitoak: hain hurbil, hain urrun

Apirilaren 8an Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Ijitoei buruzko erreportaje interesgarri honek ijitoen jatorri eta ohiturak erakutsiko dizkigu; betiere, Euskal Herriarekin izan dutena azpimarratuz.

 

Bideo hau Dokumentu Biltegiko 35. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Buhamea, ebaslea; ijitoa, lapurra; motxailea, zikina… Euskaraz ere, gaur egunera arte heldu dira xenofobiaz betetako topikoak. Baina zer dakigu egiaz herri honen gainean?

Josune Muñoz.- Erromintxelak iparraldetik sartu ziren, eta bohemioak, Bohemiatik ere. Orduan, Euskal Herrira heldu zen ijito-taldea Kalderas etniakoak ziren, eta Bohemiatik etortzen ziren oso jantzi koloretsu eta… bueno, bohemioak, buruan dugun bohemio irudi hori, eta baita ijitoen artean badago urrea soinean eramateko ohitura. Orduan, imajinatu garaiko euskaldunentzat zer-nolako, ez dakit, sorpresa eta gauza berezi eta berria eta ikustekoa izan beharko zen talde handi-handiak, gurdiekin, animaliekin, jantzi koloretsu eta urre guzti horrekin etortzea, agertzea. Eta inpaktantea izan beharko zen, bueno, oraindik mantentzen da ohitura hori, Kaldereroen etorrera ospatzeko egun hori Donostian.

Alizia Stürtze.- Ijitoak ekialdetik etortzen direnean oraindik ere erromesak oso modan zeuden eta oso ondo ikusita zegoen. Eta orduan, ijitoak ere, ijito-taldeak ere, horren arabera sartu egiten dira Europatik eta Euskal Herritik eta Penintsulatik eta, bueno, azken finean, ba… Santiagora joateko. Gero jada historikoki aldaketak ikusten joaten dira: jada erromes ibiltzea ez da ondo ikusten, Estatuak (monarkiak) zentralizatu egiten direnean jada jendea nahi da leku finko batean kontrolatuta izatea (orain gertatzen den bezala), eta, bueno, eta orduan jada erromes izatea gaizki ikusten da, handik aurrera ikusten da ijitoen kontrako neurriak nola hartzen joaten diren.

Josune Muñoz.- Lapurrak… Betiko estereotipoa Euskal Herrian ere mantentzen da, baina, beste alde batetik, Kalderero Egunean edo baita Zuberoako maskaradan agertzearena, igual horrek badauka zer ikusi handiagoa kanpotarrak direlako, esan nahi dut, gu euskaldunak bertakoak garela eta beraiek dira kanpotik datozenak. Eta hori ere negatibizatu egiten da, ba, nolabait, hemengoa positibizatzeko besteen aurka. Baina hala ere, begiratu, Pittuk, Zuberoako Pittuk, duen, ba ez dakit, grazia baita azpimarratzekoa da.

Alizia Stürtze.- Moztailea, adibidez, ardiei ilea mozten, horretara dedikatzen ziren; pertz egilea eta abar, eta abar. Orduan, baziren ijito talde batzuk lan berezi batzuk egiten zituztenak. Eta horiek, nola edo hala, nahiko ondo integratuta zeuden, nahiz eta nomadak izan, baina, bueno, sasoian sasoiko lanak egiten zituztela edo betetzen zituztela. Hori batetik, eta gero Donibane Lohitzunen eta Ziburu aldean historikoki ere agertzen da, Kaskarot delako taldea. Batzuk esaten dute ijitoena eta agoteen nahasketa omen dena, baina, bueno, kontua da hor ikusten dela talde bat ijitoekin zer ikusia duena, jakina, euskara erabiltzen duena eta arrantzara, arrantzara gizonezkoak eta emakumeak arrain-saltzaileak direna.

Josune Muñoz.- Bai, nik jaso nuen informazioaren arabera, Euskal Herrian, duela hori, ia-ia hamarkada bat, bostehunen bat izango ziren, bueno, hegoaldean, Euskal Herrian baino, zeren iparraldean badaude eta, hori, jaso genuenaren arabera, hegoaldean baino gehiago.

 

Marikita Tanburin.- Donibane Garazin eta inguruko herrietan bizi da populu berezi bat: buhameak edo ijitoak. XV. mendean Baionan agertu ziren buhameak. Hemengo herrietan badakigu XVIII. mendetik bederen bizi direla. Hastapenean ibilkariak baldin baziren, aspalditik bertakotuak dira eta euskal deiturak dituzte, baita euskaraz mintzo dira. Baina badute beste hizkuntza bat ere beraiek "erremetzela" deitzen dutena eta oraindik bizi dena. XIX. mendean Barbierrek bildu zituen hizkuntza horretako hitz batzuk eta esaldi batzuk artikulu batean, deitzen dena Antxizarburuko bohemioak . Gauza bera egin zuen XX. mendean Daranatzen.

Jean Barbierrek bere ikerketa egin zuen Duzunaritzeko auzo honetan, legez, Izuran eta Garaziko beste herri batzutan bizi dira ijito euskaldunik gehienak. Literaturan askotan ageri zaigun pertsonaia da, eta Pedro Migel Urruzuno idazle elgoibartarraren lanetan hartzen du berebiziko garrantzia. Historiako hainbat idazlek sartu izan du ijitoa bere ipuin eta eleberrietan eta, mesprezuz edo liluraz, egia da pertsonaia gutxitan pasa dela oharkabean.

Erromintxelazko idatziak askoz ere bakanagoak zaizkigu, eta beti egaxuek, hau da, ijito ez direnek osatuak, oraintsu arte ahozkora mugatu den herria izaki ijitoa. Erromintxelatik hartu zuen Koldo Izagirrek, adibidez, Espetxeko euskara osatzeko behar zuen hiztegia, eta erromintxelaz osatu zituen Jon Mirandek ere zenbait poema.

Marikita Tanburin.- Lehenbiziko berezitasuna da hiztegiarena: parte bat dute erromani hizkuntzako hiztegia eta hori badakigu joan populuak erabiltzen duen mintzoa dela, eta bere jatorria Indian duela. Bigarren berezitasuna, hemengo erremetzelarena da, beraz, euskaratik hartzen dituela bai deklinabidea eta aditza. Adibide gisa, emanen dut berriki gazte batengandik bildu dudan esaldi bat: "Panin piatu ari niz". Erromani hizkuntzan, beraz, errumanieraz, "panin" ura da, "pia"k erran nahi du edan. Beraz, "Ura edaten ari naiz". Eta hor ikusten dira lehenbiziko bi hitzak direla errumanieraz eta aditza euskaraz.

Beraien artean mundu oso bat mantentzen zen erromintxelaren bitartez, ez bakarrik guk ez ulertzeko. Gure aurrean bazen guk ez ulertzeko, baina haien artean zen beste mundu bat, mundua esateko beste modu bat. Nomadismo garaiko oso oroimen polita, zeren baserritarrekiko harremana beraien ustez oso ona izan da, ez dute arrazakeria handia jaso herrietan, igual hirietan gehiago hirietan herrietan baino.

 

 

 

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 4, 2004
Number: 29999
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:08:56
Number of visits: 9403