Docutec Card

Baserria, familiak eta euskaldunak batzen dituen lokarria

San Isidro eguna ospatzen dute gaur baserritarrek. Zein da, baina baserriaren esanahia eta jatorria?

Baserria ez da eraikin mota bat soilik, mendeetan zehar familia askok bizirik irauteko oinarrizko gunea izan da. Bere historia ez da hain zaharra, XII. eta XIII. mendeetan eraiki baitziren lehen baserriak.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria.- Basa- aurrizkia erabiltzen dugu zibilizatu gabekoa, natura, lurra adierazteko. Adiera zabalean, landa esan nahi du. Herri-osagaia gehituta, baserri hitzak lurra eta etxea, herria lotzen ditu, bizi garen tokia adierazteko.
Baserri hitzak, beraz, historian oso atzera garamatza, guretzat beti hor egon diren osagaiekin, gure etxea eta gure lurra.
Hainbat familia batu dituzten eta gaur egun ere batzen dituzten lokarriak.
Baserria da Mendexako Martin eta Idiazabalgo Olagariakoak batzen dituen lokarria edo Pirinioen bi aldeetako euskaldunak lotzen dituena.
Sarako Miren eta Urdazubiko Xabier, adibidez.
Baserria da gure herriaren bihotza eta, agian, hala izango da etorkizunean ere.
Maria Jesus Intsausti.- Baserritar baten bizimodua da bizitzeko era bat, bizitzeko era bat naturarekin oso lotua, sakrifikatua? Ba, baita ere, sakrifikatua da.
Mirentxu Azkarraga.- Baserri hori da nire arbasoena eta niretzat sinbolo bat zen, halere, baserrian lan egitea eta segitzea baserri horrek bizitzen.
Xabier Bengoetxea.- Nik erabaki nuen baserrian aritzea ikasketak bukatu nituelarik, eta banuen aukera bertze edozein bezala fabrika batean lan egiteko edo horrela, baina nik nahiago nuen hau, nire betiko ametsa zen nire artaldearekin aritzea eta hemen segitu egin nuen.
Esataria.- Mirentxu eta Xabier dira, besteak beste, gure baserrietako aurpegi batzuk gaur egun. Baserrien jabeak eta baserrietan bizi direnak. Euskal Herri osoan topa daitezke halako baserriak, hainbat izenekin: baserria, etxea, borda, jauregia, maison.
Ezaugarri desberdinak dituzte, baina bihotz bera. Baserria ez da eraikin mota bat soilik, berez, baserria mendeetan zehar familia askok bizirik irauteko oinarrizko gunea izan da. Familia askoren hainbat belaunaldi baserriaren inguruan jaio eta bizi izan dira. Kasu askotan, familia eta etxearen arteko lotura ezinbestean nabarmendu da, etxe izenetan edo familia-abizenetan ikus daitekeen bezala.
Inazio Izagirre.- Ba, oraindik egun asko ez dela, ekarri dute notizia Izagirre gaituk gu eta Zumarragan omen huen Izagirre baserria, hortik banatutakoa dela esaten dute, Izagirre. Eta hemen bertan ia 300 urte Izagirre, aitarengandik semearengana.
Manuel Bengoetxea.- Ni naiz Manuel Bengoetxea Suas, Urdazubin, bueno, Urdazubiko herria eta etxe-lekua, hemen bertan sortua, bertan etxean berean, ez klinikan eta, etxean, etxean.
Ana Mari Bengoetxea.- Ni naiz Etxelekuko alaba eta bizi naiz hemen. Egon nintzen txikitatik hemengo bizia ezagutu dut, bakarrik egon naiz ikasten kanpoan, han egon nintzen ikasten eta gero lanean ere bai, baina hemengo… etxea beti, ez dakit nola erran, baina deitzen ninduen eta hango lana utzita etorri nintzen etxera etxeko moduan bizitzeko.
Niri, Baztanen edo nonahi nire izena egiteko orde, igual Etxeleku, eta hor, Etxeleku. Hori segitzen da horrela erranez.
