Docutec Card

Andy Warhol

Pittsburghen, Pennsylvanian, jaio zen 1928ko abuztuaren 6an eta New Yorken hil, 1987ko otsailaren 22an, Andy Warhol, estatubatuar artista ezaguna.

Artista eklektikoaren berri ematen digu erreportaje honek.

 

6.zinta /00.58.30

Transcription:[+] Transcription:[-]

Andy Warhol, seguru aski, XX. mendeko artistarik ezagunena da. Berritzailea, probokatzailea, aldakorra, ikonoklasta. Andy Warhol artista aitzindaria da batik bat, gerra-osteko kultura amerikarreko artistarik originalena eta polifazetikoena.

 

ANDY WARHOL, A FACTORY, Guggenheim museoak jaso duen atzera begirako erakusketa zabala Warholen lanaren erakusgarria da; pinturak eta eskulturak eta zine eta telebistarako produkzioak hartzen ditu. Izan ere, diziplina askotako artista dugu Warhol, kultur-ekoizpeneko bide guztiak ikertu zituen sortzailea, ondare artistiko handi eta era askotakoa utzi zuena.

 

ANDY WARHOL, A FACTORY. Erakusketaren izenburuak artistak bere bizitzan izan zituen hiru estudioei emandako izena aipatzen du. Warholen “Faktory(a)” berbak, leku fisikoaz gain, artistaren sortze-etapa bakoitza definitzen duen kontzeptu historikoa ere adierazten du. Faktoria bakoitza proiektu berritzaile eta sarritan ikonoklasten gunea izan zen.

 

Pittsburgh-en jaio zen, Pensilvanian, 1928ko abuztuaren 6an. Familiaren jatorrizko deitura Warhola zen. Andy Warholek Carnegie Technology Institute-ko Pintura- eta Eskultura-sailean ikasi zuen. 1949an, graduatu ostean, New Yorkera joan zen eta berehala lortu zuen arrakasta irudigile komertzial eta diseinatzaile grafiko gisa. 1962an Warhol komikietako irudigintza eta publizitatea hasi zen sartzen bere lanetan, serigrafia-prozesuen bitartez, irudiak manipulatuz, handituz, errepikatuz edo ebakiz, Warholek egunerokoari ireki zion artearen atea eta egungo kulturan joera orokorra dena abiarazi zuen. Hala ere, Warholek ez zuen errealitatea artearen bitartez interpretatu nahi, ez zuen errealitatea epaitzen eta ez zen aldatzen ahalegintzen, errealitatea erregistratzea besterik ez zen bere helburua. Warholen lanek ez diote ezer kendu edo eransten errealitateari, inguratzen duten gizartearen isla baino ez dira. Andy Warholen ustez, masa-gizarte estetiko eta nihilistak ez du ez funtsik ez helbururik, eta haren oinarria ez da gauza garrantzitsuen aberastasuna, gauza hutsalaren boterea baizik. Beraz, artistak gauzen garrantzirik eza eta haien hutsalkeria azaleratu behar ditu.

 

Horrexegatik arduratzen gaituzte gauzarik ezdeus eta txepelenek, Coca-Cola botila bat, zopa-lata bat edo pertsona ospetsuren baten argazkia kasu.

 

Warholek pintura bihurtu zituen argazki-irudien artean bere zine-aktore edo musikari kuttunenak zeuden, kontsumo-gizartearen sinbolo ia erlijiosoak. Bere serigrafia-pinturen kasuan bezala, Warholek erretratu horien hainbat bertsio egiten zituen, bata bestearen kopia ziren, xehetasun txiki batzuk gora-behera. Horrelakoen bitartez, komunikabideek ospea emateko zuten boterea eta irudien ugalketa zein estuki lotuta dauden adierazi nahi zuen. Warholek serieko ekoizpen gisa ulertu zuen ekoizpen artistikoa. Hortaz, 1962 eta 84 artean Factory-ak 2.000 koadro baino gehiago egin zituen. Warholen iritziz, koadro bat edozein kontsumo-produkturen modukoa da.

 

Egungo kontsumo-gizartean artea kontsumi daitekeen beste gauza bat baino ez da. Warholek ez zuen Hollywoodeko ospetsuengatiko lilura bakarrik ikertu bere lanean, ikusleengan ezbeharrek sortzen duten erakarpen morbosoa ere landu zuen.

