Docutec Card

Zirkulazio araudi berria


Bihar sartuko dira indarrean Bide Segurtasun Legeari Espainiako Gobernuak egin dizkion azken aldaketak. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako errepideetan eragin zuzena izango duen araudi berriak gogortu egingo ditu gidarien zenbait arau-hausteri buruzko kalifikazioak eta bakoitzari dagozkion zigorrak.

Legea osoki garatzen dutenean gainera datorren urterako, segur aski, indarrean izango da puntukako gidabaimena, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gidariek dagoeneko daukatenaren modukoa.
 
Bide-segurtasunerako legea

ALDAKETAK

Isunak: Isuna 30 eguneko epean ordainduz gero, %30 gutxituko da gidariak pagatu beharrekoa. Orain arte epea zehaztu barik egoteak nahasmena sortzen zuela uste izan dute agintariek. Epea zehaztuz, banketxean ere ordaindu ahal izango da orain.

Gidabaimena: Hilabetekoa izango da orain gidabaimena kentzeko gutxieneko epea.

Identifikazioa: Hutsa egin duen gidaria identifikatu nahi ez izatea arau-urraketa larria izango da aurrerantzean.

Motorra: Atzean doan bidaiariak kaskorik ez badarama, dagokion isuna gidariari jarriko zaio hemendik aurrera. Bidaiariari jartzen zitzaion lehen.

Urraketak: Legeak zenbait arau-hausteren eta berauen zigorren kalifikazioa aldatuko ditu arinak zirenak larri bihurtuz, eta larri zirenak oso larri.

URRAKETEN KALIFIKAZIOA

Arinak: Legearen 65. artikulu berriaren arabera, arau-hauste arinak izango dira espresuki larri edo oso larritzat jotzen ez diren gainerako guztiak.

Larriak: Urraketa larriak dira gehiegizko abiaduraz gidatzeari dagozkionak; leku arriskutsuetan autoa utzi edo gelditzeari lotutakoak; argiak gaizki eramatea; poliziei, argi gorriei edo STOP bide-seinaleari jaramonik ez egitea; ardura barik gidatzea; eta bidera suteak edo istripuak eragin ditzakeen edozer botatzea.

Larriak (berriak):Bihartik aurrera larritzat joko da, baita ere, gidariaren arreta desbideratuko duen edozein gailu erabiltzea; Ibilgailuen Azterketa Teknikoa gainditu ez duen autoa gidatzea; segurtasun-uhala lotu gabe gidatzea; umeentzako atxikitze sistemarik ez eramatea; aurikularrak edo sakelako telefonoa erabiltzea gidatu bitartean; eta gidabaimena iraungita edukita gidatzea.

Oso larriak: Legezkoa den baino alkoholemi tasa handiagoarekin, edo antzeko eragina duten drogak hartuta gidatzea oso arau-hauste larria da, bai eta alkoholemi kontrolari uko egitea ere. Gehienez baimendutako abiadura %50ean gainditzea oso larria da, baita gehieneko abiadura 30 kilometro orduko gainditzea ere. Ausartegi gidatzea; autoa gainezka eramatea, baimendutakoak baino %50 bidaiari gehiago eramanez; kontrako norabidean gidatzea; baimendu bako auto lasterketak egitea; eta gidari profesionalei gidatzeko eta atsedena hartzeko zehaztuta daukaten epeak %50ean gainditzea arau-hauste oso larriak dira.

Oso larriak (berriak):Bihartik aurrera lege berriarekin oso arau-urratze larriak izango dira baita ere honako hauek: huts egin duen gidariaren izenik eman nahi ez izatea; gidabaimena eduki barik gidatzea, matrikula bako edo baldintza teknikoak betetzen ez dituen autoa gidatzea; eta autobide edo autopistetan joateko debekua duten ibilgailuak bide horietatik eramatea.
 
ISUNAK

Urratze arinak: 90 euro arteko isunekin zigortuko dituzte arau-hauste arinak.

Urratze larriak: 91 eta 300 euro arteko isunekin zigortuko dituzte berriz, arau hauste larriak.

Urratze oso larriak: 301 eta 600 euro arteko isunekin zigortuko dituzte azkenik, arau-urraketa oso larriak.

Gidabaimena: Lege berriaren arabera, arau-hauste larriak egiten direnean gidabaimena kendu ahal izango zaio urratzaileari. Gutxienez hilabeteko epean, eta gehienez hiru hilabetekoan kendu ahal izango zaio baimena. Urraketa oso larriak diren kasuetan, beti kenduko zaio gidariari baimena.

Identifikazioa: Auto baten jabeak ez badu arau urraketa gertatu zenean autoa nork gidatzen zuen esan nahi, urraketa egin zuen gidariari ezarriko litzaiokeen isunaren bikoitza ezarriko zaio. Edozein kasutan, gutxienez 301 euroko isuna ipiniko zaio.

Baimen barik: Ibilgailua eramateko gidabaimenik ez duen gidaririk atzemanez gero, bi urtez eragotziko zaio baimena atera ahal izatea. Gidabaimena galdu duen gidariak aldi baterako zigor hori errespetatzen ez badu, baimena urtebetez kenduko diote, eta bi urtez araua behin baino gehiagotan urratzen badu.

Mailaketa: Arau-hausleak dituen aurrekariak kontuan hartuta ezarriko zaizkio zigorrak. Urraketa behin baino gehiagotan egin badu edo bere jarduerak arriskua eragin badu zirkulazioan, zigorrak horiek guztiak kontuan hartuta ezarriko zaizkio.
 
PUNTUKAKO GIDABAIMENA

Epea:Bide-segurtasunaren legea guztiz garatzen denean sartuko da indarrean Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gidarientzat. Zirkulazio agintariek datorren urterako espero dute martxan izatea.

Puntuak: Gidari bakoitzari 12 puntu emango zaizkio, salbu gidari berriei (baimena azken hiru urteetan lortu dutenak), horiek 8 puntu izango baitituzte.

Galtzea: 12 puntu horiek galtzen dituenak 6 hilabetez galduko du gidabaimena. Hori lehenengo aldian, hurrengoetan 12 hilabetez galduko du. Derrigor hezitze ikastaroak egin beharko ditu (30 ordukoak), eta berriz egin beharko du gidabaimena lortzeko azterketa.

Berreskuratzea: Galdutako puntuak berreskuratzeko hezitze ikastaroak egin beharko dira. Bi urtero gehienez bat egin ahal izango da, eta 15 orduko ikastaroagatik 4 puntu berreskuratu ahal izango dira. Hiru urtez urraketa berririk egin gabe dauden gidariek puntu guzti-guztiak berreskuratuko dituzte.

Sei puntu galduko dituzte: Mozkortuta (litro bat garagardo edo kopa bi) edo drogatuta gidatzen dutenak; alkoholemi kontrolari uko egiten diotenak; kontrako norabidean gidatzen dutenak; autobidean 181, bidean 136 eta hirigunean 81 kilometro orduko gidatzen atzematen dituztenak, besteak beste.

Lau puntu galduko dituzte: Apur bat mozkortuta gidatzen dutenek (garagardo lata bi edo kopa bat); profesionalen kasuan alkoholdun edozein edari hartuta gidatzen dutenek; autoan 8 bidaiari daudela gidatzen dutenek; bidera gai arriskutsuak botatzen dituztenek; autobidean 161 eta errepidean 130 kilometro orduko gidatzen dutenek; polizien eta bide seinaleak aintzat hartzen ez dituztenek; aurreratze arriskutsuak egiten dituztenek; eta txirrindulariak arriskuan ipintzen dituzten auto gidariek.

Hiru puntu galduko dituzte: Autobidean 151 eta errepidean 121 kilometro orduko baino gehiagoko abiadura daramatenek; segurtasun distantzia gainditzen dutenek; sakelako telefonoa erabiltzen dutenek; eta autoa leku arriskutsuan uzten dutenek.

Bi puntu galduko dituzte:Autobidean 141 eta errepidean 111 kilometro orduko baino gehiagoko abiadura daramatenek; eta segurtasun-uhala lotu gabe gidatzen dutenek, besteak beste.

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 31, 1969
Number: 239896
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2124