Docutec Card

Zer dira familia-eredu berriak?

Beti esaten da familia ez dugula guk aukeratzen, bakoitzari bat egokitzen zaigula, eta hor ez dagoela zereginik. Aldatzea ezinezkoa da, edo ia ezinezkoa. Azken bolada honetan familiaren egitura aldatu egin da, eta gero eta kontzeptu zabalagoa bihurtu.

Gure aitona-amonen garaian, familia tren baten antzekoa zen: bidean geltoki jakin batzuk zituen (ezkontza, seme-alabak, elkarbizitza…), eta guztiek ibilbide bera egin behar zuten. Garai hartan, bidea zuzena zen, eta bazekiten geltokiak zein ziren. Gaur egun, berriz, labirinto batean bizi gara, eta ez dago trenbide zuzenik. Familiaren zikloa apurtu egin da, eta hainbat ibilbide atera dira: hartara, bakoitzak berea aukeratu behar du.
Beraz, familiak hainbat definizio dituela esan dezakegu. Elisabeth Beck-Gernsgheim alemaniar soziologoak mugarik gabeko paisaia bat bezala irudikatzen zuen, eta berriro formulatzen hasiko zela aurreikusi zuen.


Familiari buruz, eta zehazki egitura berriei buruz hitz egiteko, Ana Irene del Valle soziologoarekin elkartu gara, Bilbon. Bera Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da, eta, gai honekin lotura zuzena duen ikasgai bat irakasten du.

 

BETIKO FAMILIA VS FAMILIA-EREDU BERRIA

Familia definitzerakoan, hainbat adiera aurki ditzakegu. Anak berak pertsona-multzo bat dela esan digu: “Normalean elkarrekin bizi dira, ahaidetasun loturak dituzte, adiskidetasun edo maitasun loturak, eta eguneroko bizitza produzitzeko eta ugaltzeko gaitasuna dute”. Zaila da mugak jartzea definizioari, etengabe aldatzen ari baita. Eredu tradizionala, berriz, aitak, amak eta seme-alabek osatutakoa da.
Familia eredu berriaz ari garenean, zer esan nahi dugu? Anak datuak aztertu ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez omen dago hainbeste familia eredu berri. Izan ere, % 40 eredu tradizionaleko familiak dira. “XX. mendean, sexu ezberdineko bikoteak osatzen zuen familia eta, haiekin, euren seme-alabek. Gaur egun, bikote homosexualak daude eta beste aldaketa garrantzitsu bat gertatu da:  familia hautsi egin daiteke eta berriro eratu”, azaldu digu del Vallek. Hala ere, soziologoak oso argi du: “Familia eredu berria ez da egitura bakarrik, familiaren bizitza, ibilbidea, zikloak, dinamikak, harremanak… hori aldatu egin da”.


Errealitatea aldatzen ari bada ere, eta familia tradizionalen kopuruak behera egin badu ere, oraindik EAEn gehiengoa modu honetakoa da. Guraso bakarreko familien kopurua eta seme-alabarik gabeko bikoteen kopurua handitu egin dira. “Gero eta jende gehiago bizi da ahaidetasunik ez duen norbaitekin, eta, harrigarria badirudi ere, gero eta gehiagok bakarrik bizitzea erabakitzen dute. Gainera, lehen Euskal Herriko baserri askotan ematen zen ohitura emigrazioak berreskuratu du. Hau da, hainbat belaunalditako jendea elkarrekin bizitzea”, kontatu digu elkarrizketatuak.

 

FAMILIA ERANTZUN KULTURAL MODUANLehen, Euskal Herrian, nukleo aniztuneko familiak ziren gehienak, baserrietan hainbat belaunaldi batera bizi ziren eta. (Argazkilaria: Jan Fidler, Morguefile atarian)

90eko hamarkadatik hona, familia erabat aldatu da, eta Anak ikerketa bat egin du orduko eta 2013. urteko 30 eta 50 urte bitarteko bikoteen artean. “Argi dago aldaketa bat izan dela: batetik, familiak instituzio formalaren pisua galdu du; bestetik, une honetan, modelo berria definitzen ari da eta tradiziotik urruntzen. Azkenik, aniztasuna heldu da, leherketa bat eman delako, eta baloreak aldatzen ari dira”, adierazi digu bilbotarrak.


