Docutec Card

Ez lapurtu haurtzaroa neskatilei

Adingabeko neskatilak ezkonaraztea giza eskubideen urratzea da, argi eta garbi. Eta urraketa hori genero-desberdintasunari eta txirotasunari dago lotuta.

Gaituzte ezkontarazi
Maite ninduzun hain gutti
Ezkontarazi gaituzte
Ez zintudalarik maite.

Mixel Labegerie

 

Neska horiei haurtzaroa lapurtzen zaie, heziketa eteten, aurrera egiteko aukerak gutxitzen, goizegi haurdun geratzeko aukerak gehitzen, hiesa eta sexu-bidezko gaitzak izateko arriskua handitzen eta indarkeria eta sexu-jazarpena jasateko zorigaitza areagotzen.

Esaldi hau irakurtzen ematen duzun denboran, neskatila bat ezkonduko da munduan; minutu batean, 28 neska; ordu batean, 1.700 neska; egun batean, 41.000 neska eta urte batean, 15 milioi neska. Zenbaki horien guztien atzean istorio bat dago suntsitua, aske bizitzeko gogo bat hondatua, eta etorkizun-amets bat zapuztua.
Neskatila horien ardura bakarra haztea izan beharko luke, eta ikastea eta jolastea. Ez daukate burua prest, ezta gorputza ere, ama eta emazte izateko.

Munduko arazoa bada ere, gehienbat Asia erdialdean eta Afrika erdialde-mendebaldean gertatzen dira adingabeko neskatilen ezkontzak, batez ere landa-eremuetan eta zonalde behartsuenetan. Familiak, diru-premiak eraginda, onartu egiten du maiz alaba oso gazte ezkontzea. Horrelakoetan pentsatu ohi du ezkontzaren bidez gizaseme batek babestuko duela alaba sexu-jazarpenen aurrean, ez dela ezkondu gabe haurdun geratuko, ugalkortasun-urteak luzatuko dituela edo senarraren etxean esaneko izango dela.

Eta ezkontza goiztiar eta behartu hauen zergatia ez da soilik ekonomikoa. Ezkontzeko arrazoiak anitzak dira: neskei segurtasuna ukatzen zaie, heziketa, era askotako desberdintasunen biktima dira, genero-estereotipoek ere kalte egiten diete… Gerra-giroan bizi direnak ere ez dira gutxi, edo behar larria dutenak giza laguntza lortzeko.
Baina ezkontzak ez du nesken bizimodua hobetzen, kaltetzen baizik. Gehienek utzi egiten dute eskola, askok ume goiztiarrak izaten dituzte, edo erditzean hiltzeko arrisku handiagoa izaten dute. Gizartetik bakartuta gera litezke, eta etxe berrian indarkeria jasan lezakete. Neska ezkondu hauek nozitzen duten kaltea seme-alabei ere eragiten die, baita beren etxeari, komunitateari eta herrialdeari ere, zeren haurtzaroko ezkontza hauekin ez da pobrezia gutxitzen eta garapen ekonomikoa murriztu egiten da.       

Pare bat kasu

Shampa Akhter (Bangladesh, 16 urte)
Shamparen aitak, 2016an izandako istripu baten ondorioz, lana utzi behar izan zuen. Aitarena zen etxeko soldata bakarra, eta familiari eusteko, izeba batek pentsatu zuen ideia ona zela 15 urteko Shampa ezkontzea. Horrela, bat gutxiago izango zen etxean, eta egoera eramangarriagoa. Baina Shampa ez zegoen ados izebaren ideiarekin. Eta laguntza eskatu zion haurren ezkontzen aurka dagoen talde bati. Talde honetako kideek Shamparen etxera joan eta bere gurasoei azaldu zieten zer gerta zitekeen alaba ezkontzera behartuz gero. Esan zieten arriskutsua zela Shampa azkarregi haurdun geratzea, arriskutsua beretzat eta umekiarentzat. Esan zieten eten egingo zela Shamparen heziketa eta, gainera, Bangladesheko legeak debekatu egiten duela 18 urte azpikoen ezkontza.
Shampak gurasoek ez ezkonaraztea lortu zuen eta alabari bigarren mailako hezkuntza bukatzen utziko ziotela hitzeman zuten. “Mutila izan banintz inor ez zatekeen tematuko ni ezkontzen. Lanean hasteko aukera izango nukeen eta familiari lagunduko niokeen”.

Nour (Siria, 13 urte)
Eguerdirako gutxi falta da. Nour eta bere senarra etxeko egongelan daude. Libanoko Bekaa haranean bizi da bikotea. Neskak dituen urteen bikoitza dauzka ondoan daukan senarrak: 27 urte. Nour eta bere gurasoak errefuxiatuak dira. Siriako gerratik ihes egin zuten orain dela lau urte, indarkeriaz eta miseriaz nazkaturik. Nourrek bederatzi hilabete daramatza ezkonduta, ezkontza-egunean bertan ezagutu zuen gizasemearekin. Nour haurdun geratu zen, baina berezko abortu baten ondorioz, haurra galdu zuen.
“Gerrarik izan ez balitz, ez genukeen onartuko alaba hain gazterik ezkontzea, baina orain ditugun diru-arazoak izanda, ezin dugu mantendu” –diote Nour-en gurasoek.    


Zenbait datu

750 milioi. Munduan 18 urte bete aurretik ezkondutako emakumeak.

 

3tik 1. Garapen-bidean dauden herrialdeetan 18 urte bete gabe ezkontzen diren neskak.

 


100 urte. Egoerak bere horretan jarraituz gero, adingabekoen ezkontzak Afrika erdialdetik eta mendebaldetik deuseztatzeko beharko diren urteak.


16 milioi. 15-19 urte bitarteko emakume-kopurua, aurten ama bihurtu edo bihurtuko dena. Munduko datua da, eta urtero izaten da kopuru hori.


5 herrialde. 2017an 5 herrialdek debekatu dute haurtzaroan ezkontzea: Malawik, Guatemalak, El Salvadorrek, Hondurasek eta Trinidad eta Tobagok.

 

20 herrialde, haurtzaroko ezkontza-tasa handienak dituztenak munduan.

> % 50: Niger (1), Afrika Erdiko Errepublika (2), Tsad (3), Mali (4), Bangladesh (5), Burkina Faso (6), Ginea (7) eta Hego Sudan (8).
% 40-50: Mozambike (9), India (10), Malawi (11), Somalia (12), Nigeria (13), Eritrea (14), Etiopia (15), Madagaskar (16) eta Nikaragua (17).
≤ % 40: Uganda (18), Sierra Leona (19) eta Kamerun (20).
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 14, 2017
Number: 18141666
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2233