Docutec Card

Haurrak etxean euskara entzunda, hitz egingo du kalean

Munduan herrialde asko daude hizkuntza bat baino gehiagotan funtzionatzen dutenak. Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak onura gehiago dakar arazoak baino. Hizkuntza bat ondo jakiteko, ordea, erabili egin behar da, eta horretarako, non erabilia eduki behar da.
Buruntzaldeko 6 herrietan proiektu bat jarri dute martxan, hizkuntza transmisioan familiak duen garrantzia azpimarratu nahian. Zein hizkuntzatan hitz egiten duten gurasoek seme-alabekin, euren artean, horrek zein eragin daukan haurrak hizkuntza ikasteko... Nola jokatu bi gurasoek euskaraz ez badakite...

Haurra hizketan hasten denetik eta sei bat urte betetzen dituen arteko garaiari hizkuntzaren adina deitzen diote adituek. Umeak hitzak ikasi eta horiekin jolasean aritzeko irrikaz egoten da. Garai horretan guztiz garrantzizkoa da umeari laguntzea, ikasten duena egokia eta osatua izan dadin. Gurea bezalako herri elebidunetan, bi hizkuntza dituzten herrietan alegia, hizkuntzak ikasteko bidea ondo egiten bada, etekina haurrak berak aterako dio. Etekina, bere garapenean eta baita beste hizkuntza batzuk ikasteko erraztasunean ere.

Gurasoak haurraren eredu
Haurraren heziketan garrantzi izugarria dauka familiak. Eguneko zati handi bat familian pasatzen du haurrak eta bertatik eredu asko jasotzen ditu: jokabidezkoak, kulturalak... eta baita hizkuntza bera ere. Alde horretatik, familia da euskara ikasteko modurik errazena, merkeena eta eraginkorrena. Euskara irakastearekin batera, euskara erabiltzeko ohitura edo erabilerarekiko ardura ere transmititzen dira; kultura, umorea, pentsaera, bizitza ikusteko modua... Familian euskara ikasten ez bada, eskolak bete behar du lan hori, baina, eskola ez da nahikoa hizkuntza baten transmisioa ziurtatzeko. Kasu horietan gure inguruan sortzen dugun giroak eragin handia dauka. Nola hitz egiten dugu senide, haurtzaindegi, zaintzaile, pediatrarekin? Eta lagunartean?

Zer egin lezake bakoitzak?
Helburu nagusia da umearen inguruan ahalik eta euskal girorik handiena sortzea. Eskolaz kanpoko jardueretan, lagunekin eta ingurukoekin izango dituen harremanetan, telebista, pelikula, antzerki eta bestelakoak ikustean... Oro har, hizkuntza egoera hobetzeko derrigorrezkoa da askoren lana bideratzea eta horien artean, familia da garrantzi handiena daukana. Familia bakoitzean errealitate ezberdina daukagu, ordea. Zer egin liteke kasu bakoitzean?

Familia_buruntzaldea

 


Guraso euskaldunek zer?
Umeak konturatu behar du euskara baliozko tresna dela. Horretarako giltza da bikotekideen artean euskaraz hitz egitea. Euskaraz egitea bikotekidearekin, eta ahal bada aiton-amonekin, zaintzailearekin, gainerako guraso euskaldunekin, eta bereziki gutxiago dakitenei euskaraz aritzeko aukera ematea. Etxeko euskara erabili harreman arruntetan. Ez pentsatu zeure euskara kaxkarragoa denik eta euskara batua hobea. Hor azpian bada euskara batuaren eta etxeko euskararen arteko borrokatxo bat. Baina euskara batua eremu formaletan erabiltzeko asmatu da (telebistan, irratian, irakaskuntzan, administrazioan eta abar).


Bikotekide mistoetan nola?
Hizkuntza ezberdinen jabe diren bikote mistoak oso arruntak dira mundu osoan. Egindako hainbat ikerketak dioenez, guraso bakoitzak hizkuntza bat hitz egin behar die seme-alabei, eta seme-alabek oso normal onartzen dute printzipio hori. Horrela bada, guraso euskaldunak euskaraz hitz egin seme-alabekin. Guraso erdaldunek hitz egin erdaraz lasai. Baina, saiatu euskaraz ikasten, gutxienez familiako hartu-emanetan elkarrizketei jarraitzeko, eta senitartekoek hizkuntza aldatzeko beharrik izan ez dezaten. Egokia litzateke familiako beste kideekin batera aisialdiko ekintzetan edo eskolako bileretan euskaraz parte hartu ahal izatea. Euskara eta gaztelaniaren egoera ez da berdina. Haurra elebiduna izan dadin, ahalegin handiagoa egin beharko dugu euskara erabiltzeko esparru gehiago izan ditzan.

Gurasoetan inork euskaraz ez badaki?
Saiatu umeari inguru ahalik eta euskaldunena eskaintzen: haurtzaindegi, zaintzaile, eskola eta abar. Ez pentsatu eskolan bakarrik ikasiko dutenik. Euskaraz ikastea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Ahal duzuen neurrian, motibatu itzazue seme-alabak euskara ikasi eta erabiltzera. Animatu zaitezte zeuek euskara ikastera. Titulu beharrik ez dago, nahikoa da umearekin hitz batzuk egitera iristea, abestiak kantatzeko gai izatea...  

Proiektu pilotua Buruntzaldean
FAMILIA bidezko hizkuntza transmisioak duen garrantziaz jabetuta, Buruntzaldeko 6 Udalak (Andoain, Urnieta, Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Astigarraga) gurasoekin lanean hasi dira, proiektu pilotu bezala. Proiektu pilotua denez, herri bakoitzeko ikastetxe batekin ari dira lanean, eta baita herriko osasun etxeekin ere.

Osasun etxeak. Osasun etxeetan haurdun dauden gurasoei hitzaldiak ematen ari dira eta materiala ere prestatuta daukate beraiei emateko. Hitzaldi horiek haurdunaldiko ikastaroen barruan sartu dituzte eta herri bakoitzean euskaraz eta gaztelaniaz eman dituzte.

Ikastetxeak. Ikastetxeetan 2 eta 3 urteko haurren gurasoekin ari dira lanean. Hitzaldiak emateaz gain, liburuxka batzuk ere prestatu dituzte gurasoei gogoetarako gonbitea eginez eta pista batzuk emanez. Proiektu honetan lanean ari dira Buruntzaldeko Udalak, ikastetxeak, Osakidetza, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetza (HPS), HABE eta Soziolinguistika klustrerra.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 17, 2006
Number: 291718
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3581