Esataria.- Etxea, Etxeberri, Bengoetxea, Perunea, artzain-enea, etxeak izen bihurtu dira eta familiak etxe, betidanik lotuta baleude bezala.
Baserriaren historia ez da hain zaharra, ordea. Baserria etxekoen bilgune nagusi gisa Erdi Aroan azaldu zen, XII. Eta XIII. mendeen artean. Gaur egun, oraindik ere hala da bailara askotan.
Gaur egun ezagutzen ditugun baserriak karez eta harriz eraikiak, XV. mende inguruan altxatu ziren, orain dela 500 bat urte, eta ordutik hona gure paisaiaren zati bihurtu dira.
Alberto Santana.- Baserriak Euskal Herriko Atlantikoko laborarien jatorrizko etxeak dira. Duela, gutxi gora behera, 500 urte sortu ziren. Aurretik, baserritarrak etxoletan bizi ziren.
Esataria.- Baserria familiaren sostengurako erakunde gisa eraikina bera baino lehenago sortu zen, orain dela 1000 edo 1200 urte.
Geroago, Erdi Aroan, beste eraikin mota bat sortu zen Euskal Herrian, dorretxea.
Alberto Santana.- Dorretxeak jauntxoen etxeak ziren, XIV. mendearen bukaeran sortu ziren eta 150 urte inguru iraun zuten.
Esataria.- Bada egungo baserriak dorretxeetatik datozela defendatzen duenik ere. Egia da bi eraikinek zerikusia dutela. Izan ere, dorretxe asko denborarekin baserri bihurtu dira.
Maria Jesus Intsausti.- Gure baserriak badu armarri bat eta armarri hori Iztueta izeneko armarria da. Gure abizena Insausti da eta gure lehenengo arbasoa baserri honetara 1.714an iritsi zen eta etorri zen Olaberriatik eta orduan badirudi Iztuetatarrek ba baserri hori saldu egin zutela, eta lehenengo Insausti arbaso horrek ba erosi zuen baserria. Eta geroztik, orduan ere ba animaliekin eta lurra landuz lan egiten hasi ziren eta gaur egun ere, bertan berdin jarraitzen dugu, ezta?
Esataria.- Iztuetarena bezalako kasuak Euskal Herriko hainbat lekutan topa ditzakegu. XVII. Eta XVIII. mendeetako baserriak familia bereko hainbat belaunaldiren bizilekuak.
Baserri zaharragoak ere, XV. mendekoak, zutik daude, denboran zehar egindako berrikuntzek itxura aldatuta.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria, adibidez, berreraiki eta museo bihurtu da, garai bateko itxura gogora ekartzeko.
Han argi ikusten da etxea nola antolatzen zen. Alde batetik, familia bertan hartzeko eta bestetik, abereak eta uztak gorde ahal izateko.
Alberto Santana.- Orain dela 200 urte arte ia baserri guztiak lau zatitan banatzen ziren. Beheko solairuan, aurreko aldean, etxebizitza eta atzeko aldean ukuilua edo korta. Eta goiko solairuan, goiko pisuan, aurreko aldean ganbara eta atzeko aldean mandioa edo lastategia.
Esataria.- Igartubeiti baserriak, hala ere, ez dio bere kabuz bakarrik eutsi denboraren joanari. Orain urte batzuk baserria guztiz eraitsi zen eta azpiegitura osatzen zuten 500 piezak banan-banan muntatu ziren berriro, XVII. mendean zuen itxura berreskuratzeko. Ordurako, baserri gehienei bezala, berritze-lan asko egin zitzaizkion, betiere, baserritarren beharrei erantzuteko.
Mende askotan, nekazariak aberatsen dorretxe eta jauregien inguruko etxoletan bizi izan ziren. Inguruan egoten ziren eraikin komunak ere: errotak, burdinolak eta garaiak.
Egurrezko etxola horiek galdu egin ziren, haiek zeuden orubeetan nekazari dirudunek baserriak eraiki zituzten eta askok etxolaren izen bera eman zieten.
