Docutec Card

Txirrita bertsolaria

1860. urteko abuztuaren 14an jaio eta 1936ko ekainaren 3an hil zen Jose Manuel Lujanbio, "Txirrita" bertsolaria. Oraindik bizirik dago bere ospea eta jendeak gogoan ditu hainbat bertso; berak zioen moduan, "nire aipamenak izango dira beste larogei urtian".

Garai guztietako bertsolaririk ezagunenetarikoa izan zen. Bertsolari handiaren biografiaren hainbat zertzelada ematen dizkigute saio honetan.

Hainbat adituren iritzia entzuteaz gain, grabazio historikoak ere entzungai daude.

Txirritaren lehendabiziko bertso lagunak

 

Txirritaren bertsoak



Milla zortzireun irurogei ta
amalau urte urrian,
lehenengo plazan kantatu nuen
nik Ernani'ko lurrian,
San Antonio deitzen diyogun
ermita baten aurrian,
lagunak alkar ixtimatuaz
lengo oitura zarrian.

Joxe Migelek atera zuan
oso izketa leguna:
«Au da, gaztiak, prezisamente
guk egin biar deguna:
altxa dezagun San Antoniyo,
gaur da beraren eguna!».
Gaur Goiatz-txiki'n dago itxututa
orduko nere laguna.
 

Orduko ango bertsolariyak
lau lagun giñan guziyak,
Ernani'n bertan bataiatuak,
barriyu ortan aziyak:
Joxe Migel da Erramun illak,
ni ta Juan Mari biziyak,
San Antoniok merezi du ta
eman zaizkagun graziyak!

Irurogei ta amar bat urte
badaduzkat bizkarrian,
kargamenturik txarrena au da,
eziñ utzi baztarrian;
anka batetik kojoka nabill,
reuma daukat ixtarrian,
baño baditut laguntzalliak,
ez nago modu txarrian.

 Gazte-gazterik asi nitzan da
orañdaño bitartian
zenbait umore eder jarri det
Kantabria'ko partian;
pixka batian ez naiz aztuko
sartuagatik lur-pian,
nere aitamenak izango dira
beste larogei urtian.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Jangoikuaren paolak dira illargiya ta euzkiya,
argitasuna bialdu zigun lenbiziko egaztiya


Esataria.- Txirritak berak kantatutako bertsoa zen hori, 1917ko grabazio historikoa.
Jose Manuen Lujanbio Retegi, Hernaniko Ereñotzu auzoan jaio zen, 1860an, eta 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzan. Hamahiru urte zituela Latze baserria utzi eta Errenteriako Txirrita baserrira joan zen bizitzera bere guraso eta sei anai-arrebekin. Eta hortik datorkio izengoitia.
Plazan, hamalau urte zituela kantatu zuen lehendabiziko aldiz, Ereñotzuko San Antonio ermita aurrean izan zen hori. Hain zuzen ere, bere aita eraikitzen hasitako ermitaren atarian.
Gaztetan maiorazgoa izan arren, baserria utzi eta hargintzan aritu zen lanean. Errenteria, Donostia, Hernani eta Irun aldean egin zuen lan batez ere, baina Zaragozaraino ere iritsi zen beharrera. Beti bertsoa ahoan, plazan nahiz sagardotegian, hauxe berari buruz Nikolas Aldai, bertso-aditu eta lankideak esan diguna:

NIKOLAS ALDAI.- Mantenua, lotokia eta txanpon urri batzuen truke etxez etxe ibili ohi ziren euskal artisauen antzera, herriz herri bertsogintzan ibili zen azken bertsolaria izan zela esan genezake, Txirrita. Alpergile eta konjurogile, bare iraintzaile aparta eta hargina ere izan zen Txirrita.
Basarrik eta Uztapidek Pedro Mari Otaño eredutzat hartu eta hedatu eta garatu zuten bertsolaritzaren aurreko bertsolaria, nolanahi ere.
Heldu zaizkigun bere bertso jarrien graziarengatik mirestu izan dugu Txirrita bertsolaria, baina famak ere hala zituen eta bat-batean ere ez zen aldrebesa izango hustu ezin zen ganbara hartako uztaren jarioa, herri memoriak gorde izan duen ondorengo bertso honek garbi uzten duen bezala:

(Xabier Leteren ahotsean)

Goizeko bostak aldian neuzkan
maindire danak aItxian,
naiago nuen zure blankua
eduki banu etxian;
lendabiziko tirua beintzat
sartuko nizun beltxian,
bigarrengua utseginda're
ajola aundirik etzian.

Esataria.- Txirritak bat-batean botatako bertso erotikoa.
Txirritaren bat-batekotasuna izan da, hain zuzen ere, Ereñotzuko bertsolariaz liburua plazaratu duen Pello Esnalek azpimarratu diguna.

PELLO ESNAL.- Horren gero eta nabarmenago ikusten dira, ez? bi bertsolari mota, ez? Bada, batzuk, bada, jarioa berezkoa duten hori eta beste batzuk, berriz, bertsoan, ez dakit, behartuta edo, nahi baldin baduzu, gehiago landuta, baina landuta zentzu horretan, ez? Hau da, gehiago behartuta eta freskura pixka bat galduta, ez? Orduan, alderdi horretatik Txirritaren bertsoa ikusten da oso, oso, jarioa oso berezkoa zuela eta horregatik askotan falta… eskuan ez daukagun hori falta zaigun hori, bada, horren bila ibiltzen gara, ez? Eta horregatik, beharbada, Txirrita edo Txirritaren mitoa beti zaigu erakargarri.

Esataria.- Bere bat-bateko bertso asko jaso bada ere, gorde diren gehienak bertso jarriak dira.
1935ean Makazaga etxeak bertso jarri batzuen bilduma plazaratu zuen Txirritaren testamentua izenburuarekin. Ezagunak dira oso Norteko trenbideari jarritakoak, Nagusia eta maizterra, Frantses euskaldunarenak, Ametsa, Fueruak kendu zituenari edota Kubako gerrari jarritakoak.

PELLO ESNAL.- Txirritarekin, bada, bueno, hainbeste gogoratzen baldin bagara edo oso eskura baldin badaukagu bestalde izan da Antonio Zavalak egin duen lanagatik, ez? Hura hil eta, bueno, handik pixka batera hasi zen haren kontuak-eta biltzen eta beharbada beste zenbait bertsolarirekin ere horixe bera gertatuko zen, baldin eta beste norbait ibili izan balitz, bada, haien esanak-eta biltzen, bada, Pello Errota eta abar.

Txirritak, beste batzuen artean, Pello Errota, Udarregi, Otaño, Gaztelu, Artzai-txiki, Sailburu eta Frantsesa izan zituen bertsolari-lagun.
Txapeldunaren txapela ere jantzi zuen 1936ko Bertsolari Txapelketan, hil zen urte berean.

PELLO ESNAL.- Txirritaren irudiaz pozik ikusiko genuke gaur ere han, Zarauzko elizan, Getaritik etorri eta han bertso-paperak saltzen edo bertsoak kantari, behintzat.

Denbora ayetan usu omentzan
eta orain Donostiya;
gaur dan eunian onen inbiriz
bizi da mundu guztiya.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 2, 2002
Number: 27853
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 0:05:34
Number of visits: 9792