Docutec Card

Zer ondorio ditu ahuakatearen ekoizpenak?

Mundu-mailan ahuakatea modako fruitu bihurtu da. Estatu Batuetan, esaterako, herritar bakoitzak batez beste 30 kilo kontsumitzen ditu urtean. Eta eskaera horri aurre egiteko, ikaragarri igo da ekoizpena.

Mundu-mailako ahuakatearen ekoizpenaren % 30 Mexikon egiten da. Ahuakatearen kontsumoak etengabe egin du gora eta horrek hainbat kalte eragin dizkio bertako ingurumenari. Gainera, fruitu honen ekoizpenaren irabazi handiek bultzatuta, Mexikoko narkoek nekazariei zergak eskatzen hasi ziren eta horrek gizarte-gatazka handiak sortu zituen.  Ane Irazabal kazetariak azalduko digu zein diren ondorio eta kalte horiek guztiak.

Irratsaio osoa hemen entzun dezakezu.

Transcription:[+] Transcription:[-]

MANU ETXEZORTU.- Gure gosariak, Olaia, aldatuz joan dira, eta hainbat eta hainbat gosaritan atentzioa eman digu azkenaldian ahuakatea geroz eta presenteago dagoela. Ahuakatea geroz eta gehiago ikusten dugu gosarietan.
OLAIA.- Horixe da. Taberna askotan ogia ahuakatearekin eskaintzen dute, eta dietistek ere geroz eta gehiago iradokitzen dute produktua. Iraganean, soilik, jatetxe mexikarretan ikusten genuen fruitua zen. Gaur egun, ordea, edonon ikus daiteke eta supermerkatuetan ere eskaintza geroz eta zabalagoa da. Estatu Batuetan, esaterako, herritar bakoitzak batez beste 30 kilo kontsumitzen ditu urtean, duela 8 urte 15 kilo ziren. Eta Europa mailan fruitu honen kontsumoa % 30 hazi da.
MANU ETXEZORTU.- Garbi dago mundu osoan indar handiz sartu dela ahuakatea. Eta lehen aipatu diguzu kontsumoak izugarri egin duela gora mundu osoan. Horrek izan al du ondoriorik produkzioan, Olaia?
OLAIA.-  Ba hasteko, bai, Manu. Hasteko aipatu behar dugu Mexiko dela mundu mailako ekoizle nagusia. Mundu mailako produkzioaren % 30 Mexikon egiten da eta Estatu Batuetara saltzen denaren % 82 iristen da Mexikotik. Kontsumoak etengabe egin du gora eta horrek, noski, eragin zuzena izan du ekoizleengan. Esaterako, Mexikon bertan nekazari askok pinu-basoak basogabetu dituzte euren sailak handitzeko, eta horrek, noski eragin zuzena izan du naturarengan.
MANU ETXEZORTU.- Eta ez soilik naturarengan, ezta?, Mexikon ere gizartean arazo larriak eragin ditu, bertan “urre berdea” bezala ezagutzen den fruitu honek produkzioak.
OLAIA.- Bai. Eta errealitate horren berri izan du Mexikon bertan Ane Irazabal gure lankideak.
MANU ETXEZORTU.- Gurekin da Ane Irazabal. Ane, egun on.
ANE IRAZABAL.- Kaixo, egun on.
MANU ETXEZORTU.- Ane, Mexikon izan zara ahuakatearen, urre berdearen inguruan dagoen negozioari buruz hitz egiteko. Michoacán estatuan izan zineten, Tancitaro izeneko udalerrian. Munduko ahuakate-ekoizle handiena da herrialde hori, eta erreportaje honen hasieran esaten duzun bezala, miliziak, armatutako taldeak, ikusi dituzue ahuakatearen gerran murgilduta. Zein da, Ane, bertan aurkitu duzuen errealitatea. Kontaiguzu!
ANE IRAZABAL.- Esan duzuen bezala, Tancitaro da munduko ahuakate-ekoizlerik handiena, gehienbat bertan, Mexikon oro har, produzitzen den ahuakatearen gehiengoa Amerikako Estatu Batuetara esportatzen da, eta gertatu zena zen, duela 10 bat urte, narkoak konturatu zirela nolabait ahuakatearen produkzioak drogak baino diru gehiago ematen zuela. Michoacanen bazeuden narko familiak, haien artean batak besteari gerra egiten ziotenak, eta une horretan “familia michoacana” izeneko taldeak erabaki zuen Michoacanen metanfetamina egosten hastea, produzitzen hastea. Eta orduan ahuakate-produzitzaileengana joan ziren narkoak, eta esan zieten: “Bueno, guk zuei emango dizuegun babesaren truke, guk nahi duguna da gure kabuz hemen mentanfetamina egosten hastea”. Eta orduan zer egin zuten? Ba Michoacanen, ia abandonatuta, estatuak abandonaturiko lurralde askotan, herrialde askotan, ba errepideak eraiki zituzten, argindar-sistema eraiki zuten, eta ba, esan dezakegu, konturatu zirela bertan zeuden bitartean ba ahuakate-produzitzaileek diru asko irabazten zutela eta diru asko egiten zutela ahuakatearen produkzioarekin. Eta orduan zer erabaki zuten narkoek? Nolabait zerga bat eskatzen hastea, hau da, mexikarrek “kuota” deitzen diotena. Eta orduan, hasi zirena zen ba, ba produzitzaileei, ahuakate-produzitzaileei dirua eskatzen. Hasieran gutxi, baina poliki-poliki diru-kantitate hori gero eta handiagoa egin zen eta mehatxatzen hasi ziren produzitzaileak.
MANU ETXEZORTU.- Beraz, hasi ziren iraultza-zerga moduko bat kobratzen, ezta?
ANE IRAZABAL.- Horixe da. Ekoizleek ikusi dute ahuakatearekin diru handia egin dezaketela. Beraz, ikusten ari garena une honetan da beste arazo, arazo handi bat, eta da kontrolik gabe, inolako kontrolik gabe landatzen direla ahuakate-zuhaitzak eta nolabait Mexikoko Michoacaneko estatutuko baso autoktonoa desagertzen ari dela ahuakate-zuhaitzak landatzen ari direlako. Eta zentzu horretan…
MANU ETXEZORTU.- Bai. Zentzu horretan, bai…?
ANE IRAZABAL.- …deforestazio, deforestazio-arazo larria bizitzen ari dira. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 19, 2018
Number: 22025124
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:14
Number of visits: 2096