 

Mass-mediek obsesionaturik, Warholek egunkarietan argitaratutako gertakari bortitzen argazkiak bildu zituen Hondamendia serierako, irudi izugarriak manipulatuz eta era guztietako kolore eta neurridun oihaletan behin eta berriz errepikatuz, komunikabideek gizartean duten eragin anestesikoa nabarmenarazi zuen trebezia handiz. 60ko hamarkadako materialismo gero eta handiagoaren aurkako erreakzio gisa, Warholek gizarte-maila ertainekoaren eguneroko bizimoduaren elementuak erabili zituen bere lanetarako gai gisa. Hartara, ideien bila hainbat supermerkatutan ibili ondoren, 64an Distira lana sortu zuen. Eskultura horiek erakusten duten irudia bikoizten dute eta amerikarren pentsamolde kontsumista gero eta handiagoa agerian jartzen dute trebezia handiz. Eta, aldi berean, artearen muga tradizionalak kolokan jartzen dituzte. Warholen iritziz, errealitatea islatzeko… ezinbesteko baldintza da haren hutsaltasuna eta ezereztasuna helaraztea.

 

60ko hamarkadaren hasieran zine-lanak ere egiten hasi zen, 63 eta 67 artean Factory-a bat-bateko zine-estudio bilakatu zen, eta Warholek eta bere lankideek 500 pelikula baino gehiago egin zituzten. Barne-narrazio logikorik gabeko filmak dira, itxuraz edukirik gabekoak edo oso eduki errepikakor edo hutsalekoak. Warholek bere film guztietan gainerako lanetan erabilitako motibazio estetiko eta filosofiko beretara  jo zuen. “Nire film guztiak artifizialak dira, eta, bestalde, dena da neurri batean artifiziala.

 

Ez dakit non amaitzen den artifiziala eta non erreala”. Halere, Warholen interes kulturalak ez ziren ikusizko arteetara eta filmetara mugatu, 1965ean jendaurrean pinturari utziko ziola esanda, sormen-bide berriei ekin zien. Warhol musikaren munduan murgildu zen, eta The Velvet Underground taldearen ordezkari egin zen. Plastikoaren ezinbesteko leherketa izeneko happening multimedien bitartez, ikerketak egiten hasi zen, antzerkia, zinea, musika eta dantza nahasiz.

 

60ko hamarkadaren amaieran Warholek Interview sortu zuen. Hasieran, zineari buruzko hilabetekari gisa sortu zen, eta denboran barrena barietateei buruzko argitalpen bihurtu zen. Warholek bere lagun famatuei eta politika eta ikuskizunetako pertsona ospetsuei egindako elkarrizketak argitaratzen ziren Interview-n. 70eko hamarkadaren erdialdean Warholek esanahi sinboliko handiko lan artistikoak sortzeari ekin zion. Aldi horretakoak dira Mao Tse Tung agintari txinatarrari egindako erretratua, igitai eta mailuaren pintura eta dolarraren sinboloa. Konnotazio politiko eta emotiboz beteriko irudiak dira. Gure garaiko irudiak masa-gizartearen fetitxeak. Warholek bere lanak egiteko erabiltzen zituenak. Bide sinboliko horri jarraiki baina inongo konnotazio politikorik gabe, Skull (Buruhezurra) seriea ere hor dugu. Warhol liluraturik zegoen heriotzarekin, haren halabeharrekotasunarekin. Halere, serigrafia-pinturen serie honetan Warholek era atseginez, ia sinpatikoz erabili zuen heriotza. Pastel-koloreak, kolore alaiak erabili zituen eta ematen du horrela koadroari ilunpeko kutsua kendu ziola. Masa-gizarteak eskura jartzen zizkion transmisio-bide guztiek erabiltzeko Warholek zuen interesa ikusirik, ezinbestekoa zen telebistaren munduan ere murgiltzea.

 

80ko hamarkadaren hasieran Warholek hainbat telebista-saio sortu zituen, modari buruzkoak nahiz elkarrizketa-saioak, Andy Warhol’s TV kasu, Interview aldizkarian erabilitako edukiak erabiltzen zituena.

 

Warhol, nahi gabe, “Karl Marx” izan zen pop-artean, artistaren irudia eraitsi eta irauli egin zuen, tratulariaren, enpresariaren, abeslariaren, argazkilariaren edo beste edozein langileren maila berean jarri zuelako. Warholek artearen zeregina eta funtzioa eguneroko lanaren maila berean jarri zuen.

 

1987an hil zenerako, Warhol, erretratatzen zituen beste pertsona ospetsu asko bezala, egungo gizartearen ikono bilakatu zen, artista balioanitz eta berritzailea artea ulertzeko beste modu baten sustatzailea.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C2
Sep 24, 2000
Number: 25575
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 0:10:15
Number of visits: 3395