Docutec Card

Jendaurrean bularra emateak eztabaida piztu du

Gisele Bündchen brasildarra modeloa eta ama da. Sarean argazki bat jarri du: bere haurrari bularra ematen jendaurrean.

Argazkiak eztabaida berritu du sare sozialetan. Berritu, zeren gurean ere antzeko zalaparta sortu zen Bilboko Alhondiga eraikinean: bi emakumek uko egin zioten bertako edoskitze-gela erabiltzeari, eta hantxe, sarrerako aretoan  elikatu zituzten beren haurrak. Antzeko esan dugu, zeren ez dira kasu bera: modelo brasildarra lantokian ari zaio bularra ematen, orrazten duten bitartean, eta Alhondiga, berriz, aisialdirako leku zen ama bizkaitar horientzat.

 

Kontua da arazoak sortzen dituela jendaurrean bularra emateak. Irlandako Primark denda-kateak mesedez kalera irtetera gonbidatzen dituzte bularra ematen dabiltzan bezeroak. Denda eta taberna askotan ikusten da txartel bat: “Sartzeko baimena erreserbatua”. Txartel horrek dioena baliatzen dute denda batzuek zein sartu eta zein ez erabakitzeko. Baina Espainian legeak ez du debekatzen jendaurrean bularra ematea. Eta orain arte ez dugu esan, baina umeak, umeak ez al du gose den tokian eta unean elikatua izateko eskubiderik? Haurrak ez al luke esango: “Non gose, han ase?”
Nork du lehentasuna?

 

ALDEKOAK

 


 

Luisa Estankona ama da, erditzearen inguruko erabakiak amarenak direla dioen elkarte bateko kide. Luisak uste du amek eskubidea dutela nahi duten tokian haurrak elikatzeko, baita jendaurrean bada ere. Eta berak hori egiten du, alde batetik pentsatzen duelako jokabide horrekin eskubide hori indartu egiten dela; jokaera hori zera da, ados ez daudenei esateko modu bat: “honek ez dauka sexuarekin zerikusirik, bularra ematea ez da zerbait zikina eta ezkutatu beharrekoa”.  Eta bestetik, Luisak  uste du haurrak gosea duen tokian esnea hartzeko eskubidea duela. Haur jaioberri batek, adibidez, hiru orduz behin edo behar izaten du esnea. Horrek esan nahi du hanka-gorria edozein tokitan has  daitekeela eskatzen. Eta gainera, esaten du ama honek, bularra ematea ez dela elikatze-kontua soilik, une horrek amaren eta haurraren arteko harremana sendotzen duela, alderdi afektiboa ezin dugula ahaztu. “Inori ez zaio burutik pasatzen ordutegi bat jartzea besarkadak emateko, edo musuak. Hau ere berdin: haurrak behar duenean  eskatu egiten du, eta nik eman egiten diot”.

Eta zer gertatzen da edoskitze-gelekin? Alhondigan, adibidez, badago, baina aipatutako bi ama horiek ez zuten gela erabili nahi izan. Luisa ere iritzi berekoa da, uste du amek erabaki behar dutela gelak erabili nahi dituzten ala ez. Gainera, gela horiek ez dira beti egokienak izaten bularra emateko, txikiak izaten dira, ez dago eserleku erosorik… Beraz, ez zaio ondo iruditzen amak gela horiek erabiltzera derrigortzea.  Eta aldiz, ondo iruditzen zaio Alhondegiakoa gertatu ostean Bilboko udalak hartutako erabakia, esanez udalari atxikitako leku publikoetan amei trabarik ez jartzeko beren umeari bularra eman nahi badiote.  Eta ez du ulertzen, esaterako, bere lagun Susanari gertatu zitzaiona, ze begiratu gaiztoak batzuek, hasi zenean autobus batean bere semeari titia ematen!

