Docutec Card

Habiak husten ari dira

Europako mendebaldean laborantzari lotutako txori populazioek beherakada handia izan dutela ohartarazi dute adituek. Horren atzean, besteak beste, habitat galera eta pestiziden erabilera dago.

Ez da gai berria, baina horrek ez du esan nahi ez duenik gaurkotasunik eta garrantzirik. Alarma gorriak aspaldi piztu ziren, eta bere horretan jarraitzen dute. Berriki, Frantzian egin duten ikerketa batek ekarri du gaia berriz ere mahai gainera: txorien populazioa izugarri jaisten ari da herrialde horretan; kasu batzuetan, bi herenetakoa izan da jaitsiera. Ikerketa horretan parte hartu du Benoit Fontaine Frantziako Natura eta Historiaren Museo Nazionaleko biologoak, eta horrela deskribatu du egoera: «Hondamenezko egoera bizi dugu. Gure herrialdea benetako desertu bihurtzeko bidean gara».

Antzandobi arrunta       Baso txinboa                   Berdantza horia

 

Sasi txinboa, berdantza miarritza, hegatxabal arrunta eta oso zabaldurik dauden beste espezie batzuen populazioa heren bat jaitsi da mendea hasi zenetik. Beste batzuen egoera makurragoa da: negu txirta kopurua % 70 inguru jaitsi da. Frantzian egin duten ikerketaren egileek uste dute monolaborantza eremu handietan pestizida anitz erabiltzeak sortu duela egoera, batik bat gari eta arto landaketetan. Diotenez, arazoa ez da txoriak pozoiturik hiltzen direla, gosez baizik, haien bazka diren intsektuak desagertzen ari direlako.
Ikerketan parte hartu duen CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroaren arabera, hegan egiten duten intsektuak % 80 gutxitu dira Europan, eta txorien populazioak 400.000 baino gehiago 30 urtean. Datu gehiago badira: Europako mendebaldean laborantzari loturiko txori populazioen beherakada jaso du IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak berriki plazaratu duen txostenean. Bertan azaltzen denez, hegazti horiek % 57ko beherakada izan dute 1980. eta 2013. urteen artean.
Arazoa, beraz, ez dagokio soilik Frantziari; mendebaldeko Europa guzian dago. Euskal Herrian ere bai.  SEOBirdLife elkarteak egina du egoeraren argazkia, eta beherakada nabarmena dela ohartarazi du. Horren berri eman du Lucia Peñak, elkarte horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, azken hogei urteetako joera azalduz. Txori alejaleen beherakada handia dela dio, % 52, eta, oro har, zerealen landa eremuari loturiko hegaztiak % 28 gutxitu dira.
Gehien gutxitu direnak laborantzari loturik daude: baso txinboa, usapala, berdantza horia, hegatxabal arrunta, landa txolarrea, antzandobi arrunta eta pitxartxar nabarra. Haietako batzuen beherakada % 90ekoa baino handiagoa izan dela ohartarazi du Peñak. Hori da landa txolarrearen, berdantza horiaren eta pitxartxar nabarraren egoera.

 

Hegatxabal arrunta               Landa txolarrea

 

Intsektuen beherakada

«Gainbehera ikaragarria ikus dezakegu », ohartarazi du Peñak. Gainbehera horren eragileei dagokienez, hainbat faktore daudela uste du  SEOBirdLife elkarteko ordezkariak: herbizidak eta pestizidak erabiltzea, egiten diren laborantza lanak eta habitat aldaketa. «Ikusi dugu gehien mekanizatutako landa eremuetako  beherakada, batik bat, herbizidengatik eta blindatutako hazien erabileragatik gertatzen dela». Aitortu du pestiziden eragina handiagoa dela Europako iparraldean Euskal Herrian baino, han laborantza intentsiboagoa delako, erreserba leku gutxiago dituztelako eta klimaren egoera makurragoa delako. «Hemen, hegaztiek aukera gehiago izaten dituzte janaria lortzeko, nahiz eta plagizidak erabili». Hala ere, egoera ez da ona, inondik inora, eta Europan intsektuek beherakada «handia» izan dutela gogorarazi du Peñak.
Iker Elosegi EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzaileak bi faktore nagusi aipatu ditu: habitat galera eta intsektuen galera. «Europan habitat galtze ikaragarria izaten ari da», gogorarazi du. «Intsektuen populazioak nabarmen galtzen ari dira, eta pentsatzekoa da horrek eragin zuzena duela intsektuak jaten dituzten txoriengan». Laborantza industrialean erabiltzen diren pestizida asko intsektizida direla gogorarazi du, baina ez hori bakarrik, habitatak sinplifikatu egin dira. «Hesi guziak kendu dira Europan, hesietan ziren intsektuetarako eta abarretarako habitat horiek deseginez, beraz, haien populazioak desegiten ari dira. Azkenean, dena lotua dago».

Txorien habitata eta janaria gaizki dago. Haientzat gaizki badago, guretzat ere gaizki dago.
 

Lucia Peña
SEOBirdLifeko ordezkaria

 

 

Lehengo laborantza eredura itzultzea zaila da, baina hura ulertu beharko genuke bide hori berreskuratzeko.
 

Iker Elosegi
EHLBko koordinatzailea


 Jatorrizko testua: Habiak husten ari dira . Egilea: Iker Tubia, Berria, 2018-04-05 (laburtua)

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Apr 6, 2018
Number: 21564734
Author: Iker Tubia
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2472