Docutec Card

Posta elektronikoa oker erabiltzeagatik gorrotatuko zaituzte

Ondo pentsatu zure nagusiari zein mezu elektronikoren kopia bidaliko diozun! Bestela, baliteke zure lankideekin gaizki geratzea, eta guztiak mesfidati agertzea zurekin.

Egin berri den ikerketa batek erakutsi duenez, mezuen ezkutuko kopiak (Bcc) bidaltzeak giro txarra sortzen du lankideen artean; izan ere, mezu elektronikoen trafikoak langileen emozioetan eragiten baitu.
Ikusi denez, langile batek mezuaren kopia enpresako nagusiari bidaltzen dionean, ez du “gardentasuna” bultzatzen, baizik eta “ beldurraren kultura” elikatzen ari da lankideen artean.

Eta zer gertatzen da zure postako sarrera-ontzia trabatzen duten hainbat mezurekin?

 

 “Hemen nago, lantokian, benetan”. Lanetik hurbil edo urruti dauden lankideei laneko postatik mezua bidaltzean, lantokian gaudela esaten ari gara. Eta agian ez gaude. Izan ere, erraza da posta bidaltze-jasotze horren bidez, lan-itxura egiteko mezuak sortzea.
“Gauerdian azkar” izeneko bertsioa ere badago. Hau da, burua bere tokian duten guztiak parrandan edo ohean daude, eta halako batean, gaueko ordu txikitan, lankide baten mezua jasotzen dute denek, bidaltzailea lanean ari dela adierazten duena.
 Bcc (kopia ezkutua). Mezu elektronikoaren erabilerarik kaltegarriena da hau. Erabilera ikusezina dirudi, baina suntsitzeko ahalmen handia du. Bcc erabilita, igorleak hainbat jasotzaileri aldi berean bidal diezaieke mezu bat, jasotzaileek mezua zeintzuk jaso duten ez jakiteko moduan. Norbait jabetzen bada lankide bat Bcc modua erabiltzen ari dela, lan-giroa erabat gaiztotu daiteke.
X-i erantzun: bai ala ez? Nola sinatzen dituzu mezu elektronikoak? Norbaitek e-postaz laneko mezu bat bidaltzen badu, mezuaren azpian X handi batekin, erantzun egin behar al diozu? Eta erantzuten ez badiozu, zer zara, zakarra, urduritasuna sortzen dabilena?
Badaude mezu elektronikoak hizki bakarrarekin sinatzen duten pertsonak ere, monograma batekin, errege-erreginak balira bezala. Dirudienez, erantzutea lortzeko aukera gehien duen agurra hauxe da: “Aldez aurretik, eskerrik asko”; hau baita erantzuna eskatzeko modurik adeitsuena.
Neurri motzean, hobeto. Mezu elektronikoa lan-hierarkia baten osagaia da. Hierarkia horretan, botere-mapatxo bat balitz bezala, jende-multzo jakin bat ari da mezua banatzen. Dirudienez, mezuen luzerak balizko igorle-jasotzaileen arteko botere-harremanarekin du zerikusia. Azpiko mailan dagoenak testu luze bat igorri ohi du, eta nagusiak, aldiz, bi lerroko erantzuna. Beraz, motzean idatzi, zure lan-ibilbidean aurrera egin nahi baduzu.
Urteak joan arren, oraindik ikara sortzen duen hondamendia. Ez dago ihesbiderik. Badirudi patuak mezuak bidaltzeko botoi erakargarri bat duela. Norbaiti buruz gaizki-esaka zabiltza, eta zuk nori bidaliko mezua nahi gabe… bada, iraindu berri duzun horri berari! Hori bai dela zuhurtzia-apurrik ez izatea!
Hutsegite horren aldean, ez da hain txarra Denei erantzun sakatu eta eraikin osoko jendeari jakinaraztea zergatik ez zoazen norbaiten agur-festara.
Honelako mezuek ere badute bere koska: “[zuriunea] maitea! Espero dut zu ondo moldatzea [zuriunea]-n. Hain berezi sentiarazten zaituzte!
Erantzuten ez duen bazter-nahaslea. Mezu elektronikoen faunako marrazoa da hau! Mezu bat bidali duzu, nahiko zehatza, eta erantzunaren zain zaude. Galdu egin ote da bidean? Aurkitu duzu mezua berriz bidaltzeko aitzakiaren bat. Erantzunik ez! Zer esan nahi du horrek? Ba al da inor bestaldean?
Are harrigarriagoak dira mezu-elkarrizketa baten erdian bat-batean erantzuteari uzten diotenak. Galdetzen dizute zerbait, zuk erantzun egiten duzu, elkarrizketari jarraipena emateko, eta hortik aurrera, erabateko isiltasuna. Itzali da irratia! Kaixoooo, erantzun, mesedez!
“Eskerrik asko”: hori da esaten zailena, eta ez “Sentitzen dut”. Nagusiak eskerrak eman dizkizu e-postaz. Nola erantzun bizkarrean jasotako txalo elektroniko horri? Onespen horren aurrean, begiek dir-dir egiten dizute. Baina zalantza sortzen zaizu. Nola erantzun? “Eskerrik asko” lehor batekin? Nagusia ere estimatzen duzula adierazten duen zerbait jarriz?; azkeneko hau idatziz gero, ez al duzu adierazten, argi eta garbi, zerbaiten premia duzula? Eta erantzuten pixka bat berandutzen bazara, bat-batekotasunaren xarma joango da, eta baliteke nagusiak zure erantzuna ikusi ere ez egitea… Eta hala zabiltzala, erantzun-mezua hutsik bidali diozu. Horra, lantokiko korridorean saihestu beharreko beste lankide bat!.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 11, 2017
Number: 18022714
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1608