 

AURKAKOAK

 


 

Jaione Txintxurreta ere ama da, jendaurreko edoskitzea arautu beharra ikusten duen blog baten jarraitzailea. Jaionek fular bat eramaten omen du, umeari jendaurrean titia ematen dionean disimuluan egiteko: “Egoeraren arabera erabiltzen dut. Ikusten badut inguruko norbait, duen pentsaerarengatik, edo erlijioagatik, deseroso senti daitekeela, ez zait batere kostatzen fularra erabiltzea. Gertatu zait ere, ni hasi baino lehen beste ama bat aritzea toki berean bularra ematen lasai-lasai, eta horrelakoetan ez naiz hainbeste larritzen, baina hala ere, galdetu egiten dut edoskitze-gelarik dagoen; nahiago dut galdetu, bada ez bada ere”. Beste arrazoi bat ere azaltzen du ama honek: “Azkenerako ohitu egiten zara bularra ematera, baina izatez une hori oso berezia da, intimitateari lotutako ekintza bat, ni eta haurra, eta horrelakoetan ez zait gustatzen inor begira izatea. Alegia, neu sentitzen naizela deseroso. Beraz, saiatzen naiz, ahal bada, leku aparteko batera joan, eta lasai ematen bularra. Ez zaizkit begi-luze voyeur-ak atsegin, ez hondartzan, eta are gutxiago toki itxi batean”.

Jaione asko bidaiatutakoa da, eta leku askotako lagunak ditu. “Baditut fularra eramatea ulertzen ez duten lagunak, baina baditut ama diren beste lagun batzuk ere, eta batzuek inoiz ez diote beren umeei titia eman jendaurrean, ezinegona sortzen zaielako. Beraz, beraiekin nagoela Lukas bular-eske hasten bazait, saiatuko naiz biontzako leku trankila aurkitzen, eta ezin bada, ba lehen esan dudana, fularra atera, umea tapatu apur bat, eta listo. Fularra ateratzen badut lagunek eskertzen dute, kontra daudenek esan nahi dut, jabetzen dira beren jokatzeko modua errespetatzen saiatzen ari naizela. Ez dira integrista horietakoak ere”.

Ama honek hitz bat darabil behin eta berriz: enpatia: “Herbeheretan eta Austrian bizi izandako ahizpa bat badut. Toki hauetan enpatiara jotzen da horrelako gaietan, bizi eta bizitzen utzi. Euskal Herrian ere ari dira gauzak aldatzen, baina oraindik bada jende-mota bat gaizki esaka aritzea atsegin duena, fularra badarabilzu erabiltzen duzulako, eta erabiltzen ez baduzu, erabiltzen ez duzulako. Kritika txar gutxiago eta enpatia gehiago eskatuko nuke. Enpatia baita ere kontra dauden horiekiko, edo gauzak disimuluan egiten ahalegintzen garenekiko. Nik bularra agerian jartzen dutenak errespetatzen ditut, gauza bera nahi nuke niretzat”.     

Bularra jendaurrean emateko kontu honetan beste zerbait ere aipatu behar da: hainbat feministak uste dute bizpahiru orduz behin titia eman beharra lotura handia dela amarentzat, lotura zentzu txarrean, eta nahiago dute biberoia. Hala, biberoiarekin, aita ere inplikatu egiten da umearen zaintzan. Hau da, kontua ez da bularra non eman, baizik eta hain maiz eman beharrak amari sor diezaiokeen traba, lana eta edoskitzea uztartzeko arazoak…  Eta jakina da biberoian ere eman daitekeela  amaren esnea.

 

 

Kontuak kontu, feminista askok gogor kritikatu dute Gisele Bündchen modelo brasildarra. Diote modelo hauek oso aberatsak direla, baina oso, eta ez direla pertsonarik egokienak inori aholkuak ematen hasteko, beren bizimoduak zerikusi gutxi duelako jende arruntarekin.  Oso ama gutxik eraman dezakete lanera beren umea eta han, denen aurrean,  bularra eman. Oso gutxik.   

Eta zuk, zer diozu?
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 27, 2014
Number: 1559578
Number of visits: 5120