Docutec Card

ZERTARAKO DA AHARRAUSIA?

Aharrausiaren inguruko artikulu laburra. Zer den azaltzen du. Zergatik egiten den aztertzeko hainbat teoria azaltzen ditu.

Nekatuak gaudelako edo logura dugulako egiten dugu aharrausi. Hainbat hipotesiren arabera, karbono dioxidoaren igoeraren aurrean garunak eragiten du.

Aharrausia nahigabeko ekintza bat da, nekeak edota asperdurak eragina izaten dena normalean. Aharrausia gertatzen denean, ahoa erabat irekitzen da, eta arnasa sakon baina aldi berean mantso samar hartzen da, arnasarik gabeko apnea aldi txiki baten ondoren, berriro ere modu berean kanpora botatzeko. Horrekin batera, bihotz maiztasuna edo frekuentzia zertxobait bizkortzen da eta begiak malkoz bustitzen dira.

Hori da aharrausiarekin batera gertatzen dena. Baina zergatik gertatzen da? Edo, bestela esanda, zein da aharrausiaren azken helburua edo xedea? Zientzialariak ez daude ados esplikazioak emateko orduan, baina zenbait hipotesik diotenez, aharrausia karbono dioxidoak odolean gora egitearen ondorioz garunaren erantzun bezala hartu beharko genuke. Arnasa sakon hartuz eta gero botaz, odoleko oxigeno-kopurua gehitu egingo litzateke eta logura gutxitu.

Baina, zergatik "kutsatu" edo kontagiatzen da? Hori da beste misterio bat. Portaera ikertzen duten etologo batzuek logurarekin lotzen dute aharrausia, pertsona batek logalea duenean, aharrausi ere gehiagotan egiten duelako. "Kutsapena" gerta daiteke pertsonak pilatuta daudenean, gaizki bentilatutako leku itxi batean, oxigeno gutxi dagoen leku batean. Logura dagoen pertsona baten aharrausiak lo egin beharko luketela adierazten die gainerakoei. Eta aspertzen ari bagara, subkontzienteak hortik alde egiteko edo beste zerbait egiteko diosku




 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 8, 2000
Number: 25429
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2044