Docutec Card

Gozogileak sektorearen egoera gozatu nahian

Gipuzkoako artisau gozogileek ez dute aro berriaren trenik galdu nahi, eta sektorea berpizteko ahaleginean ari dira. Eurena izan den lekua berreskuratu nahi dute gozogileek.

Irratsaio honetan, Garen enpresari-elkarteko kide batekin hitz egin dute eta baita gozogile batekin ere. Audioan sektore honek zer arazo dituen eta zer erronkari egin behar dion aurre kontatzen dute.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. 7ak eta 26 minutu. Gipuzkoako artisau gozogileek ez dute aro berriaren trenik galdu nahi, eta sektorea berpizteko ahaleginean ari dira. Kalitatearen aldarrikapena ahotan, trebezia eskuetan, eta bezeroen gozorako eta gozamenerako berezko joera helburu, eurena izan den lekua berreskuratu nahi dute gozogileek. Asier Odriozola.
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Pastelgintzaren garapen-bidean, ajeak eta zailtasunak gainditu beharko dituzte. Horretan lagun dute Xabier Oleaga, GAREN enpresa-elkarteko kidea.
XABIER OLEAGA. Euskal gastronomiak daukan maila, sektore horren ahizpa pobrea ez bihurtzeko, ba nik uste dut berrikuntzaren behar handi bat daukala.
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Gizartean, gutako bakoitzaren baitan, errotu egin da light eta zero bezalako kontzeptuak. Gozoaren aurkako kanpaina erabatekoa da, eta horri ere aurre egin beharko dio sektoreak.
XABIER OLEAGA. Behar handi bat dauka sektoreak gizarteari mezu bat bidaltzeko esanez oreka-kontu batekin kontsumitu beharreko produktu bat dela.
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Neurri handi batean pastelgileen esku dago erronkari eustea eta euren burua defendatzea, euren lana aldarrikatzea. Enpresa handien itzaletik argitara ateratzeko, ordea, babes guztiak mesedeko: erakundeena, esaterako.
XABIER OLEAGA. Babesa eman behar diote mugimendu horri: babes ekonomikoa eta babes instituzionala, labelak eta tipo horretako gauzak…
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Baina betiko gozogileek batik bat herritarren sostengua behar dute. Oleagak deia balizko bezeroei.
XABIER OLEAGA. Herritarrek egin behar dutena da: pasteldegian sartu behar du eta pastela kontsumitu behar du. Produktu oso ona dago, eta gero orekarekin elikatzen jakin behar du, zera, kontsumitzaileak.
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Etorkizunak izango al du gozotik pastelgile-artisauentzat? Xabierrek uste du baietz.
XABIER OLEAGA. Sektoreari etorkizun handi bat ikusten diot. Uste dut laguntzaile on bat edo tren on bat daukalako, nik uste dut, trakzio-lana egiteko. Eta da euskal gastronomiaren trakzioa.
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Baina zer diote gozogileek eurek? Nola ikusten dute etorkizun hori?, nola euren jardueraren osasuna? Karmele Pikabea, Donostiako Easo plazako Geltoki pasteldegikoa.
KARMELE PIKABEA. Jendeak hemengo produktua geroz eta gehiago maite duela, hemengo hornitzaileekin lan egitea ere geroz eta gehiago baloratzen duela, eta azkenean, gozogile artisauok… horretan datza gure balorea, ez?
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Zaila izango da prezioa irizpide nagusia hartu duen gizarte batean txikitik jokatzea eta berezkotasuna defenditzea. Baina Karmele, baikor.
KARMELE PIKABEA. Kontutan eduki behar dugu ere kontsumoa pila bat aldatu dela eta horretara egokitu egin behar garela; ezin dugu beti egon prezioaren aurka, eta horren kontra. Orduan, gure eskaintzak egokitu egin behar direla oraingo beharretara, ez?
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Geltoki gozodendan artisau-tankeran egiten dute lan, baina zer esan nahi du horrek praktikan? Ze alde dago euren eta industriaren produktuen artean?
KARMELE PIKABEA. Zaporean, dudarik ez. Gurinarekin edo benetako natarekin egindako pastel bat edo edozer gauza jaten duzuenean, gero ez daukazu garratz hori lepoan… Eta azkenean, askotan, jaten duzu txokolatezko, fresazko (marrubizko) edo limoizko gauza bat industriala, eta denek zapore berdina daukate.
ASIER ODRIOZOLA KAZETARIA. Gozotegi batzuek denetarik saltzen dute, baina bereziki produktu-izar bat izaten dute, eta hura dute bezeroak erakartzeko amu. Apustu egiten dute pastel batekin bete-betean asmatzeko.
KARMELE PIKABEA. Ba gure kasuan adibidez Geltokin, Ondarreta tarta oso ezaguna da, eta jende asko etortzen da Donostia ingurutik Ondarreta tarta hartzera.

 

Letra urdinez, gaiarekin lotutako esapideak

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
May 15, 2018
Number: 22894753
Source:
Duration: 00:03:22
Number of visits: 1704