Docutec Card

Dieta jasangarrirako gakoak

Nolakoa izan beharko luke dieta osasungarri batek, era berean ingurumenarekiko jasangarria izateko? Jose Ramón Mauleón soziologoak gako batzuk eman ditu horri erantzuteko, gure ingurua eta gizartea aintzat hartuta.

Azken boladan, hainbat herrialdetan egin dituzte ikerketak, aztertzeko nolakoa izan beharko lukeen dietak, aldi berean osasungarria eta ingurumenarekiko jasangarria izateko. Adibidez, joan den martxoan argitaratu zuten Zeelanda Berrian egindakoa, izenburu honekin: Foods and dietary patterns that are healthy, low-cost, and environmentally sustanaible: a case study of optimization modeling for New Zealand (Elikagai eta dieta-eredu osasungarriak, merkeak eta ingurumenarekiko jasangarriak: optimizazio-modelizazioen kasu praktikoak Zeelanda Berrirako).
Ikertzaileek gogorarazi dute elikagaien ekoizpenak berotegi-gasen % 19-31 eragiten duela. Horrenbestez, joera aldatzeko asmoarekin, dieta egokiena detektatzen saiatu dira ikertzaileak, kondizio hauek aintzat hartuta: osasungarria izatea, merkea, ingurumenarekiko jasangarria (haientzat, berotegi-gas gutxi isurtzea), eta Zeelanda Berrian ohikoak diren janariak izatea.


 

Zenbait gako, urrutira joan gabe.

Baina, aurreko ikerketen hutsuneak nabarmendu baino, Mauleonek nahiago du irtenbideak proposatu. Hala, gizartearen kultura eta ezaugarriak kontuan izanda, dieta osasungarri eta jasangarri bat lortzeko gako batzuk iradoki ditu.
Lehenengo gakoa Europako azterketetan ere azaleratu dute, haragi-kontsumoa gutxitzea baita: "Azterketa guztiek erakusten dute haragi gehiegi jaten dugula. Eta jakina da hori txarra dela osasunerako eta oso txarra ingurumenerako. Hortaz, hortik hasi beharko genuke". Haragia lekaleekin eta proteina asko duten landare-jatorriko beste elikagai batzuekin ordezkatzea proposatu du. Hemen dugun arazoa kulturala da. Barneratuta dugu bigarren platerak haragia edo arraina izan behar duela. Nola aldatu ohiturak? Hor dago koxka".
Bigarren gakoa eraldatutako janariari dagokio: "Kontsumitzen dugun azukrearen eta gatzaren % 70 ez dator ez azukre-ontzitik ez gatzontzitik, eraldatutako janarietatik eta edarietatik dator. Hortaz, horiek produktu freskoekin ordezkatzen baditugu, osasunari mesede egiten diogu, noski, eta baita ingurumenari ere, janari horiek prestatzeko eta merkaturatzeko prozesuetan energia pila bat erabiltzen baita".
Jarraian, nekazaritza ekologikoaren alde egin du Mauleónek. Azaldu duenez, nekazaritza ekologikoak ez du sintesi kimikoaren bidezko produktu fitosanitariorik ezta ongarririk ere erabiltzen. Horrenbestez, nekazaritza ekologikoko elikagaiak kontsumitzean, ingurumenaren alde egiten dugu".


Sasoikoaren, gertukoaren eta txikiaren alde.
 

Ildo horretatik, sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu du: "Tomate-sasoia denean tomate bat ekoizteak duen gastu energetikoa izugarri txikia da alderatuta sasoiz kanpo ekoizteak duen gastuarekin edo kanpotik ekartzeak eragiten duenarekin".
Elikagaien ekoizpenarekin lotutako zenbait gako aipatu ondoren, janaria erosteko aukeratzen den lekuan jarri du arreta: "Begi-bistakoa da ez dela gauza bera saltoki handi batean erostea janaria, edo etxe azpiko dendan. Are gehiago: giro batzuetan, zabaltzen ari da nekazariari zuzenean erosteko aukera".
Mauleónen iritziz, guztiz onuragarria da aukera hori: "Denentzat da ona. Hasteko, norberaren osasunarentzat eta ingurumenarentzat, produktu freskoa, sasoikoa eta eraldatu gabea delako, eta bertatik bertara salerosi delako. Eta, gero, baita gizartearentzat ere, lehen sektoreko langileak zuzenean jasotzen duelako dagokion ordaina".
Horren harira, aipatu du ez dela behar adina hartzen kontuan nekazari txikiek ingurumena zaintzeko egiten duten lana. Zuzeneko salerosketaren eta bidezko merkataritzaren bidez, nolabaiteko aitortza egiten zaie eta laguntza ematen zaie haien lanarekin jarrai dezaten.
Horrez gain, zuzenean nekazariari edo dendariari erostean ihes egiten zaio merkataritza-guneek sustatzen duten ereduari. Hain zuzen, kontsumitzaile-elkarteek eta beste eragile batzuek ere sarritan salatu izan dituzte gehiegizko kontsumoa bultzatzeko saltoki handiek erabiltzen dituzten estrategiak. Horregatik guztiagatik, zuzenean ekoizleari edo dendari txikiari erostearen aldekoa da Mauleón.

Ana Galarraga Aiestaran www.zientzia.eus webgunetik moldatutako testua.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Apr 17, 2018
Number: 21946812
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3514