Docutec Card

Pisako okerdura mozkorrek eta umeek zuzenduko dute

Hezkuntzako emaitzak neurtzen dituen Pisako txostenak hautsak harrotu ditu gure inguruan.

Bernardo Atxagak ere iritzia eman du Euskadi irratian, erantzun bila norengana joan aholkatu digu.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Bernardo Atxaga, egun on.
Bernardo Atxaga. Egun on. Bai. Kaixo.
Esataria. Beno, nola jakingo dugu egia?
Bernardo Atxaga. Bai. Ez da erraza eta…
Esataria. Nola jakiten da egia?
 Bernardo Atxaga. Eta nik halako metodo bat asmatu dut eta…
Esataria. Ea ba, aurrera, Bernardo!
Bernardo Atxaga. …esan egingo dugu. Beno, nola jakingo dugu egia? Nola jakingo dugun egia galdetzen diot neure buruari, baina ez modu abstraktuan baizik gogoan hartuta azken egunotako albistea. Zerbait, zerbait ez dabilela ondo gure eskoletan, Euskal Herriko hezkuntza-sisteman. 
Esataria. Um.
Bernardo Atxaga. Pisa izena ematen zaion azterketak salatu du, baina asko ziren nonbait okerra lehendik ezagutzen zutenak, azken urte guztiotako probak, bertakoak zein kanpokoak, bat omen zetozen:  gainbehera etengabekoa: euskal ikasleak gero eta motzago.
Ez baita hutsaren hurrengo kontua larritu egin dira asko, eta batez ere arduradunak, Hezkuntza sailekoak. Egunkari eta albistegietan ere ez da beste konturik izan. Zer gertatzen da, zein da frakasoaren arrazoia? Nola jakin egia edo egiak? Proposamen apal bat egin nahi nuke auzi honi buruz, eta esan lehenengo eta behin egia umeek esaten dutela eta haiei galdetu beharko litzaiekeela. Gogora gaitezen ipuin ospetsuaz, erregeak ez zeraman soinekorik, baina bada ez bada ere baietz esaten zuten denek, hala kortesanoek nola kaleko jendeak. Bazeramala eta gainera…
Esataria. Ederra!
Bernardo Atxaga. Ederra zela. Halako batean, ordea,  umea geratu zitzaion erregeari begira eta hots egin zuen harrituta: “Larrubizitan dihoa-eta!”, biluzik zihoala alegia, eta hala izan. Umeak esan egia, ezeren beldurrik gabe.
Beraz, egokitu dezagun ipuina gure gaurko kasura. Hezkuntzan zer gertatzen den jakin nahi baldin badugu, galde diezaiegula aurrena umeei, ikasleei. Baina galdetu bakarka, ez inoren aurrean,  ez orain bezala irakasleekin ere osatutako komisioetan. Eta arren, ez nahastu haien iritziak nagusienekin, gorringoa eta zuringoa tortilla bat egitean bezala,  jarraian arazoaren media bat, batez besteko bat, ateratzeko. Ez. Umeen iritzi soilak behar dira. Esango dituzte txorakeriak guk geuk askotan esaten ditugun bezala, baina egia banaka batzuk ere nabarmenduko dituzte. Hori seguru: “erregea larrubizitan dihoa”.
Umeengandik ez ezik, norengandik etortzen dira egiak? Ba zalantzarik gabe, zoroengandik, eroengandik. Gauza jakina da, on Kixotek egia aitortzen zuen beti, bai bere buruaz eta bai bere lagun hurkoaz,  eta Hamlet-ek ere zoro-itxura eginez adierazi zuen gertatzen zena, kiratsa zeriola Danimarkako erresumari, eta erregea zein erregina hilketa higuingarri baten erantzule zirela.
Galde egin nion neure buruari non aurkituko ote gure Kixote eta Hamlet zoroak, eta ez nuen asmatu erantzunarekin ahalik eta Mexikon ikasi nuena gogoratu arte. Mexikon diote, estatuaren aurrekontu orokorretik kanpo bizitzea eromenaren seinale nabaria da. Hemen esango genuke: Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretatik kanpo bizitzea eromenaren seinale nabaria da. Horra soluzioa!
Utz ditzagun bazterrean burokratak, funtzionarioak eta politikari profesionalak eskolaren krisia aztertzerakoan. Eta jo dezagun Pantera Arrosaren pare dabiltzan langile autonomoengana. Langile autonomoek ez baitute definizioz mintegi-bururik bere gainean, ezta zuzendari nagusirik, ez buruzagirik eta zoroaren saria baitute beraiengan, askatasuna, egia esateko aukera.
Zalantza bat sortu zitzaidan azken ondorio horretara iristean. Izan ere, ezinezkoa da burokrata, funtzionario eta politikari profesionalak alde batera uztea, Euskal Herrian behintzat ezinezkoa. De facto, egunkarian irakurri nuenez, urgentziazko bilera bat egin zuten Hezkuntza arduradunek eta Eskola Kontseilukoek Pisarena jakin eta segituan. Zer egin talde honekin, nola jarri egiaren bidean?
Azkenean, bizkor samar ibili nintzen. Aurkitu nuen soluzioa: urrutiko aspaldiko gertaera batean aurkitu ere. Herodoto lehen historia-egileak kontatu zuen orain dela 2.500 urte Persia bisitatu eta gero. Persiarrek modu berezi bat zeukatela arazo larriak eztabaidatzeko, nonbait bi aldiz eztabaidatzen zuten arazoa: aurrena  edanda, mozkortuta zeudela, eta bilera horretako iritzi eta konklusioak idazkari batek jasotzen omen zituen, mozkortuta ez egoen bakarrak. Hau esan behar da.
Gero, hurrengo egunean eztabaidari ekiten zioten berriro, baina zuhur zeudela, tantorik edan gabean.
Esataria. Aje pixka batekin ere bai, seguruenik baina!
Bernardo Atxaga. Biana zuhur. Eta idazkariak, orduan ere, esandakoa jasotzen zuen. Bi bilkuren ondoren konparatu egun batekoa, mozkor egunekoa, eta bestekoa, zuhur egunekoa, jaso bi egunetako aktak eta erabakia hartzen omen zuten.
Antzinako pertsiarrek bazekiten: mozkorrek  egia esaten dute. Horregatik bihurtzen zituzten tarteko.
Zer esan diezaieket, bukatzeko, burokrata, funtzionario eta politikari profesionalei? Pertsiarren eredua hor dagoela,
Esataria. Mozkortzeko alegia.
Bernardo Atxaga. Alegia ez da komeni modu literalean hartzea, ez luke itxurarik gero hurrengo eguneko argazkiak egunkarietako lehen orrialdean, denak hankaz gora eta abar. Baina ez dut esaten estu-estu jarraitzea eredua, baina ez dakit ba! Politikariak eta gainerakoak txanpaina hartuko balute bileretan ohiko kafearen ordez argiago ibiliko lirateke, agian txinparta gehiagorekin, eta seguruenik ere hobeto egingo lukete azterketa. Azterketa horri umeena eta zoroena gehituz gero, arrakasta segurua eta hurrengo urteetan Pisako dorrea zuzen-zuzen.
Esataria. Zenbat hizpide jarri duen!
Bernardo Atxaga. Bai.
Esataria. Ez hemen bakarrik. Gaztela-Leongoak uste dut daudela oso pozik,
Bernardo Atxaga. Bai, baina…
Esataria. Hortik aurrera…
Bernardo Atxaga. Bere, edo haien pozak ere…
Esataria. …izango du muga, ezta?
Bernardo Atxaga. Ez dakit nola esan. Itzal asko izango ditu. Uste dut, askotan bezala, aipatzen da, ez?, esaten da hezkuntzan dagoen arazoa, eskoletan dagoena, eta badirudi esaldi batekin erabakitzen dela eta nik  fede egiten dizut, fede egiten dizut, ze beste gauza askoren artean ba nik ere esperientzia badut umeak izan ditudalako, eskoletan eta, esaten dizut, hori dela, leize bat da.
Esataria. Bernardo Atxaga, eskerrik asko. Gaur zortzi gehiago.
Bernardo Atxaga. Bai. Gero arte. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Dec 13, 2016
Number: 2380159
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:07:10
Number of visits: 3471