Docutec Card

BAGOAZ! B1-3- Atzerrian hobeto

Josu eta Amaia etxean dira, afaria prestatu eta eseri egingo dira. Amaiak bere lehenengo laneguna kontatuko dio Josuri.

Josuk, berriz, lana topatzeko arazoak ditu. Amaiak aholkuak emango dizkio.

Transcription:[+] Transcription:[-]

JOSU.— Zer moduzkoa izan da lehendabiziko eguna, Amaia?
AMAIA.— Ona. Erredakzioan denak daude laguntzeko prest. Eta ez naiz arrotz sentitu.
JOSU.— Banekien, lanpostu bikaina da. Beharbada ez duzu diru asko irabaziko, baina pila bat ikasiko duzu.
AMAIA.— Bai, eta gainera, lantaldea oso alaia da: jende gaztea, ia denak neskak, eta gauza guztiak taldean planteatzen dira.
JOSU.— Erredakzioko lana ez da sekula bukatzen, ezta?
AMAIA.— Hala ematen du, bai.
JOSU.— Eta? Herrikoak al dira denak?
AMAIA.— Ez dakit. Batzuk ez ditut sekula ikusi, baina beste batzuk ezagunak egin zaizkit, kalean ikusita-edo.
JOSU.— Bueno, eta zer egin duzu?
AMAIA.— Iritsi eta elkarrizketa bat egin behar izan dut! Oso urduri nengoen.
JOSU.— Hori da gure Amaia! Hasiera-hasieratik plazara, beldurrik gabe.
AMAIA.— Bai, zera! Izututa! Eskerrak Izarok lagundu didan.
JOSU.— Pasa gatza, mesedez.
AMAIA.— Tori!
JOSU.— Mila esker! Baina, azkenean dena ondo atera da, ezta?
AMAIA.— Bai. Eta, ospatzeko, garagardo bat hartzera joan gara. Goizeko hamarretan!
JOSU.— Goiz samar...
AMAIA.— Bai, baina Izaroren ohiturak dira, eta ezin ukatu. Gainera, gero…
JOSU.— Ai ama! Ura!
JOSU.— Barkatu. Gainera gero, zer?
AMAIA.— Gero terraza batera joan gara eta, handik pixka batera, Antton etorri da, Izaroren neba.
JOSU.— Hara! Pixka bat nahi?
AMAIA.— Bai, mila esker.
JOSU.— Jatorra?
AMAIA.— Bai, pixka batean hizketan aritu gara.

ETENA

AMAIA.- Eta, zuri nola joan zaizu eguna, Josu?
JOSU.— Niri? Beti bezala: gaizki. Gaur ere 5 curriculum bidali ditut industrialdeko enpresa batzuetara. 30 curriculum bidali ditut aste honetan, baina alferrik. Ez dit inork deitu.
AMAIA.— Ez galdu itxaropena, Josu. Zuk asko balio duzu eta aurkituko duzu zerbait.
JOSU.— Nik ere kazetari izan nahi dut, baina martxa honetan edozer egiteko prest nago.
AMAIA.— Ez amore eman.
JOSU.— Skype-z hitz egin dut Ingalaterran bizi den lagun batekin.
AMAIA.— Nor da?
JOSU.— Sara, txikitako lagun bat. Ez duzu ezagutzen.
AMAIA.— Eta?
JOSU.— Oso ondo dago han. Informatikaria da. Baina ingelesa praktikatzeko aholkua eman dit.
AMAIA.— Hara joateko?
JOSU.— Umm.
AMAIA.— Josu, inora joan aurretik, hemen gehiago saiatu beharko zenuke.
JOSU.— Hemen asper-asper eginda nago!
AMAIA.— Nik lagunduko dizut. Eta ezer ateratzen ez bada, orduan bai, orduan bilatu atzerrian.
JOSU.— Ez dakit. Hemen ez daukat ezer. Ez lanik, ez neska-lagunik…
AMAIA.— Bueno, gero jarraituko dugu hizketan. Orain jan xerra lasai; bestela, kontrako eztarritik joango zaizu eta.
JOSU.— Bai, hobe izango da.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment