Docutec Card

KONTUZ etxez etxeko salmentekin

Saltzaileen bisita jaso duzu zure etxean? Kontuz! Ez utzi engainatzen. Zuk produktu bat, zerbitzu bat edo hornidura bat erostea edo kontratatzea dute helburu. Batzuetan, saltzaileen taktikak erasokorrak edo iruzurtiak dira.

Zure atera deitzen dutenean, gogoratu:

         Ez daukazu kasu egin beharrik.

         Irekitzen badiezu:

  • Identifikazioa eskatu. Beharrezkoa balitz, NANa erakusteko eskatu.
  • Ez inoiz fakturarik erakutsi, edota zure datu pertsonalak dituen agiririk.
  • Ez ezer sinatu. Eskaintza erakargarria dela pentsatzen baduzu, eskatu idatziz emateko, arretaz aztertu ahal izateko. 

Kontuan hartu:

·         Opariak beti ordaintzen dira: doakoa bada, ez zaitez fidatu.

·         Administrazioak eta erakunde publikoek ez dituzte inoiz enpresa pribatuak gomendatzen. Ez zaitez fidatu erakunde publikoen bermea dutela esaten badute.

·         Zerbait sinatzen baduzu, kontuz ibili finantzaketa-kontratuekin, hainbat urtetarako lotuta gera zaitezke-eta. Arretaz irakurri zer sinatzen duzun.

·         Ez utzi presioa egiten, nahiz eta asko tematu.

 

Nola aritzen dira enpresa hauek?

·         Koltxoiak, ohatilak, osasunerako artikuluak eta produktu miragarriak saltzen dituzte.

·         Mantal zuri batez jantzita doaz batzuetan, osasun arloko langileak balira bezala.

·         Erakunde ezagunen ordezkari direla diote; adibidez, Osakidetzakoak, edo erakunde horien aitorpena dutela.

·         Ustez zure osasuna hobetuko duten artikuluak eskaintzen dizkizute, inolako berme zientifikorik gabe.

Adeitasunez, hauxe eskaintzen dizute:

·         Zure koltxoi zaharra eramatea: Erne! kontratuari uko egiten badiozu, non egingo duzu lo?

·         Osasun produktuei edo ohatilei bilgarria kendu eta bilgarriak eramatea: Erne! zigilua kentzen badiezu, agian ezingo dituzu itzuli.

Liburu-bildumen, led bonbillen eta bestelako artikuluen salmenta

Zure betebeharra erostea dela sinetsarazi nahi dizute, argudio faltsuak erabiliz:

 

 

Argudio faltsua Benetan nola den

Araudia aldatu omen da eta zure betebeharra da.

 

Legeak ez ditu partikularrak aldaketak egitera behartzen, etxean led bonbillak jartzera, adibidez.

Duela zenbait urte kontratua sinatu zenuen eta konpromisoa hartu zenuen. 

Kontratua erakusteko eskatu.

 

 

Gas- eta elektrizitate-konpainia aldatzea

Zure konpainiakoak omen dira, baina ez dituzte zure datuak ezagutzen. Gogoratu: ez utzi inoiz zure faktura bat ikusten, zure konpainiak ezagutzen ditu zure datuak.

Zure arreta erakartzen dute, informazio faltsu edo alarmistekin:

·         Zure tarifa iraungi da eta beste bat hartu behar duzu.

·         Kontagailua aldatu behar dizute eta zure sinadura behar dute baimena emateko. Bestela, hornidura moztuko dizute.

·         Ez duzula bidesaririk ordainduko ziurtatzen dizute.

·         Gogoratu bidesariak tarifa guztietan ordaintzen direla.

·         Beherapenak eskaintzen dizkizute, tarifa-aldaketarekin nabarituko ez dituzunak.

·         Beherapen horiek zerbitzu osagarriak kontratatzearekin lotuta egon daitezke.

Gas-ikuskapen faltsuak

·         Uniformea janzten dute edo gas- edo elektrizitate-konpainietako langileak direla diote.

·        

Zuk deitu gabe agertzen dira eta zure konpainiak aurrez informatu gabe, nahitaezko ikuskapena egiteko, eta ikuskapena eskura ordaintzea nahi dute.

Gogoratu:

·         Gas-instalazioa: bisita egin aurretik, zure konpainiak abisatu egin behar dizu, eta zure gas-fakturarekin batera ordainduko duzu bisita.

·         Galdara: zuk deitu behar diozu ikuskatzaileari, zerbitzua kontratatua ez baduzu.

 

Atea ireki eta kontratua sinatu duzu?

·         Kontuan hartu etxez etxeko salmentetan iritzia aldatzeko eta kontratua eteteko eskubidea duzula (kontratuari uko egiteko eskubidea).

·         Epea: 14 egun, orokorrean.

Nola uko egin:

·         Bete ezazu kontratuari uko egiteko inprimakia, enpresak berak emandakoa edo artikulu honen bukaeran aurkituko duzuna, PDF formatuan.

·         Bidali inprimakia enpresara, bidalketa-data eta haren edukia egiaztatzen duen bitartekoren bat erabiliz, gutun ziurtatu edo burofax baten bidez, esaterako.

·         Gorde itzazu jaso izanaren adierazpenak edo frogagiriak. Ez telefonoz egin, idatziz baizik.

·         Gogoratu zuk frogatu beharko duzula uko egin diozula kontratuari eta epe barruan egin duzula eskaria.

Uko egiteko eskubidea baliatu ondoren:

·         Erosketa finantzatzeko kontratua sinatu baduzu, hori ere baliogabetuko da.

·         Argindar- eta/edo gas-kontratua sinatu baduzu:

Beste konpainia baten hornidura bazenuen, aurreko enpresara itzuliko zara.

Kontraturik ez bazenuen, zerbitzuari baja emango zaio.

Zer egin behar du enpresak?

·         Zure dirua itzuli, entrega-kostuak barne, 14 eguneko epean zuk kontratuari uko egin diozula jakinarazten duzunetik, eta ordaintzeko bitarteko bera erabiliz, zuk kontrakoa adierazi ezean. Zure dirua gorde dezakete produktuak jaso arte, baldin eta ez dizuten adierazten jasotzeko prest daudela.

Zeintzuk dira zure betebeharrak?

·         Erositakoa itzuli behar duzu, enpresak berak ez badizu adierazten jasotzeko prest dagoela, kontratuari edo erosketari uko egin diozunetik, gehienez ere, 14 eguneko epean.

·         Itzulketaren zuzeneko gastuak ordaindu behar dituzu, enpresak berak ez badizu adierazi onartu dituela edo ez badizu jakinarazi zuk ordaindu behar zenituela.

·         Kontratua sinatzean, artikuluak zure etxean bertan entregatu badizkizute, enpresak berak hartuko ditu bere gain horiek jasotzea, horien izaera dela-eta, ezin badira posta bidez itzuli.

Gogoratu askotan beharrezkoa dela produktuaren bilgarri originala gordetzea.

 

 

Kontratua sinatu duzu eta ezin diozu uko egin? Zer egin dezakezu?

Atea ireki, kontratua sinatu eta, teorian, uko egiteko 14 egun horiek pasa badira, oraindik ere aukera batzuk dituzu:

·         Hartu dokumentazio guztia eta zoaz Kontsumobidera edo zure udalerriko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegora (KIUB) edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte batera.

·         Uko egiteko duzun eskubideari buruzko informazioa eman ez badizute, beste 12 hilabete dituzu eskubide horretaz baliatzeko. Bete atxikita duzun inprimakia eta bidali enpresara.

·         Gas- edo argindar-konpainia batean alta egin badizute, zuk ezer jakin gabe, edo produktu bat kontratatu baduzu, zuk nahi gabe:

- Aurkeztu erreklamazio bat.

- Gertatutakoa iruzurra dela badirudi, aurkeztu salaketa Ertzaintzan edo Udaltzaingoan.

- Ez baduzu ezer sinatu, baina, halere, zalantzak badituzu, kontsumo-erakunde batera jo.

·         Jokabide erasokor edo engainagarriak erabiliz produktuak edo zerbitzuak saltzeko etxez etxe dabiltzan saltzaileak antzematen badituzu, kontsumo-arloko erakundeei edo poliziari jakinarazi.

Informazio gehiago, helbide honetan: www.kontsumobide.eus

Kontratuari uko egiteko inprimakia PDF formatuan.

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 20, 2018
Number: 24784181
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1282