Docutec Card

Amaia Donés: "Askotan galdetu didate Bartzelonakoa naizen"

Arabarra da Poloniako Poznaneko Adama Mickiewicza unibertsitateko euskara-irakurlea. Amaia Donés Mendiak (Gasteiz, 1987) bost urte darama Europako herrialde horretan. Euskal Herrian baino hotzagoak dira neguak inguru hartan; baina bestelako sasoiak antzekoak dira. Antzekotasunak ez dira hor bukatzen, Polonian ere patateroak dauzkate.

Zer egiten du irakurle batek? Zein da bere lana?
Irakurlea unibertsitateko irakaslea da. Normalean, doktoretza-gradua ez daukan irakaslea da, eta, euskararen kasuan, euskara-irakasleak gara. Euskara irakasten dugu atzerriko unibertsitateetan. Gure kasura ekarrita, euskara irakasten du. Horretaz gain, ekintza kulturalak ere antolatzen ditugu.

Euskara-eskolak euskararen eremu geografikotik kanpo ematen dituzu. Zehazki, non?
Polonian nago, zehazkiago, Poznan hirian. Poznan Polonia erdialdean dago. Mapan Alemaniatik gertuago dago Errusiatik baino. Berlinetik hiru ordura gaude.

 

Amaia Dones euskara-irakurlea, bere ikasleekin iaz antolatutako Euskal Astearen ekitaldi batean. (Argazkia: Dni Baskijskie )

Etxepare Institutuak dauka euskara-irakurleen programaren ardura. Zer egin behar da irakurle izateko?
Etxepareren beka lortzeko deialdira aurkeztu nintzen. Deialdia irakurletza bat hutsik geratzen denean zabaltzen dute. Orduan, proiektu bat aurkeztu behar da, curriculumaz gain. Hiru pertsona pasatzen dira hurrengo fasera. Azken aukeraketa unibertsitateak berak egiten du. Ikastaroak: bai, egin behar dira, baina geroago. Bestalde, EGA beharrezkoa da. Hiru urterako kontratuak egiten dizkigute. Aurten hartu beharko dut erabakia: Polonian geratu ala Gasteizera bueltatu.

Ikasleek edukitzen al dute euskararekiko jakin-minik, edo ikasgai maria gisa hartzen dute?
Ez, euskara ez da maria bat, kar-kar-kar. Ikasgai zaila da. Nire kasuan, behintzat. Nik bi karreratan irakasten dut. Batetik, Etnohizkuntzalaritza; hor ikasleek hizkuntza nagusi bat ikasten dute. Hori ingelesa edo alemana izaten da, eta gero aukeratzen dute indoeuroparra ez den hizkuntza bat. Horren helburua da praktikan ikustea teorian ikasitakoa. Ikasleek hizkuntza asko dituzte aukeratzeko, eta tartean euskara dago. Nire beste ikasleek espainiar filologia ikasten dute. Horiek derrigorrean ikasi behar dute iberiar penintsulako bigarren hizkuntza bat. Normalean, bigarren mailan aukeratzen dute ikasgai hori. Beraz, ikasle hauek badakite euskara zer den, eta badakite zergatik aukeratzen duten euskara.

 

Eskolaz kanpoko ekimenetan ere parte hartzen dute hainbat irakurlek; Euskal Astearen barruan, esaterako, euskal dantzak ezagutu dituzte Polonian. (Argazkia: Dni Baskijskie )

Eta, oro har, poloniarrek ba al dakite zer den euskara?
Badakite, baina gaizki dakite. Hau da, euskara irakasten dudala esaten dudanean, askotan erantzuten didate: “Ah! Hori gaztelaniaren antzeko hizkuntza da!”. Orduan badakite zer den euskara, Iberiar penintsulan hitz egiten den hizkuntza, baina euskara zer den gaizki dakite. Askotan galdetu didate ea Bartzelonakoa naizen. Ezetz esatean, hori Katalunia dela esatean, orduan galdetu egiten dute ea Euskal Herria eta Katalunia urrun dauden.

Nolako jarduerak egiten dituzu ikasleekin?
Jarduerak antolatzen ditugu, baina gure lana irakastea da. Nahi dugulako egiten ditugu eskola-orduetatik kanpo, eta, gainera, urte batetik bestera asko aldatzen dira. Horretarako, ikasleen konpromisoa behar dugu. Urte batetik bestera asko aldatzen dira jarduera horiek, baina zinema emanaldiak, hitzaldiak, hizkuntza-tailerrak, jardunaldi kulturalak eta antzekoak egiten ditugu.

