Docutec Card

Olioa

Olioari buruzko informazioa: Erriberako olioa, merkatuan dauden oliba-olio motak, sukaldaritza, historia...

Ebroren ibaiertzak oso aproposak izan dira beti olibondoak hazteko, eta gure zukuak beste lurralde batzuetakoen ospea izan ez badu ere, Erriberako olioa oso kalitate onekoa da: kolore garbia du, fruta gustu bizia eta mikatz samarra. Lizarreriko Erriberan urriaren amaieran hasten dira uzta jasotzen eta Errioxa Arabarrean beranduxeago.
Merkatuan oliba olio birjina estra, oliba birjina, oliba olioa eta oliba olio patsa aurki ditzakegu. Beti mantendu behar da leku freskoan, aire eta argitasunetik babestuta. Oliba olioa gordina hartzen da entsalada, saltsa eta barazkiekin, batez ere. Gisatuetarako su eztitan jarri behar da beti. Frijitu eta erretzeko beste edozein olio baino hobea da jakiak egosten ez dituelako.

Olioaren bertuteak ugari dira sukaldaritzan: zaporea, usain gozoa, berotasuna eta kolorea ematen die jakiei. Hona hemen oliba olioz prestaturiko hainbat berezitasun:

- Plater batean olio pixka bat jarri, gatza eta piperbeltza bota, eta ogia busti mahats mordo bat eta ardo beltzez lagunduta.

- Ogi xerra batzuen gainean olioa jarri ozpin tanta batzuekin, piper berdea bota xehe-xehe eginda eta, bukatzeko, ardi gazta jarri gainean.

- Barazkiak nahiz haragiak apailatzeko jogurt saltsa ere egin daiteke azken honi tipulina, gatza eta limoia gehituz.

Halaber, krema hidratatzaile baliagarria da oso. Irekita dauden ile puntak osatzeko eta distiratsu uzteko eta azkazalak indartzeko ere erabiltzen da.

Gurera erromatarrek ekarri zituzten olibondoak. Erdi Aroan monasterioak izan ziren, batez ere, olioaren kultura zabaldu zutenak. Hala ere, jende xumea animalien koipeaz baliatzen zen artean.

Elizgizonak hasi ziren oliba olioa sukaldean erabiltzen. Monasterioetan monje bakoitzari bere olio anoa ematen zitzaion. Bestalde, hainbat edabe egiteko eta erritu erlijiosotan erabiltzen zen, aldareetako kriseiluei sua emateko, esate baterako. Dena den, Erdi Aroan hain zen urria eta hain estimu handitan zuten, ezen diru gisa ere erabili izan baitzuten.

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 31, 1969
Number: 239354
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2016