Docutec Card

Donostiarrik gabeko Donostia

Gero eta turista gehiago datoz Donostiara, komunikabideetan zabaldutako datuen arabera; gero eta kolore gehiagoz janzten ari dira Donostiako kaleak. Besterik da, donostiarrak pozik dauden egoera horren aurrean.

Egin duen amesgaizto bat kontatzen digu Aritz Cestonak Euskadi Irratiko saio honetan. Tamalez, errealitatearekin zerikusia handia duen ametsa da Aritzek azaltzen diguna.

Transcription:[+] Transcription:[-]

ARITZ CESTONA. Gaur gauean amets egin dut. Amets egin dut donostiarrik gabeko Donostia batean. Bertako kale eta pasaia guztiak betiko lekuan zeuden. Irlak hiriari so jarraitzen zuen. Igeldoko xarmak ere bere horretan zela zirudien. Buleko [bulebar] erlojuaren orratzek zuzen adierazten zuten ordua. Hiru hondartzak ere hortxe zeuden, zubi bakoitza kolpatzen zuen ohiko ipar haizea bezala. Artzain Ona, Konstituzioa, Gipuzkoa, Frantzia pasealekua, Alde Zaharra eta gainerako guztiak. Baina bazen zerbait nire ametsari izerdi latza eragiten ziona. Ez nuen inongo kaleetan bertako donostiarren inongo zantzurik nabarmentzen, falta ziren, denak falta ziren. Errusiarrak, frantziarrak, amerikarrak, japoniarrak eta beste hainbatek eta hainbatek koloreztatzen zituzten bertako kaleak, talde handietan mugituz.
    Oso soinu ezberdinetako hizkuntzez betetzen zituzten inguruak, eta hasiera batean, berrikuntzak edo nobedadeak piztu baninduen ere, zerbait falta zen, mamia falta zen, erroa falta zen, sustraia eta bizitza falta ziren, eta horrek bilakatzen zuen nire ametsa amets larri.
    Bertako agintari eta arduradunek bere lanaren fruitua jaso zuten: urtetik urtera turista gehiago erakarri, are eta gehiago hobe, mugarik gabe: taberna gehiago, denda gehiago, turista-gida gehiago. Telebista eta irratiko informazio-saio guztietan goraipatuz zenbat eta zenbat turista gehiago pasatu diren aldiro; eta utzi duten diru-kantitateak ere nola egin duen gora.
    Kaleko egun onak nola desagertu diren, Alde Zaharreko kaleak selfie-makilaz nola bete diren eta edozein tabernatako tabernari petralak nola luzatzen didan pintxoentzako platera, dakizkien hitz ingeles gutxirekin eta aurpegi txarrez. Nola hiri osoko etxebizitzen prezioak zeruko atarian jarri dituzten, eta bertako denek nork daki nora alde egin beharra izan duten. Ametsetako izerdiak triste-puntuarekin ere nahastu dira, probintzianoa izan arren hiri hau oso gustukoa baitut eta asko maite ere. Baina zertan bihurtu den eta noraino eraman duten ikusita, lo-orduak nekezak eta luzeak egin zaizkit.
    Turistak, kanpoko jendea, atzerriko hizkuntzak eta abar oso gustukoak ditut eta hiri edo leku bati oso gustuko dudan kolore eta bizitza eman diote. Baina bertakoak diren donostiarrak falta diren honetan kolore guztiak haizeak daramatza eta hain ederra den hiria hutsal bihurtu da.
    Halako batean, iratzargailuak bere lana bete du eta atera nau amesgaiztora gehiago gerturatzen zen egoeragatik. Gosaldu eta dutxa-pasada hartu ondoren, banoa berriro Donostiarantz. Lasai noa, amets bat bakarrik baitzen nire gaueko buru-buelta. Edo ez. Probintzianoa hiriburura iritsi eta lehenengo gauza salmentan dauden etxe batzuen iragarkia ikusi du, ustez errusiera den hizkuntza batean. Eta berriro izerdi larria sentitu du bizkarrean behera.

ESATARIA. Donostiarrik gabeko Donostia, Aritz Cestonaren ametsean agertu zaiguna. Arrazoi duk plateraren kontu horretan, e. Taberna batera sartzen haiz eta pintxoak baldin badaude, zeran, barran, platera luzatzen ditek. Ez zaidak batere gustatzen.
ARITZ CESTONA. Oraindik gogorra egiten zaigu guri.
ESATARIA. Gure entzuleek ezagutuko dute kontua, baina Donostiara etortzen bazara, Alde Zaharreko tabernetan, pintxoak egoten diren tabernetan, taberna batera sartu eta platera luzatzen dizute, zuk hor gero nahi dituzun pintxoak jarri ditzazun, ezta? Garai batean ez huan horrela. Hik hartzen hituan…
ARITZ CESTONA. Arraro sentitzen gaituk.

                                                                                                      Lodituta, gaiarekin lotutako espresioak

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 13, 2016
Number: 2209568
Source:
Duration: 00:03:16
Number of visits: 6693