Docutec Card

Ametsaren bidea

Ametsen mundua misteriotsua izan ohi da. Amets batzuk gogoan izaten ditugu eta besteak esnatu orduko ahazten ditugu.

Gainera, amets batzuk behin baino gehiagotan errepikatzen zaizkigu. Zer esan nahi ote dute? Pista batzuk ematen dituzte Euskadi Irratiko Faktoriako programatik hartutako audio honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

IDOIA TORREGARAI. Honetaz eta ari nintzela hausnartzen, niri benetan beti liluratu eta harritu nauena da ametsak. Gure burmuinak, gauean, lotan gaudenean, sortzen dituen istorio…
MANU ETXEZORTU. Istorio berezi horiek.
IDOIA TORREGARAI. Istorio berezi horiek.
MANU ETXEZORTU. Inolako esplikaziorik ez dutenak.
IDOIA TORREGARAI. Hori da. Esaten dutenez, REM fasean izaten da, hau da, lo sakonean oraindik ez gaudenean, begiak asko mugitzen diren fase horretan, eta garun-azalak sortzen ditu, gure esperientzietatik abiatuta. Manu, zu gogoratzen ala zara ametsetaz?
MANU ETXEZORTU. Bueno, ez beti. Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Adibidez, bart zer amets egin dudan ez naiz akordatzen.
Amets gaiztoak izaten dira. Eta horrelakoetan esnatzen zara gaizki, nekatuta bezala, ezta?
IDOIA TORREGARAI. Oso, oso.
MANU ETXEZORTU. Mendira joan izan bazina bezala, ezta?
IDOIA TORREGARAI. Hori da, pot eginda. “Adituek” kakotx artean esaten dutenaren arabera, saiatuko gara, baita ere, esaten zer esanahi daukan.
MANU ETXEZORTU. Bale, oso ondo.
IDOIA TORREGARAI. Adibidez, norbait segika daukazula edo…
MANU ETXEZORTU. Bai, horrek zer esan nahi du?
IDOIA TORREGARAI. Adituek esaten dute arazo bat daukazula bueltaka buruan eta aurre egin arte ez dizula bakean utziko.
Gero beste bat askotan errepikatzen dena, baina nik sekula ez dudana egin da hegan egiten duzunean. Adituek diote pisu handi bat kentzen duzunean gainetik.
MANU ETXEZORTU. A bai, e? Ametsa baldin bada hegan egin duzula horrek esan nahi du arazo bat kendu duzula gainetik, ez?
IDOIA TORREGARAI. Beste amets…. errepikatzen den edo ohikoa da komuna ez duzunean aurkitzen, ametsetan.
MANU ETXEZORTU. A bai! A zer estutasuna!
IDOIA TORREGARAI. Hori estutasuna. Eta hori izaten da batzuetan zerbait fisiologikoa, hau da, batzuetan txizagura edo kakagura izaten duzu eta altxa behar izaten duzu. Baina, baita ere, adituek esaten dute zure bizitzako beharrak ez dituzula aurkitzen; gainera, besteena aurretik jartzen duzula.
MANU ETXEZORTU. Hara! Entzuleen mezuak whatsappen bidez: “Egun on. 15 egunez behin errepikatzen zaidan ametsa: atzetik zezen bat segika dudala. Arbola gainera ere igo egiten da. Ni igotzen naiz arbola gainera eta zezena ere igo egiten da arbola gainera”.
IDOIA TORREGARAI. Zezena beltza izango ote da? Bai, seguru asko beltza izango da. Horrek esan nahi du badaukala, adituen arabera, arazo bat eta aurre egin behar diona.
Edo beste bat, amets ohiko bat izaten da, baita ere, erortzen ari zarela. Horrek esan nahi du arazo batekin borrokan zabiltzala, erori, erori, eta erlaxatu beharra daukazula.
Baita ere, ohikoa izaten da autoan gidatzen zoazela. Eta horrek esan nahi du, irudikatzen du, pixka bat autoa segun eta ondo zoazen edo deskontrolatuta daukazun zure bizitza ere nola daramazun: zuzen eta gustura baldin bazaude, ba horrek esan nahi du ondo ari zarela. Eta hor jota bazterrak jotzen baldin bazabiltza, hor pixka bat deskontrolatuta zabiltza.
Errepikatzen dena askotan da hil egiten garela, hiltzen ari garela. Larritasun hori, momentu hori, esnatzen garenean… Bueno ba horrek ez du ezer txarrik esan nahi.
MANU ETXEZORTU. A ez, e?
IDOIA TORREGARAI. Ez du zertan beti esan nahi. Hau da, etapa berri baten hasiera esan nahi omen du. Horrela esanda, ona da, baina esnatzen zaren sustoarekin, horri ja egunari ez dakit nola buelta ematen diozun.
Eta beste bat, adibidez, dago,eta hau bai niri errepikatzen zaidala, eta da azterketarako ez nagoela prest.
MANU ETXEZORTU. Hori da. Badator etsamina egiteko ordua eta ez dakizu.
IDOIA TORREGARAI. Ez dakit ezer. Honek esan nahi du zeure buruarekin oso kritikoa izaten ari zarela.
MANU ETXEZORTU. A, begira!
IDOIA TORREGARAI. Eta nik hau askotan egiten dut. Eta esaten dut askotan, bi astetik behin edo hilabetean behin fijo egiten dudalako.
MANU ETXEZORTU. E, hemen batek idazten du: noizean behin, hortzak erortzen zaizkidala amesten dut. A zer lasaitua esnatu eta bertan daudela ikustean.
IDOIA TORREGARAI. Ba, justu hori zen azkenekoa, ze hori asko errepikatzen da. Zure boterea eta konfiantza adierazten dute; gustuko ez duzun egoera baten aurrean zaudela adierazten du. Erortzen zaizkizunean, berez, esaten dute hori adierazten dutela.
Beste batzuk ere, ez ditugunak hemen aipatu, izan daiteke, baita ere, maitasunarekin, amodioarekin eta sexuarekin lotutakoak.
MANU ETXEZORTU. Bueno.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 11, 2016
Number: 2155189
Source:
Dialect:
  • Gipuzkera
Duration: 00:03:50
Number of visits: 3436