Docutec Card

Euskara, Europako DNA

Pello Muñoa donostiarrak urteak daramatza Austrian bizitzen. Kale-hezitzailea izateaz gain, euskara irakaslea da Innsbruckeko unibertsitatean.

Euskarak adituengan interesa pizten du, eta Europako DNA aztertzeko ikasten dute gure hizkuntza, Muñoak azaldu duenez. Bere bizitzari buruz luze aritu da hizketan Amarauna saioan Garikoitz Udaberekin.

Elkarrizketa osoa entzuteko, klik egin hemen.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Garikoitz Udabe.- Pello Muñoa gurera gonbidatu dugu gaur jaun-andreok, dagoeneko urte batzuk daramatzalako Austrian bizitzen. Aizu, betidanik izan duzu kanpora joateko, ez dakit nola deitu, tentazioa edo... beharra, edo grina edo…?
Pello Muñoa.- Ez, ez dut eduki, egia esan, bizitzak horrela erabaki du niregatik. Hemen neska batekin maitemindu nintzen, baina kanpoan bizi zena, eta horregatik(an) joan nintzen kanpora.
Garikoitz Udabe.- Hala eta guztiz ere, zure familiaren zuhaitz genealogikoari erreparatuz gero, mugimendu dezente ikusten ditugu.
Pello Muñoa.- Bai.
Garikoitz Udabe.- Hasteko, eta pasarterik gogorrena, agian, aiton-amonena, ezta? Kontaidazu zuk.
Pello Muñoa.- Bueno, nire aiton-amon euskaldunek 1936an ihes egin behar izan zuten, e, badakigu zergatik, Francoren kontuak, eta atzerrian, Iparraldean erbesteratuak zeuden, edo errefuxiatuta zeuden, eta hor elkar ezagutu zuten. Gero nire aita… .
Garikoitz Udabe.- Bakoitzak bere aldetik ihes egin zuen, eta gero Iparraldean ezagutu ziren… .
Pello Muñoa.- Erbesteratu moduan elkar ezagutu zuten, ezkondu eta nire aita jaio zen. Eta nire aita, bada, bere bizitza osoa, jaiotzetik, ikasketak, lanean hasi, ezkondu, bi alaba Frantzian egin zituen, eta, eta gero, Espainia aldera joan ziren. Eta beranduago, ni jada jaiota nengoela, Euskal Herrira itzuli zen.
Garikoitz Udabe.- Madrilen, ezta? Egon ziren, egin zuten egonaldi bat eta gero ja...
Pello Muñoa.- Bai.
Garikoitz Udabe.- Zeuk uste dut, e, zazpi bat urte zenituela edo, horrelako zerbait?
Pello Muñoa.- Bai, halaxe da.
Garikoitz Udabe.- ...igo zirela gora. Aizu, ikasketaz zu ingeniaria zara?
Pello Muñoa.- Ingenieritza egin nuen, eta ingenieritza egiten nuen bitartean, bada, gizarte-mugimenduetan sartuta nengoen, eta gizarte-hezkuntza bizitzen hasi nintzen, karrera bukatu nuen, eta segituan lan-aukerak izan nituen gizarte-hezkuntzaren munduan, eta inongo zalantzarik ez nuen eduki, eta…
Garikoitz Udabe.- Gehiago asetu… .
Pello Muñoa.- ...bide hori jarraitu nuen.
Garikoitz Udabe.- Bueno, horretan ari zinen hemen, eta bat-batean, bueno, kontatu diguzu, maitasunagatik, Alemaniara mugitzen zara lehendabizi?
Pello Muñoa.- Horixe, Munichera.
Garikoitz Udabe.- Alemaniako norbait ezagutu zenuelako hemen? Edo... .
Pello Muñoa.-Ez, ez, italiarra zen. Bukatu zen, eta beste pertsona batekin, baita (ere) italiarra, eta orduan, bada, bueno, hor Munichetik oso gertu dagoen hiri oso-oso polit batera, Innsbruck-era joan nintzen, bera hor zegoelako lanean, eta gizarte-hezkuntzan jarraitu izan dut berdin-berdin.
Garikoitz Udabe.- Aizu, baina euskara irakasten ari zara?
Pello Muñoa.- Bai.
Garikoitz Udabe.- Innsbruck-en.
Pello Muñoa.- Bai,... . Hori kontu oso polita da. Europa aldean badirudi euskarari interes handia aurkitu diotela, eta ohartzen direla, e, benetan altxor handi bat dela. Begiratu, izakien garapena, izakien garapena ulertzeko ADNa (DNA) erabiltzen da, eta gizakien, e, garapena, giza artekoen harremanak ulertzeko hizkuntza daukagu; hau da, hizkuntza ADNa da. Gizakiaren ADNa hizkuntza da. Eta euskarak 10-15 mila urte artean dauzka, eta ADNa da, europarron ADNa da euskara, edo, ADN horren zati handi bat ulertu daiteke euskararen bitartez. Beraz, hizkuntz indoeuropear aurrekoa izanaz, eta azkenekoa da, azken oihartzuna, bada, interes handia pizten du hizkuntzalarien artean. Eta beraz, ez dute euskara, e, euskaraz hitz egin ahal izateko ikasten, baizik eta euskararen egitura, etimologia eta abar...
Garikoitz Udabe.- ADN hori ulertu nahian bezala orduan, ezta?
Pello Muñoa.- ADNa ulertu nahian. Eta noski, horretarako, bada, baita (ere) pixkat hitz egin beharra dago. Nire ustez, ez dago kultura bat ulertzerik bere hizkuntza hitz egin gabe.
Garikoitz Udabe.- Gustura, ezta? jardun horretan ere?
Pello Muñoa.- Oso, oso gustura. Oso polita da, eta uste dut, e, gure herriari mezu potentea bidaltzen diotela, esanez, ei, hor benetan zerbait oso-oso berezia eta garrantzitsua, oso garrantzitsua daukazue. Begira, duela 20-30 urte Euskal Herrian euskañolari buruz hitz egiten zen, bai? euskañola hitz egiten zela hemen, eta patoak (ahateak) eta perroak (zakurrak) eta, erderazko hitz asko erabiltzen zirela euskara hizkuntzan. Nik, zoritxarrez esango nuke, gaur egun Euskal Herrian euspañola hitz egiten dela, hau da, euskañoletik euspañolera pasa gara, eta zer esan nahi du horrek? E, ez bakarrik kanpoko vocabularioa (hiztegia) erabiltzen dugula, baina, euskera era galtzen ari garela eta hor, jada, benetan, euskararen funtsa galtzen da. Zer esan nahi dut? Era, egitura, hitz egiteko modua, bada, kalean, irakasleek, hedabideetan,... nik entzuten dudanean ‘daukat bilera bat’, ‘naiz Pello’, edo ‘dago ondo, dago beroa’, negar malkoak ateratzen zaizkit, hori ez da euskera, ez da euskal era. Eta hor uste dut ahalegin oso-oso-oso handiak egin behar direla, oso egituratuak eta oso ondo pentsatuak hori gaitzesteko eta horri buelta emateko.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 20, 2018
Number: 25468722
Source:
Dialect:
  • Gipuzkera
Duration: 5:37
Number of visits: 1088