 


Euskara ikasleek kantuak erabiltzen dituzte euskarara zein euskal kulturara gerturatzeko. (Argazkia: Dni Baskijskie )

Zein mailatara iristen dira zure ikasleak?
Gehienak azalekoan geratzen dira, noski, gehienek urtebetez bakarrik ikasten dutelako. Baina, gutxi batzuek aurrera jarraitzen dute. Euskal Herrira joaten dira. Erasmus bekarekin joaten dira, batez ere. Asko aurreratzen dute uda aprobetxatzen badute barnetegiren bat egiteko.

Zenbat denbora daramazu Polonian? Polonieraz hitz egiten ikasi duzu?
Bost urte daramat, eta bai, ikasi dut. Etorri baino lehen, banekien pixkatxo bat. Nik itzulpengintza ikasi nuen unibertsitatean, eta poloniera-eskolak jaso nituen. Baina, hona iritsi nintzenean gutxi egiten nuen polonieraz.

Polonieraz gain, beste hizkuntzaren bat hitz egiten dute Polonian?
Galdera polita eta zaila da hori. Hizkuntza eta kultura aldetik, Polonia oso zentralizatuta dago; adibidez, oso dialekto gutxi daude, eta, gainera, dialektoak ez dituzte zaintzen. Nahiko homogeneizatuta dago Polonia osoa, baina badaude hizkuntzak. Ezagunenak bi kasu dira. Iparraldean kaxubiarrak bizi dira; beraiek hizkuntza eta kultura propioak dauzkate, baina oso babes gutxi daukate. Eta hegoaldean silesiarrak daude, horiek silesieraz hitz egiten dute, baina ez dute gehiegi zaintzen. Hizkuntza hauek ez dira ofizialak.

Nolakoa da Poznan?
Niri Poznan oso hiri handia iruditzen zait. Ni gasteiztarra naiz, eta hona iritsi nintzenean esan nuen: “Zer da hau?”. 700.000  biztanle ditu; baina, era berean, Poznan oso hiri erosoa da, eta oso garraio publiko onak daude, tranbiak batez ere. Horrez gain, badago asko harritu ninduen zerbait: parke ugari daude hemen.

Nolakoak dira Poznaneko biztanleak?

Estereotipoak aipatuko ditut, oso politak direlako. Gainerako poloniarrek esaten dute Poznaneko biztanleak katalanen modukoak direla; hau da, ez dutela dirua erraz askatzen... Nik ez dut hori ikusi, baina estereotipo hori egon badago. Bestetik, patateroak-edo esaten diete, eta ni arabarra izanik... oso estereotipo polita iruditzen zait. Bestela, nik esango nuke jende jatorra dela, eta interesgarria.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Poznan-en Euskal Astea antolatu ohi duzue.
Bueno, hola... e... beti, beti, beti egoten dira ikasleen hitzaldiak. Orduan hori aukera polita da, ikasleek ere beraien pasio bati buruz-edo hitz egiteko. Gainera, beste... unibertsitate barruan izaten ohi da, eta orduan ikaskideei kontatzeko. Hori beti egoten da, e... janari eta ardo dastaketak ere bai... bueno, hemen nafar bat daukagulako ardoa saltzen duena hemen Poznanen, eta orduan bere tabernan beti antolatzen dugu ardo eta janari dastaketaren bat, eta gainerakoa urterik urte aldatzen da. Orduan, batzuetan antzerkiak antolatzen dituzte ikasleek, zine-emanaldiak beste batzuetan... dirua dagoenean, bada Euskal Herritik gonbidatu izan ditugu artistak kontzertuak eta abar egiteko... gainerako urtetik urtera aldatzen da. Eta hola gauza kurioso bat esatearren, e... iaz... bueno nik hemen baditut lagun batzuk ipuin kontalariak direnak. Eta beraiek txundituta zeuden bertsolaritzarekin, eta orduan esan zidaten nahi zutela polonieraz bertsolaritza egin. Eta nik esan nien hori ezinezkoa dela, ez dela posible. Eta gainera ni ez naizela bertsolaria eta nik ez dakidala nola irakatsi bertsotan aritzen. Eta esan zidaten: “bai, bai, bai... eta bueno; bideoak ikusiko ditugu, informatuko gara eta egingo dugu”. Eta egia esan, oso-oso emanaldi polita egin zuten, polonieraz. Orduan, lau bertsolari zeuden, publikoak jartzen zizkien gaiak eta oso polita izan zen, ez? Orduan, hori iaz egin genuen; urtero ezin da errepikatu baina merezi du kontatzeak.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment