Docutec Card

'Kutsidazu bidea Ixabel'ek fama badu, nik ez

Kutsidazu bidea, Ixabel argitaratu zuen 1994an eta, harrezkero, 60.000 ale baino gehiago saldu dira. Liburua izan zen lehenen eta antzezlana hurren. Kutsidazuren egilea, hala ere, ez da aurpegi ezaguna.

Joxean Sagastizabal

 MIEL A. ELUSTONDO /

Kutsidazu bidea, Ixabel argitaratu zuen 1994an eta, harrezkero, 60.000 ale baino gehiago saldu dira. Liburua izan zen lehenen eta antzezlana hurren. Tartean, euskarri bat baino gehiagotan agertu da: paperean, CD-Romean, DVDn... Orain, berriz, udan bertan, film luzea eta telesaila egitekoak dira. Kutsidazuren egilea, hala ere, ez da aurpegi ezaguna. Ikusleen artean jarrita ikusi izan du berak idatzitako best-seller-aren gaineko antzezlana. Eta jendeak ez du jakin ondoko morroiari esker ari zela barrez lehertzen, txiza egiten.

Liburuaren zenbat ale saldu diren ba al dakizu?

Euskaldun berri baten gorabeherak baserrian ditu abiapuntu Kutsidazu-k. Baserritarrari burla egiten ote zaion, kritikazko eskutitza bidali zuen ikusle batek euskarazko egunkarira...

Bai, Berria-n atera zen, harpidedun naiz, eta irakurri nuen. Baina umorea beti da exajerazioa. Exajerazio gabe nekez egin liteke umorea. Egin liteke umorea, baina beste bide batetik. Barre egiten dela baserritarraren kontura? Bai. Eta euskaldun berriaren kontura ez, ala? Saltsa horretan agertzen diren pertsonaje guztien kontura egiten dugu barre, baina, batez ere, baserrira joan den euskaldun berri "ezgauza" horren kontura! Eta, "ezgauza" hori neu naiz! Neure buruaren kontura egiten dut barre. Besteren kontura? Baita. Eta? Ez al dago egiterik ala? Baserritarrak ez direla horrelakoak? Ez, ez dira. Baina euskaldun berriak ere ez!

Hori 94an, euskaldun berriak gutxiengo zirenean. Laster, ordea, euskaldun zaharrak izango dira gutxiengo. Dagoeneko halaxe dira zenbait lekutan. Kutsidazu-ren bertsio iraulia egiteko moduan gaude. Euskaldun zaharraren parodia egiteko, alegia...

Babesteko moduko espeziea euskaldun zaharra izango dela esan nahi duzu... Urrestillakoa dut andrea eta han ez dut horrelako sentsaziorik. Euskal Herri euskaldunak lehengoan segitzen du, "Jaungoikoari eskerrak"!. Euskara eremu berriak irabazten ari da... Ez da gehiegi gustatzen zaidan gaia, baina aurrera: ez dakit gaur egungo euskaldun asko zenbateraino diren euskaldun. "Bai, umea ikastolara doa!". Etorri umea, galdetu: "Eta? Zer moduz?". "Bien!". "Ze ikasten ari zara!". "Pues yo que sé. Ahí, en la ikastola!"...

Orain dela gutxi izan da Korrika. Gasteiztik ere pasa zen. Han izan nintzen, alabagatik. Han azaldu ziren gure alabaren ikastolako guztiak. Beraien artean erdaraz, por supuesto! Munduko gauzarik normalena balitz bezala! Eta, horixe da normalena! "La Korrika, que bien lo vamos a pasar!". Korrika beste gauza bat da. Horrelako mila esperientzia ditugu.

Ume horiek euskaldunak dira? Esaten badugu ezetz, "ez" txiki bat esan behar dugu. Esaten badugu baietz, "bai" txiki bat esan behar dugu era berean.

Onenean, euskaraz badakitela esan behar...

Euskaldun pasibo dira, eta egunen batean "benetako" euskaldunak izatea erabakitzen badute, beste ahalegin bat egin beharko dute, oinarri sendo batetik abiatuta, ze ikasketak euskaraz egin dituzte eta edukiko ahal dute oinarri sendoa!, hizkuntza hori aberasteko eta lantzeko oinarriak. Gehienak penagarriak dira!


"Euskaldun penagarriak", beste definizio bat asmatu duzu oraintxe...

... Eta ez Gasteizkoak bakarrik. Donostian bizi izan gara orain dela hiru urte arte, eta han ere igualtsu. Urrestilla, Azpeitia, Azkoitia... beste kontu bat da. Gazteek 16-17 urterekin erabakitzen dute izan nahi dutena, linguistikoki, esan nahi dut. Azpeitiar batek ez du horretan pentsatu beharrik, baina donostiar batek bai, eta bilbotar batek ere bai... zer nolako bizimodua egin nahi duten erabakitzea iristen zaienean gazteei, "Zer ikasiko dut? Zer egingo dut bizitza honetan? Nola hitz egingo dut, egunen batean, seme-alabekin?"... Hiri handi bateko ikastola normal batetik irtendako horrek baino hobeto hitz egin beharko dio seme-alabari, bigarren ahalegin bat eginda, ze lehenengo ahalegin horrekin jai dago.


Zergatik ez da behar beste hitz egiten gai hauetaz, edo guraso euskaldunek seme-alabak euskaldun hezten dituzten problemei buruz, eta hitz egiten da axaleko hamaika gairen gainean?

Nik entzun izan ditut horrelako komentarioak. Egin dudana bezalakoak.


Eztabaida ez dagoela zabaldua, esan nahi dut...

Iztueta, Azkarate... edo Haritxelar garai batean... "Gero eta euskaldun gehiago daude. Ume euskaldunak...". Bai, bai, bai, "ume euskaldunak"! Edo "ikastolara doazen umeak" esan behar dugu? Ze, ikastolara doan umea, euskalduna da? Seguru asko bai, baina seguru asko besterik ez. Jendea mailakatzen hastea ere ez da oso egokia, baina badakigu zer den hizkuntza gaitasuna.

Hizkuntza gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna. Bilboko ikastola bateko gaztetxoa hartu, 15 bat urtekoa, eta agindu: "Kontaidak...". "Kontai zer?". "Konta ezazu atzo gauean telebistan ikusitako filma". "Pues, de puta madre..." eta euskañola gero. Eta euskañola, eta spanglish-a... filmetarako, primeran. Baina gure belarriek izugarri sufritzen dute!

Beraz, "euskara eremu berrietara zabaltzen ari da", esaten digute, eta bai. Baina kantitatea, kalitatea... boladan dagoen beste eztabaida, Garzia, Egaña, Amonarriz, horretan ari dira oraintxe. Kalitateaz zera esango nuke... Esan dezagun Urrestilla ez den herri euskaldun bat. Zarautz, adibidez: herri euskaldun bateko jendeak hobeto hitz egiten zuen orain dela hogeita bost urte gaur egun baino, batere dudarik gabe! Ez da inpresio axal bat. Ez, ez.

Halako pertsona jakin honek, hobeto hitz egiten zuen orain dela hogeita bost urte gaur egun baino. Zer gertatu zaio? Gaur egun euskara salbatuta dagoela! Eta Lehendakariak "ere" euskaraz hitz egiten duela. Militantzia zaharraren garaiak pasa dira! Hizkuntzari buruz ari naiz betiere. Gaur egun militantzia berriak behar ditugu, baina militantzia behar dela, dudarik ez daukat, gure hizkuntza honetan normal, normal, komunikatzeko gauza izango bagara. Nik ez dut euskañolez hitz egin nahi, eta euskañola entzuten dut izugarri, izugarri! Eta mingarri da.

 

***laburtua

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 31, 1969
Number: 239445
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 7054