Docutec Card

Baja, lan-kargak sortutako antsietateagatik

Estatuan lehen aldiz, lan-kargak eragindako antsietate-krisia lan-istripu moduan onartu dute. Osakidetzako Arrasateko langile bati gertatu zitzaion pasa den urtean eta epaitegietara jo ondoren, Eibarko epaile batek arrazoia eman dio langileari.

Zenbait erakundek diotenez, ez dago datu zehatzik baina sentsazioa da geroz eta estres maila handiagoa dutela langileek. Irratsaio honetan, sindikatu bateko ordezkari batekin hitz egin dute eta hainbat datu eskaintzen dituzte gai honen inguruan.

Irratsaioa osorik entzuteko, egin klik hemen.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA 1. Lan-kargak eragindako antsietate-krisia lan-istripu modura hartu behar da. Hala erabaki du Eibarko Gizarte arloko Epaitegiak eta honek aurrekaria ezarri du Espainiako estatuan; lehen aldia baita lanaren ardurak eragiten duen estresaren ondorio horiek lan-ezbehar gisara hartzen dituztenak. Oihane Yustos, ze ezaugarri ditu kasu honek? Egun on.
KAZETARIA 2. Egun on. Ba Osakidetzako langile bati gertatutakoa da. Arrasateko erietxean lan egiten du edo lan egiten zuen, Harrera sailean, eta antsietate-krisia izan zuen pasa den urtean. Nonbait, behin baino gehiagotan jakinarazi zien bere lan-arduradunei bere lan-kargak onargarria zen muga gainditu zuela, ezin zuela gehiago. Baina egoera ez zen aldatu, eta 2016ko irailean antsietate-krisia izan zuen. Langileak lan-istripu moduan hartzea eskatu zuen, baina ez zioten kasu handirik egin eta, azkenean, epaitegietan amaitu da auzia. Orain egun batzuk ezagutu dugu Eibarko Gizarte arloko epaile batek erabaki duena: lan-kargak eragindako antsietate-krisia lan-ezbeharra dela.
 KAZETARIA 1. Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuak eraman du kasu hau epaitegietara eta sindikatu horretako arduradunekin hitz egin dugu. 
KAZETARIA 2. Comisiones Obrerasetik diote agerian gelditu dela Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoan ez dituztela prebentzio-neurriak hartzen. Antsietate-krisi eta, oro har, arrisku psikosozialen inguruan estrategia-falta ikusten dute.
CCOO. Gure ustez, Osakidetzak egin behar duena ba lan-arrisku psikosozialen kudeaketa bat da. Legez, derrigorrez egin behar dute. Legez derrigorrezkoa da kudeaketa hau egitea, baina momentuz ba Osakidetzan ez dute egin. CCOO sindikatutik askotan eskatu dugu, baina momentuz Osakidetzako langileek ez daukate bere kudeaketa. Eta hau ez dagoenez, ba zaila da ere prebentzio-neurriak jartzea.
KAZETARIA 2. Ez da administrazio publikoan bakarrik gertatzen, enpresa pribatuetan ere ikusi dute kontzientziazio falta.
CCOO. Enpresa pribatuetara ere guk salaketa hau, hauek egiten ditugunean Lan-ikuskaritzaren aurrean ba askotan Lan-ikuskaritzak ikusten duena hori da, lan-arriskuen edo arrisku psikosozialen kudeaketa ez dagoela toki askotan, enpresa askotan. Eduki behar dugu diagnostikoa-edo zer gertatzen ari den, edo zein motatako arazoak dauden, eta bai, noski, hori jakinez gero, ba jartzen dira prebentzio-neurriak. Kasu bakoitzerako bereziak izango dira, noski!
KAZETARIA 2. Horregatik gero eta gehiago dira antsietate eta laneko estresa dutela esaten duten langileak. Argitaratu diren azken datu ofizialek diote, Europa mailako datuek diote, estresa dela langileek salatzen duten bigarren arazo nagusia, lehendabizikoa giharretako arazoak omen dira. Bigarrena, estresa. 
ESENER, Europa mailan egiten den arriskuei buruz egin den inkestan beste hau ere ikusi dugu. Galdeketa erantzun dutenen erdiak baino gehiagok, %51ak dioela estresa ohikoa dela bere lanpostuan; eta gehienek esaten dute lan-ordutegiengatik eta lan-kargarengatik sortzen dela estres hori. Langile hauei erreta dauden langileak esaten zaie. Eta udara aurretik ezagutu genuen ESENER inkesta horrek zehazten ditu zeintzuk diren estresa izateko arrisku gehien duten lanbideak: zerbitzuak eskaintzen dituztenak, osasun-arlokoak, irakasleak, hegazkin-kontrolatzaileak eta garraio-gidariak. CCOO sindikatuan egin dugu galdera eta Alfonso Ríos lan-osasun arduradunak ziurtatu digu geroz eta langile gehiagok jotzen dutela eurengana. Antsietatea eta krisia ere salatzen dute. Izurrite gisara definitu du berak gertatzen ari dena. Horregatik uste du Eibarko Epaitegiaren epai hau aurrekaria izango dela eta bidea irekiko diela beste hainbat langileri.             
 

Gaiarekin lotutako lexiko eta espresioak

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 19, 2017
Number: 16163232
Source:
Duration: 00:03:31
Number of visits: 2202