Familia erantzun kultural bat da, eta ezin da esan bilakaera zehatz bat izango duenik. Leku bakoitzak bere kultura du eta ez goaz bide berean.  “Euskal Herriko etorkizuna ez dakit zehazki zein izango den, baina ziurrenik berregindako familien kopuruak gora egingo du, baita familia homosexualen zifrak ere. Hala ere, nire ustez, galdera hauek erantzutea da garrantzitsuena: nola banatzen dira etxeko lanak? Eta rolak? Zama noren gainean dago? Zaintza eta negoziazioa nola antolatzen dira?”. Galdera horiei erantzuna topatzea ez da erraza.

 
Eta zuk, zer uste duzu? Zuretzat zer da familia-eredu berria? Eta zein da etorkizuna? Gaur egungo errealitatea guztiz aldatuko da?

Transcription:[+] Transcription:[-]

ZER DIRA FAMILIA-EREDU BERRIAK?


1. Zer da familia?


Ideia nagusia izango litzateke esatea familia dela pertsona multzo bat. Eta pertsona multzo bat, normalean, elkarrekin bizi dena, eta ahaidetasun loturak dituena batez ere, adiskidetasun loturak, edo maitasun loturak. Eta elkarrekin bizi, nolabait, bizitza, eguneroko bizitza produzitzeko, eta baita ere birproduzitzeko, ugaltzen diren edo ugaltzen den pertsona multzoa ere badela, ezta? Baina nik esango nuke hori oso zabala dela, eta eman diren aldaketak azken igual berrogei urte hauetan, hori erakusten digute, ezta? Zaila da mugak ezartzea familiaren definizioari.


2. Zer da familia eredu berria?


Datuak aztertzen dituzunean, ez dago horrenbeste berri. Baina badaude gauza berriak, eta egia da, berri horretan ba nik aipatuko nukeela lehendabizi ba bueno hartzen baditugu, adibidez, familiaren definizioak, XX. mendeko lehenengo zatian emandakoak eta horrela, estrukturalistek eta funtzionalistek emandakoak, ba hain zuzen ere, aipatu egiten dute sexu ezberdinetako zera, bikoteaz identifikatzen direla familian, ez? Gaur egun, hori aldatu egin da eta familia homosexualen arteko harremanak ere familia bezala onartuta ditugula eta gure gizartean baita ere. 2005etik aurrera onartua dago ezkontza homosexuala, ezta? Orduan hori aldaketa garrantzitsu bat izango litzateke, irekitzen duena beste modu bat ikusteko. Baina horrekin batera baita ere dago familian eman diren aldaketa horien artean beste elementu batez sortutako familia eredu berriak, eta da familia gaur egun apurtu egin daitekeela, hori da, haustu egin daitekeela, oso hauskorra da familia. Eta familia harremanak oso hauskorrak dira, bizi garen gizartea oso konplexua delako, ezta? Eta norberaren bizitzak eta espektatibak ere aldatu egin direlako nabarmen. 

Orduan, klaro, familia hautsi, apurtu egin daiteke eta horrek ekartzen du familia berregiteko aukera baita ere, ezta? Edo norberaren bizitzan hainbat ibilbide egiteko aukera. Beraz, familia eredu berria ez da bakarrik egitura, askotan gehiegi kezkatzen zaigu, eta komunikabideetan eta arreta jartzen dugu egituran, zer, nortzuk osatzen duten familia, nola dagoen osatuta. Familia eredu berria da bizitza familiarra, familia bizitza, familia ibilbidea, familia zikloak erabat aldatu direla eta hori bai dela berri. Prozesua nola aldatu den, dinamikak, familia dinamikak nola aldatu diren, familia harremanak nola aldatu diren balio berdinekin, berdintasuna izan dugun, irabazia berdintasunean emakumeak, erabat aldatu du baita ere familia bizitza. Eta aldaketa benetan horretan dago, igual egituretan ere, baina horretan dago batez ere.


3. Familia guztiz aldatu dela esan daiteke?


Nik egin dut konparaketa bat diskurtsoak nolabait 90ean egindako bikoteak, 30-50 urte tartekoak, eta gero, 2013an baita ere adin berekoak, ezta? Eta konparatu ditut diskurtsoak, ibilbideak eta abar, batez ere lanari eta familiaren adoskidetze prozesuei begira, baina baita ere formakuntza prozesua. Eta hor ikusten da ba bai, destradizionalizatu egin dela, nolabait orokorrean, tradizioak zuen indarra definitzeko nor zen nobioa, zer lan egin behar zen, ezkondu behar zinen, familiak zuen papera eta abar, hori ahuldu egin dela erabat, beste modu batera ulertzen dugula, desinstituzionalizatu egin dela…

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 29, 2016
Number: 2369409
Duration: 00:04:57
Number of visits: 6151