Docutec Card

Feminismoa, orain lehen bezain beharrezko

Bernardo Atxagaren gogoeta irratsaioa. Egungo eta XX. mende hasierako feminismoak ditu mintzagai.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Bernardo Atxaga. Madrileko Puerta del Solen gose-greban dauden zortzi emakumeen kasua aipatu zen programa honetan, eta kontua berritzera nator ni hainbat arrazoi tarteko.
Ba hala da: zortzi emakume gose-greban daude Madrileko Puerta del Solen. Zortziak ere Veraluz talde feministakoak omen. Beren asmoa Gobernua eta Espainiako parlamentariak estutzea, biktimak eta biktimen seme-alabak babes ditzaten, ze orain babesik gabe eta isilduta eta ezeztuta ikusten baitituzte. Beste hitzetan, gogorkeria matxista estatu-auzitzat hartzea eskatzen dute, eta indarrean jartzea feminizidoaren, feminizidioaren legea, lege zorrotza, kriminalak ikaratzeko modukoa.  
Veraluz talde feministakoek, gose grebalariak, emakume-oinetako gorriak eraman dituzte Puerta del Solera, odola irudikatuz, Ciudad Juarezeko emakumeak erakutsi bidean. Gainera, bortxakeria matxistaren azken biktimen eskelak. Guztiarekin bakearen sinboloa irudikatu dute lurrean. Ekitaldiak egiten dituzte gainera. Biktima batzuek ozenki kontatu dute bere kasua jendaurrean. Jakina, sinadurak bildu nahi dituzte kalerik kale, edo sarean change.org bidez, sinadura asko behar baitira Kongresuak herri-proposamen bat aintzat har dezan, 500.000 oker ez banago. 100.000 baino gehiago omen dituzte dagoeneko, gose-greba hasi eta 10 egunera.
Esataria. Ez da gutxi.
Bernardo Atxaga. Ez da gutxi, eta edukiko dituzte gehiago, uste dut.
Hainbat jenderi desatsegina egiten zaio feminista erradikalen jokaera, gehiegizko antzerkia iruditzen zaio. Arbuiatu egiten ditu show horien antolatzaileak, parasitoak dira eta nahi duten gauza bakarra da Gobernua estutu diru-laguntzak beraiengana bideratzeko, beraiengana eta ez biktimengana. Horrelako gauzak esaten dituzte eta okerragoak  ere bai, interneteko komun publikoetan, ze internet  hori ere bai baita, ez?, mezu zikinak modu anonimoan idatzita uzteko komuneko atea.
Baina faxistoiden argudioak ez ezik, badaude fenomenoaren aurreko erreakzio arrazionalagoak ere. Batzuek diote gaurko demokrazian badela erakunde egokirik errebindikazioak bideratzeko, eta istilu horiek anti-demokratikoak ere izan daitezkeela. Eta badira, baita ere, protesta feministaren modu hori dramatikoegia uste, dramatikoegitzat jotzen dutenak: “ Ez gaude XX. mende-hasieran, Emily Davidsonen garaietan”.
Esataria. Gogoratu egin behar da harena ere!
Bernardo Atxaga. Bai. Izugarria da. Eta eskura dago interneten, guztia.
Emily Davidson, askok gogoan edukiko dute izena, hil zen moduagatik batez ere. 1913an gertatu zen heriotza, Epsom-eko hipodromoan. Zaldi-karrerarik ospetsuena, Epsomeko Derbya hain zuzen ere, korritzen zen egunean. Guri-guri zegoen garai hartan sufragisten kanpaina, emakume-botoaren aldekoa. Eta Emily Davidsonek ekintza ikaragarri bat burutu zuen. Jarri zen hipodromoaren barruko barreran eta Ingalaterrako erregearen zaldia galopan hurbiltzen ikusi orduko, atera pistara eta haren aurrean jarri zen sufragisten banderina, more, berde eta txuria, eskuan zuela. Zartakoa ikaragarria izan zen: Emily Davidson hilda gelditu zen hipodromoaren belar-gainean. Istripua, esaten dut hau ikusi nahi duenarentzat, filmatuta gelditu zen eta ikusteko moduan dago orain sarean. Albisteak haize handia eman zion sufragisten kausari.  
Bost urte geroago lortu zuten emakumeek botoa emateko eskubidea Ingalaterran. Hasiera batean, 30 urtetik gorakoak bakarrik, 1928an modu unibertsalean. Espainiako estatuari dagokionez, eskubide hori 1933an jarri zen indarrean, eta inon baino lehenago, Eibarren, hauteskunde autonomikoetan. Gero eta gehiago gustatzen zait Eibar.
Azkenak markatu zuen Emily Davidsonen irudia eta feminismoaren martiritzat jotzen da gaur egun zuzentasun osoz. Baina bere aktibismoari zor zaizkio emakume beste hainbat borroka-modu ere, kasu, bera izan zen lehena gose-greba feministak egiten, eta alde horretatik, Puerta del Soleko emakumeak Emily Davidsonen orpotik ari dira.
Puerta del Soleko emakume horiek ez dute orain artean gozotasun handirik izan, eguraldi oso txarra alde batetik. Jainkoa ere ematen du…
Esataria. Kontra
Bernardo Atxaga. …matxista dela.  Ba aurrena oso eguraldi txarra, eta gero beste aldetik, berriz, batez ere ba komunikabide, Madrileko komunikabide nagusi batzuen aldetik, ba ezeztapena, inbisibilitatea: ez dituzte gogoan hartu. Hala ere, nolanahi den, itxura guztia dauka, Emily Davidson eta sufragistekin hasi zen borroka hark ez daukala itzulbiderik, eta garaipen politikoa lortuko dutela luze gabe.
Esan dut hasieran kontua berritzera nentorrela hainbat arrazoi tarteko. Funtsean arrazoi bakarra da eta post-data honetan azalduko dut. Post-data mikatza da. Atzo goizean Tolosako lagun batek deitu zidan, ez zuela ia lo egin, ordu bietan, ordu bi eta erdietan esnatu zela. Bere azalpena modu literalean esanda: “Neska batek negar egiten zuen modu desesperatuan, eta gizonezko batek, berriz, marru animalia batek bezala. Ez dakit zer izan den, baina beldurtuta nago”. Begiratu sarean, eta gertatutakoa: negar egiten zuen neska, bortxaketa baten biktima, nerabea. Animalia bezala marru egiten zuena, kriminala.
Esataria. Hau literala da, Bernardo?
Bernardo Atxaga. Nola?
Esataria. Literala da?
Bernardo Atxaga. Halaxe kontatu zidan telefonoz, deitu…
Esataria. Esan nahi du berak zerbait sentitu zuela…
Bernardo Atxaga. Nik uste dut auzo horretan, gainera, hor, auzo horretan arkupe asko dago eta hola, denak ere…
Esataria. Ze auzotan badakizu?
Bernardo Atxaga. Nire ustez katedralaren ondoan, erreka eta katedralaren arteko auzo horretan, nire ustez.
Esataria. Santa Maria elizaren inguruan esaten duzu?
Bernardo Atxaga. Bai. Nik uste hor… Egia baldin bada, eta uste dut egia dela esan didatena, hor, eta hor arkupe eta zoko asko…
Esataria. Gaur arratsaldean berrituko dugu, eman dituzte datuak Tolosako udalean eta horren zain geratuko gara.
Bernardo Atxaga. Bai. Ba. Ea argitzen den.
Esataria. Bernardo Atxaga, eskerrik asko.
Bernardo Atxaga. Bai. Agur. Agur.    

                                 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Feb 21, 2017
Number: 2777361
Number of visits: 2311