Baserria, beraz, aberatsen luxua izan zen hasiera batean, baina azkar bihurtu zen aurrerapenaren ikur. Etxe duina edukitzeko aukera eman zien euskaldunei, belaunaldiz belaunaldi igaroko zen etxea.
Maria Jesus Intsausti.- Gure baserriak… 1948. urtean berritu egin zen baserria eta bazituen bi dorre, orain ez dituenak. Berritu zenean badirudi, ba, dorre horiek ez zutela ezertarako balio, konpondu beharra zeuden, eta diru… pentsatzen dut diru asko kostatuko zela, orduan, dorreak bota egin ziren. Garbi dago gure baserria garai batean dorretxe bat zela, dorretxe bat zela eta ziurrenik, leku estrategiko batean dagoenez, ba, bailara guztia zaintzen zuen dorretxe bat izango zen. Noski, dorretxe horretan bizi ziren garai hartan, ba, ez ziren baserritik biziko, izango ziren, ez dakit ba, gerra-gizonak izango ziren edo… suposatzen dut nik.
Esataria.- Etxola, dorretxe, jauregi nahiz baserri, eraikina eta orubea irautea familiaren esku egon izan da, eta herentzia izan da horretarako bermea.
Martin Aranzamendi- Herentzia batetik dator mila, zortziehun eta piko burua, beti herentzia modura. Nik ezagutu nuen nire aitita eta bisabueloa ez nuen ezagutu, baina, o sea, nire aititak utzi zion nire aitari eta nire aitak utzi zidan niri. Ze beti, baserri honek beti eduki du, orain arte, behinik behin, herederoa, ez da izan emakumea, beti izan da gizonezkoa. Bueno, aurrerago badago horrelako istorial bat hartu nuen Zubigarai gainekoa, baina ez naiz akordatzen ondo… erosi zuen, nire aititaren aitak edo… nire aititak edo erosi zuen. Harrez gero, beti gaude Aranzamendin.
Mirentxu Azkarraga.- Badakit nire amatxiren amatxi Indianoen Borda etxea, donc etxaldeak  Indianoen Borda izena du, eta jadanik hor bizi zen, ja bi ziren jadanik eta bon, gero nire aitatxi eta amatxi ere etxe horretan, Indianoen Bordan ziren eta laborariak ziren, lehengo moduan zuten… ez zen hautatzen, horretan sortzen zinen baserrian eta baserrian lan egiten zenuen.
Esataria.- Loibe Goikoa, Martinen baserria, edota Mirentxuren Indianoen Borda, Atlantiko aldeko baserriak dira. Harriz eta egurrez eginak, bi isurialdeko oso teilatu inklinatua dutenak, Nafarroa Beherean, Lapurdin, Gipuzkoan eta Bizkaiko hainbat tokitan daude.
Horrelakoak dira baserri gehienak, baina ez denak. Baserri mota anitz topa ditzakegu eta ondasun arkitektoniko zabala osatzen dute.
Alberto Santana.- Hainbat baserri mota daude, nahiz eta ezaugarri komunak eduki. Azkenean, familia zabal bat osatzen dute baserriek.
Sailkapena elementu ezberdinak kontuan izanik egin dezakegu: garaia, eraikuntzan erabilitako materialak, lanaren arabera, kokapena edo eta zein bizi zen bertan, maizterrak edo nagusiak edo jabeak edo edozein. Baina, oro har, 25 bat baserri mota ezberdintzen ditugu.
Esataria.- Errenazimentu garaiko baserriak zurezkoak, arkupedun ezkaratza edo zutoinezko zurajea zutenak. Arkitekturari eta aroari begira, irtenbide diferente asko aurkitzen ditugu, betiere, lurrak eskaintzen zituen materialak nahasteko aukera  anitzak erabiliz garai historiko guztietan.
Oinarrizko hiru osagai: haritz-zura, kare-harria eta teila edo adreilu bihur zitekeen buztina eta zenbait teknika behar bezala uztartuta, era askotako baserriak eraiki izan dira.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 23, 2014
Number: 1580045
Dialect:
  • Nahasia
Duration: 17:23
Number of visits: 11466