Docutec Card

Galdu ezin dituzun 7 museo, baita udan ere

Egun eguzkitsu zein euritsuetan museoak bisitatzea aukera paregabea izan daiteke, baita udan ere.

 Errenteria, Oiartzun eta Pasaian gai ezberdinen inguruko 7 museo daude: geologia, musika, historia, literatura, arrantza eta itsas ondarea, arkeologia, etab. jorratzen dituzten museoak hain zuzen. Gainera, eskualdeko 7 museo hauek erdi prezioan bisitatzeko aukera paregabea daukagu orain urtebeteko iraupena duen bonu baten bidez.

Hona hemen 7 proposamen hauen aurkezpena:

San Marko gotorlekua (Errenteria)

1888ko gotorleku honek aukera ezin hobea eskaintzen digu beroari ihes egiteko, harrizko horma zabalek gordetzen dituzten tunel eta pasabideetan mantentzen den freskotasunaz gozatuz. Bertan, arma-plaza, barbeta eta obus bateriak eta lubanarrora eramango gaituzten kaponerak ere bisitatzeko aukera izango dugu. Iraganera bidaia, bisitarako egokituak dauden garaiko kainoi, metrailadore eta soldaduen erreplikekin. Gotorlekua asteazkenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara dago zabalik. Museora bisitak libreak diren arren, aipatutako ordutegian egin daitezkeen bisita gidatuak gomendatzen dira, toki paregabe honetako historia sakonago ezagutzeko. Gotorlekuan terrazadun taberna eta jatetxea ere aurkituko dituzu eta nola ez, ezin zaitezke bertatik joan begiratokira igo eta bertako ikuspegi aparta begiztatu gabe. 

Arditurri Meatze gunea (Oiartzun)

Naturgunearen bihotzean kokaturik, bisita Aiako Harria Parke Naturaleko parketxean hasten da, non ingurua ezagutzeaz gain, historiaz beteriko meatze honetaz gehiago jakingo dugun. Kaskoa jantzi bezain laster, bertan eskaintzen diren bi bisitetako batean abiatuko gara: Oinarrizko bisita edo Meategia sakonean. Bertan, meatzari baten azalean jarri eta erromatar garaian hasi eta ordutik gaur arte egindako lana bertatik bertara ezagutuko dugu meazuloan barrena murgilduta. Hau ere aukera aproposa dugu bero handia egiten duen egunetarako, izan ere, meazuloan 12-13º bitarteko tenperatura mantentzen da urte guztian zehar.

Luberri, geologia museoa (Oiartzun)

Museo hau bisitatzea 500 milioi urtetan zehar bidaia egitea da. Izan ere, areto ezberdinetan Aiako Harria Parke Naturala nola sortu zen edota Euskal Herri osoko geologia ezagutzeko aukera paregabea daukagu. Hau guztia gutxi ez balitz, harkaitzetan ezkutatuta kontserbatu diren altxor naturalak aurkitzeko aukera ere izango dugu panel eta fosilen bitartez. 

 

 

 

 



Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Oiartzun)

Audiogida bat hartu eta bertan ikusgai dauden munduko kontinente guztietako musika-tresna eta soinu jostailuen soinuaz gozatu ahalko duzu (guztira, artxiboan eta ikusgai daudenen artean, 1.400 musika-tresna baino gehiago). Gainera, kontzertu edo tailer ugari antolatzen dituzte bertan. Adibidez, irailaren 2tik 4ra Herri musikaren jardunaldiak antolatzen dira kontzertu eta hitzaldi ezberdinekin. 

 

 

 

 



Albaola, Itsas Kultur Faktoria (Pasaia)

Pasai San Pedron kokatzen den Albaola Itsas kultur faktoriara bisita itsasoz hasi daiteke, Trintxerpen ontziratu eta Albaolaraino eramango gaituen ontzian, hain zuzen. Albaolak inguruko itsas ondarea ezagutu eta zuzenean XVI. mendeko baleontzi baten erreplikaren eraikuntza ikusteko aukera ematen digu, eraikuntzaren fase ezberdinak ezagutuz. Gainera, abuztuaren 31tik irailaren 17a bitarte gurdibidea egiten arituko dira. Izan ere, bere garaian bezala, San Joan baleontzia istinkatzeko beharrezkoa den alkaterna idi eta behi-gurdiz ekarriko dute Burgosetik Pasaiara.
 

 


Mater, museo-ontzia (Pasaia)

Eskualdean daukagun museorik originaletako bat, dudarik gabe. Mater Pasai San Pedroko arrantza-portuan dagoen atunontzi tradizionala da, bisitarako egokitua. Bertan arrantzaleen bizitza, arrantza-tresnak, itsas biologia, etab. ezagutzeko aukera izango dugu. Bisita amaieran, itsasontziaren barruan mokadu txiki bat eskaintzen dute, hegaluzea eta txakolinaz osatua. Halaber, Materrek bisita ezberdinak eskaintzen ditu, hala nola, Pasaiako alde zaharra eta ingurune naturalean edota itsasora irteera ezberdinak. Irailaren 25era arte aparteko jarduera ugari antolatu dituzte: arrantza-saioak, Kontxako estropadak ikustera irteera, Pasaian eta Jaizkibelgo itsalabarretik bisita gidatua edota itsasoarekin zerikusia daukaten ekoaktibitate ezberdinak.

Victor Hugo etxea (Pasaia)

Pasaiako badiara begira dagoen XVII. mendeko etxe honetan hartu zuen ostatu Victor Hugo idazle frantsesak 1843ko udan. Tokiak liluratua utzi zuen Victor Hugo, eta hainbat testigantza ikusi edo entzun ditzakegu egungo “Victor Hugo, oroimenera bidaia” erakusketa iraunkorrean. Izan ere, etxe honetan bizi izan zuen egunerakotasunaren deskribapenak entzun baitaitezke bertan, edota Victor Hugoren begietan XIX. mendeko Pasaia nolakoa zen erakusten digun ikus-entzunezkoa ikusi.
 


Eskualdeko museo hauek guztiak prezio berezian bisitatzeko aukera paregabea dugu orain bonu baten bitartez: eskualdeko 7 museoak bisitatzeko sarrera bakarra 11€ren truke. Horrela, museo guztiak erdi prezioan bisitatu ditzakegu urte beteko epean. Bonua aipatutako museoetan eta Errenteria eta Pasaiako turismo-bulegoetan dago salgai.

INFORMAZIO GEHIAGO:
Errenteriako turismo bulegoa: 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus
Testua Oarsoaldeatik bidalia.


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Aug 26, 2016
Number: 2274086
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3384