Docutec Card

Izan zaitez odol-emaile!

Gaur, ekainak 14, Odol-emaileen Eguna da. 2004an jarri zuen abian Osasunaren Mundu Erakundeak odol-emaileen eta odol-emateen kopurua handitzeko. Kopurua garrantzizkoa da bai, baina hori ez da nahikoa. Odol hori egoera onean jaso behar du hartzaileak. Beraz, biak dira aintzat hartzekoak: kalitatea eta kantitatea.

Baina batzuetan odol asko galtzen dugu, istripu larri bat izan dugulako, ebakuntza garrantzizko bat... Pertsona baten bizitzan horrelako ebakuntza eta istripuak oso une jakinetan gertatzen dira. Zerbait puntuala izan daiteke.
Hain puntuala ez dena da, urtero errepikatzen baita, oporretan odol gehiago behar izatea, besteak beste, auto-istripuak handitzen direlako.
Benetan handitu dena bizi-itxaropena da. Gero eta gehiago bizi gara, eta hori ondo dago berez, baina zenbat eta zaharrago, orduan eta bisita gehiago erietxera. Horixe du zahartzeak. Eta azken urteotako odol-premia handitu duen faktore nagusi bihurtu da.

Egunean 400 odol-zorro

Adibidez, Galdakaon dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak egunean 400 odol-zorro behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetako odol-beharrak asetzeko. Eta iritsi ezinda dabiltza. Osakidetzaren zentro hau –Iruñean badu antzeko eraikin bat Nafarroako Gobernuak– 2011an jarri zen abian, garai bateko Odol Bankuen funtzioa betez eta hobetuz. Bizkaiko eraikin honetan EAEn biltzen den odol-emaile guztien odola analizatzen da. Eta, erietxeetara bidali aurretik, lau osagaiak bereizten dituzte: globulu zuriak, gorriak, plaketak eta plasma. Plasma izoztu egin daiteke, baina globulu gorriek, adibidez, 42 eguneko iraungitze-data dute, eta plaketek 5 egunekoa.

Globulu gorriak traumatologian eta transplanteetan erabiltzen dira, adibidez. Eta  plaketa guztiak onkologikoetan. Hortik atera kontuak zenbat odol-emaile eta odol-emate beharko diren. Pertsona bati odola ateratzen diotenean, beste hiruri laguntzeko adina kopurua da hori: batzuek globulu zuriak beharko dituzte, beste batzuek plasma… Osagai bat nahiz bestea behar izan, argi dago odol asko behar dela. Baina bada berri on bat:

Osasuntsu dagoen ia edonor izan daiteke odol-emaile

Hori hala da. Egia da batzuek ezingo dutela odolik eman, adibidez, hies gaitza dutenek, edo ezezagunekin sexu-harremanak babesik gabe izateko joera dutenek, batzuk aipatze aldera. Beste batzuek, aldiz, hilabete batzuk itxaron beharko dute odola eman aurretik. Esaterako, haurdun daudenek edo tatuaje edo piercing bat jarri berri dutenek. Baina pertsona osasuntsu batek, printzipioz, odola emateko bi baldintza nagusi bete behar ditu, 18 eta 65 urte bitartean izatea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea.



Eta odol-emaile izatea erabakitzen baduzu, tentsioa hartuko dizute eta odola aterako dizute, besteak beste, ze odol-mota duzun eta anemiarik duzun jakiteko; eta inprimaki bat ere bete beharko duzu, eta sinatu. Inprimaki horretan zure datu pertsonalak jarri beharko dituzu, eta bai/ez erantzun daitekeen galdetegi bat irakurri: 40 galdera inguru. Galdetegi horrek bermatu nahi du zu eta zure bizitza-ohiturak egokiak direla zu odol-emaile bihurtzeko eta odola ematea ez dela zeuretzat arriskutsu. Eta azkenean odola ematen uzten badizute, ez duzu dirurik jasoko, baina bai lagun hurkoari laguntzearen poza. Aste honetan, Odol-emaileen Egunaren harira toki askotan jarri dituzte odola emateko guneak, adibidez bat aipatzearren, Angelun ekainaren 14tik 17ra. Beste toki batzuetan, Bilbon esaterako, odol-emaile beteranoak omenduko dituzte. Badago aukera franko odol-emaile izateko edo odol-emaileak txalotzeko. Animatuko al zara?

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 14, 2018
Number: 23883727
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1794